Azken asteotan harri eta zur eta irribarre apur batekin jaso dugu UPNren aldetik egin den Nafarroaren eta bere forutasunaren azken defentsa. Arrazoia? Euskal Herriaren ikurra Bilboko Athleticen kamiseta berrian jarri izana. Sinbolo horrek, bide batez esatearren, hamarkadak daramatza gure kaleetan, horrek Nafarroaren forutasunari kalte egin gabe.
Horrelako irain handi baten aurrean, UPNk bandera politiko bilakatu nahi izan du gaia, forutasunaren bere ikusmoldeari leial, erretorikoagoa eraginkorra baino, futbol klub baten kamisetan ikur hori egotearen aurkako ekimenak sustatuz eta, eskua paparrera eramanez, Nafarroa eta bere foruak defendatzen dituen bakarra izendatuz euren burua, «izaera politikoa duen eta Nafarroaren errealitate juridiko-administratiboaren kaltetan egiten duen gai baten aurrean», bere presidente Cristina Ibarrolaren hitzetan.
Ibarrola anderea, Nafarroaren errealitate juridiko-administratibo eta instituzionalari egiten zaion kalteari buruz hitz egin nahi duzue? Gure autogobernuari eta Nafarroaren eskumen propioen defentsari modu zuzenean eragiten dieten gaiei buruz hitz egin nahi duzue? Egin dezagun. Hitz egin dezagun Foruzaingoari buruz eta hitz egin dezagun 112ari buruz.
Athleticen kamisetarekin antolatu duten pailazokeriak ezin baitu ezkutatu Geroa Bai modu sakonean kezkatzen duen gai bat. Pasa den legegintzalditik ohartarazi dugun gaia eta UPNko presidentea batere kezkatzen ez duena. Izan ere, berriki Ibarrolak berak heldu zion gai horri, baina ez nafar autogobernuaren defentsaren ikuspuntutik zehazki.
Deigarria da euren burua nafar autogobernuaren defendatzaile sutsu moduan aurkezten dutenek, aldi berean, hura ahultzen duten ekimenak sustatzea
Ongi ezagutzen dugu UPNk Foruzaingoa dela-eta egindako biraketa, kidego honek trafiko eskumenaren jardun esklusiboa defendatzetik, Guardia Zibilarekin banatutako eredu bat babesteraino. Horraino, zaharrak berri. Baina Foruzaingoa mespretxatzeraino eta, hortaz, gure autogobernua mespretxatzeraino emandako pauso berriak, ordea, bai Guardia Zibila bai eta Polizia Nazionala 112ren barnean sartzeko posizionamendua agertzen du, eta hori Foruzaingoak koordinaturiko eta ordenaturiko zentroa da.
Hara Nafarroaren defentsa! Estatuari eskumenak lagatzea proposatuz, eta egitateen bidetik, gainera, zuzenbidearen bidetik egin ordez, eta herri segurtasuna bezalako esparru hain sentikor batean, gainera. Gauza bat baita polizia kidegoen arteko koordinazioa, eta oso bestelako gauza bat eskumen propioen ordeztea, ordezkapena edo hustea.
Deigarria da euren burua nafar autogobernuaren defendatzaile sutsu moduan aurkezten dutenek, aldi berean, hura ahultzen duten ekimenak sustatzea. Egia da UPNk bigarren eta hirugarren mailako eskumenen transferentzia eskatzen duela Nafarroako Parlamentuan, autogobernua bere dimentsio guztietan modu koherente eta tinkoan defendatzen dugunon babesa edukiko duela jakitun, hala egiten baitu Geroa Baik. Eta, baita ere, badakielako mota horretako ekimenek bere aurkari politiko nagusia, PSN, jarrera deserosoan jartzen dutela, autogobernuaren alorrean tradizioz dituen bere jarrera jakobino eta zentralisten aurrean erretratatzera behartuz.
Izan ere, PSNk arrandiaz dioen arren azken bi hamarkadetan Nafarroari eskumen gehien transferitu dizkion Gobernuaren buru dagoela, ahaztu ohi du transferentzia horietako asko beste alderdi eta koalizioen bultzadari esker izan direla, hala nola Geroa Bairi esker, aldarrikapen horiek errealitate bihurtzeko beharrezkoa zen tokietan lanean aritu baikara, horrek erresistentzia handiak gainditzea zekarren arren, eta batzuetan gogoz kontra ere bai.
Baina orain esku artean dugun 112ren gaia ez da eskumenen esparrura mugatzen. Foruzaingoa osatzen duten emakume eta gizonenganako mespretxu ikaragarria da. Haiei mezu argi bat helarazi nahi diegu: gure babes eta aitormena dute. Geroa Baikoek modu tinkoan sinesten baitugu Nafarroako autogobernua eta hori argitasunez defendatzeko beharra dagoela, anbiguotasunik gabe eta kalkulu oportunistarik gabe, batzuek, UPNk bezala, zentzugabeko antzerkitxoekin despistatu nahi gaituzten arren.
Eta Geroa Bairentzako forutasunaren defentsa gure DNA politiko eta ideologikoaren zati den heinean, Nafarroaren eskubide eta eskumenak irmotasunez eta tinkotasunez defendatzen jarraituko dugu, batak edo besteak nahi duena esanda ere. Forutasuna ezin baita komeni denean bakarrik aldarrikatu. Eta 112ren gaian eta halakoetan, UPNk berriro frogatzen du harekin duen konpromisoa, asko jota, aldizkakoa dela. Espero dezagun bide honetan PSN bidelagun ez aurkitzea.