EHUko irakaslea eta Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko Institutuko ikerlaria

Kooperatibek ez dute errege beharrik

Anjel Errasti
2026ko urriaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 27an Felipe VI.a Debagoienean izan zen, Mondragon taldeak gonbidatuta. Lehenbizi, Mondragoneko Zuzendaritza eta Kooperatiba Garapenerako Zentroan izan zen, Aretxabaletan, eta kooperatiba batzuk bisitatu zituen gero. Arratsaldean, ehunka herritar elkartu ziren Arrasateko Herriko Plazan, bestelako ongietorria emateko: «Erregea kanpora! Gurea, Euskal Errepublika!».

Protesta politikotik haratago, kooperatibismoaren muinera doan galdera bat sortzen da: zer egiten du errege batek pertsona bat, boto bat printzipioaren gainean eraikitako etxe batean?

Ez da lehen aldia Espainiako agintari bat Arrasatera gonbidatzen dutela. 1926an, UniĂ³n Cerrajerako jabe kapitalistek Primo de Rivera diktadorea hartu zuten fabrikan. Franco ere etorri zen, 1949an, Gerra Zibilak zauri sakonak utzitako herri batera. 2004an, Mondragonek Juan Carlos I.a eta Sofia gonbidatu zituen, Fagorren lantegi bat inauguratzera eta Garaiaren lehen harria jartzera. Orduan ere protestak izan ziren kalean. Kooperatiben aurkako kanpaina bati aurre egin beharra eta Eroskiren eta Fagorren merkatuak babestu beharra aipatu zen bisita justifikatzeko.

Garaiak eta agintariak aldatzen dira, baina Espainiako agintari nagusien bisiten eduki politikoa ez: herri baten menderakuntzarena. Guk ez dugu menpeko izan nahi, herritar aske baizik. Hortik hurrengo galdera: zergatik behar du Mondragon taldeak Madrilgo botere sinbolikoaren onespena?

Badira gonbidapena azaltzeko arrazoi pragmatikoak: Espainiako merkatua handia da; erakundeekiko harremanak zaindu behar dira, eta halako bisitek ateak ireki ditzakete. Ez da argudio hutsala. Baina pragmatismoak ere mugak behar ditu, batez ere bere burua euskalduntzat eta beste enpresa-eredu baten ordezkaritzat daukan erakunde batean.

Protesta politikotik haratago, kooperatibismoaren muinera doan galdera bat sortzen da: zer egiten du errege batek pertsona bat, boto bat printzipioaren gainean eraikitako etxe batean?

Kooperatiba ez da enpresa arrunta. Bazkideek dute jabetza eta erabakitzeko ahalmena, eta printzipio demokratikoek bereizten dute kapitalaren aginte hutsetik. Horregatik, bisitaren argazkia baino interesgarriagoa da argazkiaren atzean dagoen erabakia. Nork proposatu zuen erregea gonbidatzea? Nork onartu zuen? Zergatik? Bazkideek izan al dute horri buruz eztabaidatzeko aukerarik? Zuzendaritzak —edo teknokraziak, esan beharko genuke— ez lituzke galdera horiek saihestu behar.

Aurten, gainera, Jose Maria Arizmendiarrietaren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena da. Haren ondarea gogoratzea ez litzateke omenaldi instituzionaletara mugatu behar. Lanaren duintasuna, elkartasuna eta erabakimena jarri zituen kooperatibismoaren erdigunean: kapitala lanaren zerbitzura, eta ez alderantziz. Printzipio horiek eguneroko erabakietan ere neurtzen dira, baita gonbidatuen zerrenda osatzean ere.

Monarkia eta kooperatiba ez dira erakunde-mota berekoak, eta ezin dira mekanikoki parekatu. Baina haien zilegitasun-iturrien arteko aldea agerikoa da: kooperatibako agintea bazkideen borondatean oinarritzen da; koroarena, jaiotzan. Eta Espainiakoak, gainera, Euskal Herriaren borondatea ukatzen duen estatu bat ordezkatzen du. Kontraesan hori mahai gainean jartzea ez da hutsalkeria. Kooperatiba-printzipioak daude jokoan.

Debagoienean tradizio errepublikazale eta abertzale sendoak daude, eta herritar gehienek ez dute monarkia beren ordezkaritzat hartzen, hauteskundeetako emaitzek eta bisitaren aurkako mobilizazioek erakutsi duten moduan. Horrek ez du esan nahi bazkide guztiek iritzi bera dutenik. Hain zuzen ere, horregatik dira beharrezkoak gardentasuna eta eztabaida: Mondragonen izenean hartutako erabakiak kooperatibisten aurrean azaldu beharko lirateke, eta taldeak ez lioke bere inguruko herritarren sentipen nagusiari entzungor egin behar.

Arrasateko kooperatibek munduan lortu duten aitortza ez dator koroa batetik. Belaunaldiz belaunaldi bazkideek eta langileek egindako lanetik dator. Horixe da zaindu beharreko ondarea. Eta horregatik merezi du galdetzea zer gehitzen dion errege baten bisitak kooperatibismoaren irudiari, eta zer kentzen dion.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA