Olatukoop ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko sareko kideak

Kooperatibismoa, komunitatea eta eraldaketa ospatzeko gonbidapena

Beñat Iturrioz Pérez, Ainara Mugeta Calvo eta Beñat Irasuegi Ibarra
2026ko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatzen da urtero uztaileko lehen larunbatean, 1923. urtetik Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren ekimenez; gerora, 1995ean Nazio Batuen aitortza gehitu zitzaion; ospakizun bikoitza dugu, beraz. Urtero gai edo arrazoi bat proposatzen dute ospakizuna mamitzeko, aurtengoan «Kooperatibek mundu baketsu baten alde» izan behar duten papera aldarrikatzea erabaki dute. Olatukoop sareko kideok ospakizunei garrantzi handia ematen diegu, eta, horregatik, uztaileko lehen larunbatari zentzu komunitarioa eta eraldatzailea eman nahi diogu; ospatu dezagun, baina zer eta nola ospatu pentsatuz, ez ohitura bihurtu delako, ospakizuna bera aldarrikapenerako eta eraldaketarako tresna izan behar delako baizik.

Ekintzak ohitura bihurtzea eta ohitura hauek egutegian finkatzea gizakion eta proiektuen joera nabarmena da, egindakoei zentzua emanez eta errepikatuz, transmisiorako helduleku bihurtzen ditugularik. Gaur-gaurkoz, Kooperatiben Eguna behar dugu erritu moduan, gure izaeraren transmisioa egin eta mugimendu sozio-enpresarialean parte hartzen dugunon identitate kolektibo eta indibiduala finkatzeko. Ohitura finkatzeak ere arriskua badu, ohitura eta identitateak fosilizatu eta ukiezin bihurtzea, komunitatearen garapena eta proiektuen eraldaketarako oztopo bilakatuta.

Gure ustez, fosilizazio hori da kooperatibismoaren eguna ospatzean nabarmentzen den arazoetako bat. Zein eredu kooperatibo ospatzen dugu? Zein dira gaur egun kooperatibismoaren identitatea ardazten duten ideiak? Izan da eboluziorik azken 150 urteetan? Zorionez, kooperatibismoaren historia ez da amaitu, eta, inguratzen gaituen ziurgabetasun garai honetan, identitate eta ekintza kooperatiboaren ibilbidea oso bizia da. Mundu mailan ere, eta Euskal Herrira etorrita, euskal mugimendu kooperatiboa gure gizartean eta ekonomian eragile garrantzitsua izateko bereziki ondo kokatua dago, bai, eta bere errealitatea aintzat hartu, eta kontakizun eta estrategiak egokitzen hasi beharko du.

Euskal kooperatibismoak jendarteak ezaguna duena baino historia luzeagoa eta konplexuagoa du. Komunikazio instituzionaletan ikusten dena baina izaera askotarikoagoa du, sektore, tamaina eta langileen profiletan. Fosilizatu ez den identitate kooperatibista garatzen ari da, egungo gizartearen ispilu ere badena. Hartako, eraldaketarako behar eta desioak propioak dituena. Miguel de la Fuente Cosgaya ikerlariak erakutsi digunez, gaur egungo kooperatibistok feminismoari, ekologismoari, lurraldearekin dugun harremanari eta euskarari garrantzi handiagoa ematen diogu gure proiektuak garatu eta gure lanari zentzua emateko orduan. Olatukoopen garatzen ari garen identitate kolektiboan, oinordetzan jaso dugun lanaren burujabetzaren garrantziarekin batera, orain ezinbestekoa dugun antirrazismoa eta aurrerantzean beharrezkoak izango diren burujabetza materialak ekarri nahi ditugu erdigunera.

Uztaileko lehen larunbata euskal kooperatibismoaren eguna izatea nahi badugu, ezinbestekoa dugu gaur egungo ikuspegi estankoa gainditzea, eta, orain arteko historia aitortuz, identitate berrituak eman ditzakeen aukerei bide ematea

Egoera honetan, uztaileko lehen larunbata euskal kooperatibismoaren eguna izatea nahi badugu, ezinbestekoa dugu gaur egungo ikuspegi estankoa gainditzea, eta, orain arteko historia aitortuz, identitate berrituak eman ditzakeen aukerei bide ematea. Hortaz, XX. mendean garatutako kooperatibismo industrial indartsuak kontakizunean eta eremu instituzionaletan duen hegemonia askatu, eta gaur egungo errealitate zabal eta askotarikoari ateak irekitzeko aukera paregabea dago. Hala berean, kooperatibagintza eraldatzailetik Euskal Herriko lurraldeetan ikusten ditugun behar eta nahi berriak kooperatibismoaren identitate berriekin busti eta antolatzeko aukerak ekarri ditzakegu. Euskal kooperatibismoan aliantza berriak egiteko momentuan gaude. Garapen estrategietan zentzua lantzeko gogoz dauden milaka kooperatibek eta tokiko garapen ekonomikoa eta komunitarioa gure balioetan eraiki nahi duten lurraldeek eskertuko digute, beharra gero eta handiagoa baita.

Gure lurraldeetan, egunerokoan lan egiten duten kooperatibetan eta lan eta bizitza bizigarriak desio dituzten herritarrengan badago emantzipaziorako eta burujabetzarako asmoa, etengabe esperantza ito nahi duten diskurtsoek segurtasun indibidualizatzaile bat hauspotzen badute ere. Baina horretarako ez da nahikoa asmoak adieraztearekin, tresnak behar ditugu, pizkunde material baterako tresna burujabe eta demokratikoak. Bide horretan, baditugu proposamenak: praktikatik abiatuz,  Ekonomia Eraldatzaileak eta Lan Desiragarriak lan teorikoetan jaso ditugunak, baita egunerokoan sustatzen ditugun proiektu publiko-komunitario-kooperatiboetan gauzatzen direnak.

Martxan diren herri egiturak indartzeko garaia da, eta berriak sortzekoa ere bai. Herri Kooperatibak, Herri Funtsak, Herri Jabetzak behar ditugu lurralde guztietan. Horretarako, denontzat irisgarriak izango diren subjektu eraldatzaileak sortuko ditugu, herritarrak antolatu, komunitateak josi eta errealitate prekarizatzaileak jartzen dizkigun mugak gainditu. Kooperatibismoa Euskal Herri feminista, ekologista, antiarrazista, euskalduna, justua eta lurraldetua eraikitzeko mugimendua izan behar da.

Beraz, gaurtik aliantza berriekin abiatu behar dugun pizkunde material hau ospatzeko eguna izan daiteke uztaileko lehen larunbata. Gainera, Joxe Azurmendiri aitortza egiteko eta bere ekarpenak praktikara eramateko eguna ere izan daiteke, kooperatibismoaren eta komunitatearen euskal pentsalari nagusietako bat izan denari omenaldi; ospakizuna gure lurraldera ekarriz eta Olatukoopekoek asko estimatzen dugun pertsonari gure egutegian tokia eginez.

Jaso, beraz, gure gonbidapena, euskal kooperatibismoan aliantza berriak egin, eraldaketarako proiektugintza indartu, eta, eduki berrituz, gure eguna ospatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA