René Cassin Sariaren epaimahaiak Francesca Albanese NBEko Palestinako Lurralde Okupatuetako Giza Eskubideen Kontalariari eman dio 2025eko edizioko saria. Hautagaitza hori SEADen Lagunen Elkartea, Paz con Dignidad-Omal eta Euskal Herriko BDZ erakundeek batera aurkeztu dute, eta 118 erakundek eta 1.200 pertsonak baino gehiagok babestu. Hautagaitzak aitortu nahi izan du Albaneseren irmotasuna Israelgo estatu sionista Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko orduan, eta haren adorea genozidio hori posible egiten duten eragile politiko eta ekonomikoak jomugan jartzeko orduan.
Albanese nabarmendu da, besteak beste, genozidioari etekina ateratzen eta laguntzen dioten enpresen jarduera salatzeagatik, eta horrela jaso zuen Okupazioaren ekonomiatik, genozidioaren ekonomiara izeneko txostenean. Txosten horrek, besteak beste, CAF trengintza enpresaren jarduera jartzen du jomugan; izan ere, Beasaingo konpainia 2019tik ari da Jerusalem ekialdeko kolonizazioari iraunkortasun bermea ematen dioten azpiegiturak eraikitzen. Txosten horren ondorioz, gainera, NBEk berak Palestinako kolonizazioari laguntzen dioten enpresen datu basean sartu du CAF.
Aste honetako sari banaketaren harira, Euskal Herriko BDZ mugimenduak hauxe adierazi nahi du:
Batetik, sari honek zilegitasun bermea ematen diola mugimenduaren aldarrikapen historiko bati; izan ere, egiaztatutzat ematen du Albaneseren tesia, alegia, CAF konpainiak Jerusalemen darabilen proiektua etikoki gaitzesgarria izateaz gain, ilegala ere badela nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik, eta ezinbesteko laguntza ematen diola Israelgo proiektu kolonialaren behin betikotasunari.
Bestetik, sariak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzaren zinismoa; izan ere, CAF enpresa NBEren datu basean sartu izanaren erantzule nagusia saritzen duen bitartean, konpainia diru publikoz hornitzen jarraitzen du, akzioen %3ren jabe baita. Horregatik, BDZk, Albaneseren hautagaitza bultzatu duten gainontzeko erakundeek bezala, uko egin dio sari ematearen ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Lehendakariarekin argazkia partekatzeari; izan ere, horrek inkoherentzia larria ekarriko zukeen, Jerusalemeko proiektu ilegala sostengatzen ari diren erakundeen aurpegi garbiketa ekarriko zukeelako.
Gauzak horrela, Francesca Albanesek giza eskubideen defentsan erakutsi duen jarrera irmo eta konprometitua txalotzeaz gain, exijitu behar diogu Eusko Jaurlaritzari hartutako erabakiarekin koherentziaz eta erantzukizunez joka dezala, eta CAF konpainiari ematen dizkion funts ekonomikoak lehenbailehen eten ditzala, konpainia NBEren datu basean dagoen bitartean.