Duela hogei urteko ikuspegi politikoak dakarzkizuet.
Joaquin Navarro Estevan Almerian jaio zen, eta aldi batean Euskal Herrian epaile zibil izan zen. Honela definitzen zuen nazionalismo espainola: «Espainiar nazionalismoa tribu-buruaren nazionalismo tipikoa da, beste edozein nazionalismorekin bizitzea lortzen ez duena, beste edozein nazionalismoren existentzia ukatzen duena, eta abertzaletasunaz mozorrotzen dena, eta horren pean aurkezten da espainiar nazionalismoa»; «aizu, begira: zurea nazionalismoa da, eta nazionalismoa izateagatik baztertzailea da, eta nazionalismoa izateagatik, terrorismorako haztegi bat da. Baina gurea ez da nazionalismoa, gurea abertzaletasuna da. Eta abertzaletasuna denez, ez du zerikusirik nazionalismoarekin, ez da baztertzailea, integratzailea da, aglutinatzailea, zuzenean lotzen zaio gizalegeari, gizarte irekiari, etab. Hauxe da [Espainian] nagusi den diskurtsoa».(Pereira, 2004: 89)
Navarroren iritzian, zer gertatu zen trantsizioan? «Orduan, erreforma neofrankistan inspiratutako formulak oinarri zituen Konstituzioa aukeratu zen. Konstituzio baten ezaugarria da botere-kontrola ezartzen duela. Espainiako Konstituzioak ezarri ez du ezartzen, ezta botereen arteko banaketarik ere. Zatiketa teoriko hutsa baino ez da, eta ez kontrol eraginkorrarena (...)»; «...eta agian hobeto ulertuko da adibide zehatz batekin: Alderdien Legearen berrikuspena Batasuna legez kanpo uzteko. Baieztatzen ari naizenaren erakustaldi eta espektakulu ikusgarria izan zen. Diputatuen Kongresuak, hau da, botere legegileak, Legebiltzarrak, Gobernuari erregutzen dio Batasuna legez kanpo uzteko eska diezaiola —kasu honetan, exiji diezaiola— Auzitegi Gorenari. Estatuaren hiru botere teorikoak besarkada batean batzen dira». (91-93)
Gatozen Ibarretxerengana. Espainiak onartu beharra zuen Euskal Herria existitzen zela. Orain, politikoki hiru administraziotan banatuta zegoen: «Argi dago euskal herri bat dagoela, argi dago gainera hiru komunitate daudela, hots, hiru erabaki-eremu ditugula». Eta honako axioma hau: «Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako edo Iparraldeko euskaldunak guk geronek izan nahi duguna izango gara. Eta ikuspuntu horretatik, geuri baino ez dagokigu definitzea, hemen Erkidegoan, euskaldunok, beste euskal lurraldeekin zer harreman izan nahi dugun, eta gainerakoekin zer harreman izan nahi ditugun». (127-128)
Garai hartan, 2001-2005 legegintzaldian, gobernu koalizioa ez zen EAJ-PSEren artekoa, baizik eta EAJ-EArena, Ezker Batuaren babesarekin. Ildo horretan, Ibarretxek salatzen zion Madrili emandako hitza jan izana, autonomia estatutua bete ez izana. ETAren aurkako handiena bera zela garbi utzita, Madrilek onartu beharra zuen euskal gizarteak bere ordezkarien bitartez Gasteizko legebiltzarrean adosturikoa, zeren Madrildik beti esaten zitzaien euskal ordezkariei lehenik euskal herritarren artean jarri behar ginela ados, eta horrenbestez: «23 urtez arazoa gure artean konpondu beharrekoa dela esaten aritu ondoren, espero dut inori ez bururatzea Madrildik, gure artean errespetu demokratikoko akordio batzuk ezartzeko gai bagara, euskal gizarteak hartuko dituen erabakiak zalantzan jartzea. Edota, 'zuek jar zaitezte ados' esaka aritu ondoren, gerta al daiteke gu ados jartzea eta Madrildik esatea 'Bai, bai, baina guk ez dugu onartuko'?». (133)
Ibarretxeren proposamena ez zen Espainia apurtzeko —independentzia nahia amaitzeko gehiago—: «Ni planteatzen ari naiz estatu espainiarrean elkarrekin bizitzea. Hori bai, gu garena onarturik. Nazio bat garela, gure nortasuna dugula, gure hizkuntza, autogobernu maila zabala izateko eskubidea dugula, euskaldunek nahi dutena, eta, gainera, gure nortasuna dugula, bai denok bizitzen ari garen Europar Batasunaren esparruan, bai nazioartean. Eta horretarako ez dagoela [Espainiarekin] hautsi beharrik». (134)
Badakigu nola amaitu zen.
Gatozen Arnaldo Otegirengana. Euskal gatazka famatua honela ulertu behar zen: «Gatazka famatua da guk esaten dugula euskaldunak nazio bat garela, subiranotasuna Euskal Herrian dagoela, eta espainiarrek esaten dutela euskaldunok Espainiako herriaren parte garela, ez dugula subiranotasunik eta subiranotasuna Espainiako herrian dagoela (...)»; «egia da, gainera, borroka armatuaren eta errepresioaren eta abarren gertakariak jazotzen direla, baina konpondu beharreko gatazka nagusia da ea euskaldunok, portugesek bezala, espainiarrek bezala, zipretarrek bezala, lituaniarrek bezala, letoniarrek bezala, gure herriarekin zer egin nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugun. Hori da gatazka, eta, gaur egun, Madrilek beti egon den lekuan jarraitzen du: inposaketan, itxitasunean eta XXI. mendetik baino XIX. mendetik hurbilago dagoen pentsamendu moduko batean». (50-51)
Zer zioen Otegik Ibarretxe planaz? «Kritikoak gara Ibarretxe Planari dagokionez, guretzat funtsezkoa den gauza bat dagoelako: Espainiako legalitatean subiranotasun-esparru bat egin daitekeelako tesian tematzen jarraitzea, guretzat, gaur egun, herri honi gezurra esatea da. Denok dakigu hori ez dela posible. Hortik abiatuta, planteatzen duguna da, lehenik eta behin, ezinezkoa dela subiranotasuna lortzea egungo legezkotasunetik. Bigarrenik, Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa saihesten duen proposamena da; eta hemen ez da aldaketa politikorik egongo Estatuarekiko konfrontazio politikorik ez badago. Hirugarrenik, 1977. urteko akats bera errepikatzen du eta da hiru probintzia bezala aurkeztea, Nafarroa kanpoan utzita». (57-58)
Otegiren iritzian, egoera politikoki normalizatuan, Euskal Herrian jendeak Europan estatua izatearen alde egingo zuen: «...euskaldunok erabakitzea izango dugun egoeran, eta bizitza soziala eta politikoa normalizatua egongo den egoeran, zer erabakiko du jendeak? Norekin bizi naiz ni hobeto, Espainiarekin ala independentea izanda? Independenteak izanda: jendeak independentzia bozkatuko du. Eta guk, gainera, osagai horiei guztiei beste batzuk gehitzen dizkiegu: zuk zergatik banatu nahi duzu Espainiatik? Hau dibortzioa delako, eta, gainera, tratu txarrak alegatzen ditudalako». (65-66)
Honaino heldu den irakurleak bere ondorioak aterako ditu. Laster izango dugu estatus berriari buruzko debatea, berriz ere atzeratzen ez bada.