William Mackey aditu soziolinguista quebectarrak, bere esperientzia luzean oinarrituta, behin eta berriz azpimarratu zuen hizkuntzen behar soziolinguistikoak eta alderdi politikoen beharrak ez datozela beti bat. Eta horixe da Euskal Herrian ikusten ari garena.
Epaile espainolen laguntzarekin, klase politiko zein sindikal espainola euskararen normalizazio prozesuaren aurkako dinamikan jo eta su dabilen bitartean, euskaraz bizitzera erabaki duen euskal komunitatearen aurkako oldarraldia orokortzen ari denean, EAEko gehiengo politiko abertzalea ez da egoerari aurre egiteko gai izaten ari. Kontseiluak Bilbon antolatutako manifestaldira joatea ez da nahikoa.
Vox, CCOO, epaileak eta Lopez Lera abokatua, besteak beste, askoz ere eraginkorragoak izan dira indar politiko abertzaleak baino, eta hori horrela da, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, euskararen aldeko borroka etengabea plano instituzionalean eta plano instituzionaletik bideratu nahi izan dutelako euskal indar politiko nagusiek. Eta, bestetik, euskararen aldeko normalizazio prozesuak, ezinbestean konfrontazioa dakarrelako eta konfrontazio horretatik alde egin nahi dutelako, botoak gal ditzaketela pentsatzen dutelako. Bi arrazoi horiengatik, euskara eta euskal komunitatea beti galtzaile ateratzen da.
Argi dagoena behintzat zera da, euskararen behar soziolinguistikoekin zerikusirik ez duten arrazoien ondorioz, EAEn gehiengoa duten indar abertzaleen euskararen aldeko batasunik ez dagoela. Tamalez, hizkuntza nazionalaren berreskurapen prozesuan Euskal Herriak Irlandaren gero eta antz handiago du.
Horregatik pentsatzen dugu irtenbide bakarra euskararen normalizazioaren aldeko motorra berriz ere herri mugimendura eta dinamikara bueltatzea dela, Ipar Euskal Herrian egiten duten moduan, adibidez. Konfrontazioa eta desobedientzia izango dira VOX, CCOO, epaile edota Lopez Lerari iniziatiba kentzeko bide nagusiak. Modu horretan euskaldunon eskubide kolektiboak eta langileen eskubide pertsonalak modu orekatuan bermatzea lortuko dugu.
William Mackey berak azpimarratzen zuenez, hizkuntza minorizatu bat, euskara gure kasuan, ez da legez ala dekretuz normalizatuko. Legearen funtzioa beste bat da, normalizatu nahi den hizkuntza minorizatuaren aurkako erasoak ekiditea da betekizun nagusia, normalizazio prozesua nolabait babestea, hizkuntza minorizatua erabiltzen duen komunitatearen hizkuntza eskubideak bermatzea.
Eta hemen guztiz kontrakoa ikusten ari gara, legeria euskal herritarren gehiengoaren nahiari eraso egiteko eta hura zapuzteko zutabea bilakatu da Euskal Herriaren aurkako indar politiko, sindikal eta juridikoarentzat.
Erabaki horiek langile euskaldunak eta euskaldunduak kaltetzen ditu, ez baitu haien euskararen ezagutza maila ezinbestekotzat joko etorkizunean, eta lanpostu horietan euskararik ez dakiten langile erdaldun elebakarrei sarrera emango die, espainolez lan egiteko aukera bermatuz.
Erabaki hauek, beraz, euskararen eta euskaldunon komunitatearen aurkako erabaki zuzenak dira.
EH Bilduko Mertxe Aizpuruak Madrilgo Diputatuen Kongresuan «euskararen, tokiko erakundeen, udal autonomiaren eta euskal herritarren borondatearen aurkako azken erasoa irmoki salatu» ditu, Auzitegi Gorenaren azken epaia aipatuz. Oso larria eta onartezina da Euskal Herrian ezereza den ultraeskuinaren ekimenez hartutako erabakia.
Garbi dago Gernikako Estatutukoak ez duela balio estatutik datozen eraso politiko, sindikal eta juridikoak neutralizatzeko. Euskal herritarren eskubideak ez dituzte errespetatzen eta euskaraz lan eta bizitzeko aukera zapuzten dute. Guk Euskal Herrian euskaraz lan egin eta bizi nahi dugu, Euskal Herri euskalduna euskaraz eraikiz eta euskaratik abiatuz. Eta horixe da, hain zuzen, ezinezkoa bihurtu nahi dutena. Herri gisa erabat kolonizatu nahi gaituzte.
Euskara eta euskal kulturaren ikuspegitik begiratuta, gertatzen ari dena desastre bat da. Larrialdi egoeran sartu gaituzte. Ez da gauza bera gertatzen generoaren gaiarekin, adibidez. Hor ikusten da Mugimendu Feministak egin duen lana eta hartu duen pisua. Garbi dago zein den jorratu beharreko bidea.
Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ez dira oraindik gai zentralak indar abertzaleen artean eta hori oso larria da. Eta euskaldunoi eta euskaltzaleoi dagokigu errealitate hori aldatzeko behar den presio soziala artikulatzea, kaletik eta herri dinamikaren bidez. Guk ez badugu egiten, nork egingo du?
Kontuan izan behar dugu oldarraldia ez dela euskararen aurkako eraso bat, ez dela hizkuntza baten kontrako errekurtso bat, euskaraz lan eta bizitzeko eskubidearen hautua egin duen komunitatearen aurkako errekurtsoa dela baizik, Euskal Herri euskaldunaren aurkakoa.
Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren lanabesa da. Euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar du, euskara ez dakiten herritarren hizkuntza hautua errespetatuz beti eta non nahi. Euskal langileok Euskal Herrian euskaraz lan egiteko eta bizitzeko dugun eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako dugun eskubidea eta gure herrian euskaraz bizitzeko duguna ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik.
Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra dezan, horretarako legea egokituz, Euskara Legea aldatuz.
Dei egiten diogu euskal jendarteari oldarraldiari aurre egiteko, besteak beste, euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, euskara nonahi harrotasunez erabiliz.
Eta, azkenik, dei egiten diogu euskal langileari euskararen aldeko borroka bere egin dezan eta lan mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzailea bihur dadin.