Izaskun Landaida Larizgoitia.

Jaietan, ez zaitez pasatu, ezta pasatzen utzi ere

2013ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Garai honetan, jaiak dira herri askotan. Asko eta askorentzat, ondo pasatzeko egunak heldu dira, lagunekin elkartzeko egunak, jaiaz gozatzekoak. Egun hauetan askatzen dira urte guztian usadioak eutsi dien sentimendu asko; pozez eta emozioez zoratzeko egunak dira. Baina, era berean, muturreraino eramaten diren egunak dira eta agerian geratzen dira, inoiz baino argiago, gure gizartetik baztertu nahiko genituzkeen jarrera batzuk.

Jaiak lotuta daude balioen munduarekin, jaiek erreproduzitzen dituzte gizarte-ordena, botere-harremanak eta, beraz, bizitzan zehar gertatzen diren bereizkeriak jaietan ere izaten dira, batzuetan, modu ikusgarriagoan. Jaietan ere islatu behar da berdintasunezko gizartearen aldeko borroka, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizartea. Ez alkohola, ez jaia bera, ez dira aitzakia emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harremanak berdintasunezkoak ez izateko, emakumeak sexu-objektu gisa tratatzeko, edo zenbait tokitan segurtasun eza edo beldurra sentitzeko.

Aste honetan, emakume askok eta, nire ustez, gizonezko askok ere, urdailean ziztada bat sentitu dugu San Fermin jaietako argazki batzuk ikustean; horietan, gizonezko batzuek erdi biluzik zeuden emakumezko gorputzen kontra jotzen zuten titiak ukitzeko, prakak jaisteko…, eta irudiok mezu hau itzultzeko arriskua dute: jaietan lizentzia dago nahi dena egiteko emakumeen gorputzarekin eta, emakumeak hori baino gehiago ez gara, gorputz horiek atsegin izateko daude, ukitzeko, erabiltzeko. Ezin dugu ahaztu zein testuingurutan gertatzen diren ekintza horiek. Ezin dugu ahaztu jaiak, askotan, sexu-erasoetarako toki aproposak bihurtu direla; eta egun hauetan ikusi ditugun irudiek ez diote batere laguntzen erakunde eta gizarte-mugimenduek egiten duten lanari, hain zuzen, erasorik eta jarrera matxistarik gabeko jaien eta gizartearen alde egiten dutenari.

Erasorik gabeko jaiak nahi ditugu, baita horiek sustatzen dituen jarrerarik gabekoak ere. Ez dugu inor pasatzea nahi, ezta inork paso egitea ere, ezta inork bestaldera begiratzea. Hortaz, jarrera aktiboa eskatzen dugu emakumeak errespetatzen ez dituen edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra. Gure jaietan berdintasunezko harremanak egotea nahi dugu, bi alderdiek onetsiak, non emakumeek jaia eta eremuak partekatzeko gizonezkoek duten eskubide bera izango duten, haien segurtasuna eta eskubideak bortxatuak izan gabe. Horrenbestez, pertsona guztiak, gizonezkoak eta emakumezkoak animatu nahi ditut, jaietan jarrera proaktiboa erakuts dezaten emakumeen eskubideei eraso egiten dieten jarrera matxisten kontra; era berean, aprobetxatu nahi dut tokiko erakundeak eta mugimendu feministak animatzeko eta zoriontzeko, hainbat kanpaina eta ekimen abian jartzen baitituzte, jaietan erasoak saihesteko. Emakundek, sortu zenetik, lan egin du emakumeen kontrako indarkeria mota guztiei aurre egiteko beharrezkotzat jotzen duen balio-aldatzearen alde; ondo baitaki, alegia, emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpen guztiei amaiera emateko gizartean eremu pertsonalari eragiten dizkioten jarrerak sustatu behar direla.

Eguneroko bizitzan eman behar diren balio aldaketa hauen oinarrian, eragin handia dute komunikabideek, eta, dudarik gabe, hezkuntzak. Horregatik, aipatu nahiko nuke Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila lantzen ari den Hezkidetza eta genero indarkeria prebenitzeko plana. Plan estrategiko bat izateak esan nahiko du koordinaziorako tresna oso garrantzitsu bat izango dugula esku artean eta, horrekin batera, berdintasunaren sustatzea modu sistematiko batean txertatuko dela hezkuntza sistema osoan. Bestetik, berdintasuna eta indarkeriaren prebentzioan elkarlanak duen garrantzia azpimarratu nahiko nuke, eta, beste batzuen artean, gazteen artean sexismorik gabeko jarrerak lantzeko Beldur Barik programaren indarra adibide bat da.

Orain arte egin den lana eta oraindik egin behar dena kate bat dela nabarmendu nahian, Emakundek orain dela hamar urte baino gehiago erabili duen lelo zaharra jasoko dut gaur: Jaietan ere, berdintasuna. Ez zaitez pasatu, ezta pasatzen utzi ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.