Latinoamerikar ikasketetan doktorea

Latinoamerikako ezkerrak, eskuin muturraren eta garapen ereduen arteko talkan

Maider Elortegi Uriarte
2026ko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olatu eskuindarra eta eskuin muturra mundua merkatuaren logikaren arabera berrantolatzen ari dira. Arreta berezia jarri behar zaio joera horri, proiektu horiek gorrotoan eta indarkerian oinarritutako diskurtso autoritarioak marko demokratikoetan txertatzea lortu baitute. Hala ere, mehatxu horien aurrean, memoria kolektiboa duten erresistentziak ere badaude, lorpen demokratiko eta sozialak irmo defendatzen dituztenak. Horren adibide dira Gazako genozidioaren eta nazioarteko zigorgabetasunaren aurkako mobilizazioak, eskubideen galeraren, zerbitzu publikoen narriaduraren eta prekaritatearen aurkako ikasleen eta herri sektoreen protestak, bereziki Serbiako ikasleen mobilizazioak, aurre egiteko gaitasun hori agerian utzi dutenak.

Israelen ere aldaketak izan dira, Netanyahuren blokeak ez du gehiengo parlamentarioa lortu. Estatu Batuetan, Trumpen hauteskunde atzerakadarekin batera, ordezkaritza demokratikoa berritu egin da. Nabarmentzekoa da jatorri askotako pertsonak iritsi direla erakundeetara, besteak beste, Abdul El-Sayed eta Adam Hamawy, jatorri egiptoarrekoak; Gina Hinojosa, jatorri latinoamerikarrekoa; eta Deb Haaland, jatorri indigenakoa.

Latinoamerikan 2026a Estatu Batuek Venezuelan egindako esku hartze militarrarekin eta Nicolas Maduroren atxiloketarekin hasi zen. Gertakari larri horrek agerian utzi zuen esku hartze inperialek indarrean jarraitzen dutela. Halaber, eskuineko eta eskuin muturreko indarrak daude El Salvadorren, Argentinan, Txilen, Ekuadorren, Bolivian, Perun eta Kolonbian. Paraguain, korronte bereko Santiago Peñak atzo presidente karguari uko egin zion finantza eskandalu baten ondorioz. Aurrerapen horrekin batera, Mexiko eta Brasil bezalako herrialdeetan gobernu progresistak daude; Brasilgo herriak Lularekin eskualdeko eskuineranzko joera geldiaraztea lortu du —azpimarratzekoa da, halaber, hauteskunde garaipenean sare sozialek izan duten garrantzia; izan ere, indar ezkertiarren hauteskunde estrategietarako erreferente bilakatu da—.

Latinoamerikako herrialdeetako ibilbideak kontuan hartu behar dira ezkerren esperientziak eta eraldaketa promesen eta gauzatutako politiken arteko harremana kritikoki aztertzeko

Hala ere, Latinoamerikako ezkerretan zer gertatzen ari den ulertzeko, atzera begiratu behar da, begirada bikoitz batetik: geopolitikoa eta barnekoa. Horretarako, memoriari ekitea funtsezkoa da. Latinoamerika politika neoliberalen laborategia bihurtu zen 1973an, Txilen Salvador Allenderen aurkako estatu kolpea jo ondoren. Pinocheten diktadurak Chicago Boys taldearen erreformak ezarri zituen. Beste herrialde batzuetan, diktadura militarrek errepresioa eta kontrainsurgentzia erabili zituzten herri erakundeak eta askapen nazionaleko mugimenduak desegiteko. Aldi berean, nazioarteko kapitalaren interesen aldeko berrantolaketa ekonomikoa ezarri zuten. Horren oihartzunak munduko ekonomian Latinoamerikak duen mendekotasunezko kokapena areagotu zuen. Prozesu horretan, ustelkeriak eta indarkeriak markatutako botere egiturak sendotu ziren, eta egungo segurtasunik ezaren egoerak ere egitura horietan sustraituta daude.

Beharbada, begien bistakoa da, baina beharrezkoa da gogoratzea egungo mendekotasun egoera hori baliabide naturalen estrakzio intentsiboan oinarritutako eredu historiko bati lotuta dagoela. Baliabide horiek —mineralak, petrolioa, gasa eta nekazaritzako produktuak— esportaziora bideratzen dira batez ere. Gaur egun, litioa, kobrea eta halako mineral estrategikoak ere eredu horretan daude, trantsizio energetikoaren ondorioz gero eta eskari handiagoa baitute. Eredu horrek nazioarteko merkatuen mende uzten ditu eskualdeko ekonomiak, eta gizartean, ingurumenean eta lurraldeetan inpaktuak sortzen ditu. Kanpoko presioek eta interes ekonomikoek gobernuen jarduteko gaitasuna mugatzen dute, eta, batez ere, kalte egin diete herritarren bizi baldintzei eta lurraldeetako biodibertsitateari.

Latinoamerikako ezkerrak eta gobernu progresistek hainbat borrokatatik eta subjektu kolektibotatik sortutako narratiba politikoak eta eraldaketa proposamenak hartu dituzte abiapuntu. Gizarte mugimenduek ezker tradizionalaren ikuspegiak zalantzan jarri zituzten. Feminismoek, herri indigenen eta afro ondorengoen borrokek, nekazari erakundeek eta lurralde-erresistentziek boterea, demokrazia eta emantzipazioa ulertzeko beste modu batzuk proposatzen dituzte. Garapen eredua eta haren inpaktuak salatu dituzte, bizitzaren defentsa, subiranotasuna, herrien duintasuna eta ondasun komuna jartzen dute erdigunean. Natura eskubideen subjektu gisa ulertzeko eztabaidak ere zabaldu dituzte. Latinoamerikako ezkerreko indarrek esperientzia horietatik edan dute, baina gobernura iristean mugimenduen eskaeren eta gobernu erabakien arteko tentsioak agerian geratu dira, bereziki erauzketa ereduari eta lurraldeen defentsari dagokionez.

Latinoamerikako herrialdeetako ibilbide horiek kontuan hartu behar dira ezkerren esperientziak eta eraldaketa promesen eta gauzatutako politiken arteko harremana kritikoki aztertzeko. Era berean, garapen eredu globalari buruz hausnartzeko eta, interdependentzia ikuspegitik, gure gizarteak duen erantzukizuna mahai gainean jartzeko ere balio behar dute.

Erronka da Latinoamerika baldintzatzen duten botere harremanak ulertzea eta lurraldeetan eta komunitateetan sortzen diren proposamenak aintzat hartzea. Proposamen horiek botere instituzionala eskuratzean eta kudeatzean agortzen ez diren zor historikoak dira. Beraz, Latinoamerikako ezkerrek zor horiei erantzun behar badiete ere, bertoko herri esperientziak eta prozesu politikoak gure gizartera ekartzea funtsezkoa da; gure gizarte ereduari buruz hausnartzeko eta politika publikoen defentsan gure zentzu komunitarioaren aniztasuna berreskuratzeko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA