Euskal Herria Bizirik-eko kideak

Labrazako makroeolikoei ez!

Itziar Pou eta Patxi Zubiria
2025eko abenduaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Momentu kritiko batean aurkitzen da Labrazako eolikoen makroproiektua, obra baimen behin betikoa ematetik gertu, jada hasiak baitira makinekin eremua egokitzen. Berri hau bereziki larria dela uste dugu Euskal Herria Bizirik-etik, balio natural handiko eremu bat suntsitzeaz gain, gaur egun oker deitutako berriztagarrien zabalpen masiboari hasiera eman diezaiokeen azpiegitura bat dugulako. Ate joka dauden dozenaka eta dozenaka makroproiekturi bidea irekitzeko arriskua oso handia da, beraz, proiektu hau geldiaraztea exijitzera gonbidatu nahi dugu horren guztiaren aurka dagoen pertsona oro.

Azpimarra berezia jarri nahi diegu bi elementuri. Alde batetik, proiektu honen sustatzaileetako bat Eusko Jaurlaritza bera da; horrek agerian uzten du, ate birakariez gain, Iberdrola bezalako enpresa handiekin duen lanerako prestutasuna. Lurraldea eta bertako biztanleak babestetik urrun, enpresen mozkinak handitzera dator beste behin EAJ-PSOE koalizioa. Benetan larria da hau, jakina baita enpresa pribatu hauen interesek (eta instituzioen kolaborazio estuak) ekarri gaituztela gaur egun bizi dugun ataka ekologiko honetara.

Bestalde, proiektu honen onarpenera bidean Oiongo EH Bildu alderdiaren jokaera salatzea ezinbestekoa da, Labraza kondenatzeaz gain, aurrekari oso larria ezartzen baitu etorkizunera begira. Udaletxean oposizioan egotetik gobernatzera pasatu zen 2023ko udal hauteskundeetan, bere promesen artean proiektu honi ezezko garbia ematea zegoen eta elementu honek garrantzi berezia izan zuen hauteskunde horiek irabaztera bidean. Udal gobernuko agintea hartu eta gutxira, ordea, bere burua Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren pean kokatu zuen, kontrakoa egitea prebarikazioa izango litzatekeela argudiatuz.

Lurraldearen antolamenduko adituek dioten moduan, udalek proiektuak aurrera eramateko beharrezkoa den plan berezia onartzea uka dezakete, eta hori ez da prebarikazioa. Kontrara, izatez eraikitzeko baimenik ez duten lurretan eraiki ahal izateko udalerriko antolamendu plan orokorra aldatzea energia berriztagarriak ezarri ahal izateko, prebarikazioa izan daiteke. Honekin argi utzi nahi dugu udalaren jarrera guztiz interesatua dela, bere buruari ardura kendu eta makro berriztagarrien zabalpenari bide ematea duela xede.

Bestalde, oso garrantzitsua da gogoraraztea egun bizi dugun larrialdi ekologikoari aterabide bat ematearekin ez duela zerikusirik aurrera eraman nahi den makro mailako berriztagarrien zabalpenak. Egun Europan bizi dugun krisi energetikoari aterabide bat emateko saiakera moduan ulertu behar dugu, zehazki energia kontsumoa handitzea helburu duen iturrien dibertsifikazioa aldarrikatzeak duen estrategia gisa. Horren adierazle ezin hobea da egun Europan aurrera eramaten ari den berrarmatzea bera, aurkako norabidean doazelako industria militarraren garapena eta auzi ekologikoaren aterabidea.

Gure partetik, abenduaren 13an proiektu hau salatzeko egingo den elkartasun jaialdian parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, antolatu den egitarau zabalean parte hartuz Oiongo Udalari eta Eusko Jaurlaritzari argi esango diegu: aurrean izango gaituzue! Aurrez beste proiektu batzuk gelditzea lortu dugun moduan, indarrak batuz soilik lortuko baitugu basakeria hau geldiaraztea.

Inposaketari ez! Bertan ikusiko dugu elkar!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.