ELAko Genero alorreko kidea

Justizia feminista eta eraldatzailea lantokietan: zigorraz haratago, sindikatua babesleku

Jone Bengoetxea Epelde
2026ko azaroaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jakingo zenuke zer egin lanean sexu-eraso bat jasango bazenu? Uste duzu salaketa jartzea dela beti irtenbiderik onena?

Ez dago formula magikorik, ezta denentzat balio duen protokolorik ere, indarkeria matxista lanetik, militantziatik edo gure bizitzetatik erabat desagerrarazteko. Gainera, gertatzen diren gauza asko ez dira beti legeetan edo gure eskema politikoetan sartzen.

Badirudi erabat barneratua dugula zigorraren logika: biktima ala erruduna; pertsona ona ala txarra dikotomiara mugatzen gara. Baina begirada horrek alde batera uzten du kaltetutako pertsonaren egoera integrala, baita indarkeria matxistarekin nahasten diren beste hainbat zapalkuntza ere.

Horregatik, epaitegietara jotzeaz gain, beste baldintza batzuk ezinbestekoak dira emakume askok indarkeriarik gabeko bizitza izan dezaten: inguruan babes-sare bat izatea, oinarrizko bizi-baldintzak bermatzea (etxebizitza edo diru-sarrera duinak, adibidez) edota paperak edukitzea, besteak beste.

Orduan, zertaz ari gara justizia feminista, eraldatzaile eta komunitarioa eskatzen dugunean? Geure buruari galderak egiteaz ari gara: nork erabakiko du zer den justizia? Nola eraiki dezakegu bestelako justizia eredu bat? Izan ere, pertsona bakoitzak gauza desberdinak behar ditu aurrera egiteko eta zauriak sendatzeko.

Lantokia emakumeon aurkako indarkeriaren ohiko lekua denez, sindikatuak ere emakumeon justizia beharrei erantzuteko gune izan behar du

Batzuentzat, epaile baten sententzia garrantzitsua izan daiteke. Beste batzuentzat, aldiz, askoz sendagarriagoa da gertatutakoa aitortzea, entzuna eta sinetsia izatea, babesa jasotzea edo bizitza berriz eraikitzeko baliabideak izatea. Pentsa dezagun: errealista al da indarkeria jasaten ari den emakume bati salaketa jartzeko eta epaiketa batean sartzeko eskatzea, dirurik ez badu eta etxea galtzeko arriskuan badago?

Beharrak ez dira berdinak kasu guztietan. Horregatik, erantzuna ezin da neurri-zerrenda itxi bat izan. Kasu bakoitzetik abiatu behar dugu, emakumearen eta bere ingurunearen beharrei begiratuz, eta, ahal den neurrian, taldean erreparatzeko bideak irekiz. Horrek guztiak entzuteko eta laguntzeko denbora eta espazioa eskatzen du.

Eta horretarako ere bada sindikatua. Elkar babesteko tresna garenez, sindikatuak harrera espazioa izan behar du: entzuteko eta zauriak osatzeko leku segurua. Lantokia emakumeon aurkako indarkeriaren ohiko lekua denez, sindikatuak ere emakumeon justizia beharrei erantzuteko gune izan behar du.

Era berean, onartu behar dugu erakunde sozial eta sindikalen barruan ere gatazkak, abusuak eta indarkeriak gertatzen direla. Hori aitortzeak aukera ematen digu aurrea hartzeko, gaia lantzeko eta konponbideak bilatzeko, bai sindikatu barruan, baita lantokietan ere. Gatazka hauei aurre egiteko moduak erakutsiko du tresna eraginkorra ote garen emakumeok etxean, kalean eta lanean jasaten ditugun indarkeriei aurre egiteko.

Horixe da gure apustua: sindikatu feminista bat eraikitzea eta lantokietan justizia feminista eta eraldatzailea egitea.
 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA