Azkenaldian epilogo batean bizi garela iruditzen zait. Zinema-frankizia handietan agertzen diren postkredituetako eszenen antzekoak: aurreko istorioaren ostean, datorrena iragartzen. Hamaika egun greba orokorrera joan ginela, eta hiru egun barru azaroaren 25a. Euskal Herriko Mugimendu Feministak ozen adierazi du aurtengo aldarria: eskuin muturraren oldarraldiaren aurrean, feminismoa. Euskal Herriko Bilgune Feministak ere plazaratu du bere mezua: feminismoaren alde ala kontra.
Lerratzea gorputzaren pisua nahita alde batera eramatea da, lurrak dardara egiten duenean zutik jarraitzeko modu bakarra hori dela jakinda. Ez du soinurik egiten: isiltasunean luzatzen den gorputz bat da, agian nora doan ez dakiena, baina norengana doan ondo dakiena. Lerratzea posizio politiko bat hartzea da. Lerratzea aukeratzea da. Faxismoaren aurrean lerratzea erraza da, nolabait: gu eta beraiek. Badakigu noiztik datozen, nortzuk diren, zein bandera duten, eta ez dute beren asmoa ezkutatzen. Zailagoa da, ordea, gure hiztegiaren parte darabilen horren aurrean lerratzea: tren batek beste bat ezkuta dezake. Lerratzeak ere batzuetan labaintzea esan nahi du, huts egitea edo oker jokatzea. Antifeminismoak ez du beti uniforme berbera janzten. Batzuetan ezkerraren izenean mintzo da. Klaseaz hitz egiten du, soldatez, alokairuez, benetako arazoez; eta benetako arazo horien zerrendan, feminismoa ez da inoiz agertzen. Identitate kontua dela, despolitizatzen duela, burgesa dela eta langileria zatitzen duen distrakzioa dela: gorria azalean, arrea hezurretan. Ainhoa Etxaideri entzun nion behin: «Feminismoaren aurka daudenek zer den ondo ulertzen dutelako egiten diote kontra».
Feminismoaren kontrako posizioei eta diskurtsoei neutraltasunez erantzutea halakoak normalizatzea da. Horrela ikusi dugu nola zisheteropatriarkatuak erabat zeharkatzen duen etxebizitza-eskubidearen aldeko aldarrian Mugimendu Feministak urteetan eraikitako diskurtsoa eta diagnostikoa espazio askotan alboratuak izan diren. Etxea ez da lolekuari eusten dioten horma eta teilatua soilik; lantegi bat da. Bertan egiten da bizitzari eusten dion lana, ordaindu gabea, ikusezina, emakumeek egiten dutena. Etxea ez da ekoizpenetik kanpoko esparru pribatu bat, ekoizpen sozialaren oinarria baizik. Modu horretan, etxebizitzaz hitz egin genuen baina etxeaz ez. Modu horretan, denok erabaki genuen akatsarekin aurrera jarraitzea. Izan ere, batasuna kontzeptu politikoen gainean eraiki behar da eta kontzeptu horiek errealitate material orotik sortu behar dira. Feminismoa ez da beste borroka bat; borroka guztiak irakurtzeko modua da. Feminismoari zor diogu familian gertatzen den indarkeria politizatu izana, lanaren banaketa sexualaren inguruan teorizatu izana eta, horrela, familiak –instituzio patriarkal legez– eta etxeko esferak –zaintzen esfera produktibotzat ulertuta– logika kapitalistan jokatzen duen paperaz jabetzen lagundu izana. Horrela ulertu ezean, zentzu komuna antifeminismoan lerratzen da: garai batzuetan onargarria, krisi garaietan baztergarria. Horixe da, hain zuzen, eskuin muturrak nahi duen mundua. Zentzu komun hori ez da etsaiaren lurraldean bakarrik ernaltzen; gure ondoko lurrean ere sortzen da, batez ere uzten bazaio.Â
Hain egun sinbolikoan gizonek protagonismoa hartzea, eredugarriak direla esatea, borroka honen subjektu garen emakume eta disidenteekiko biolentziak ikusezin egitea da: gure gorputzak eta ahotsak bigarren planora eramatea, bazterretan mantentzea
Hauteskunde kanpainan, berriz, feminismoa ia guztiena da: lelo moreak, argazkiak pankarten atzean, konpromiso biribilak. Bizkaiko Foru Aldundiak azaroaren 25erako gizonez betetako kartel bat atera du, gizonok indarkeria matxistari ez lelopean. Diputatuaren esanetan, «ez da gizonezkoei begira egiten dugun halako lehen kanpaina, baina bai gizonezkoak izen-abizenekin posizionatzen diren lehen aldia». Horrela, mutil gazteentzat eredugarri izan daitezkeela deritzo. Garrantzitsua da gizonen arteko aliantzekin apurtzeko diskurtsoak bultzatzea, batez ere indarkeria matxistaren alorrean; isiltasun patriarkala anaitasunean eraikia baitago. Baina azaroaren 25a bezalako egun markatu batek feministon eta Mugimendu Feministaren aldarrikapenen bozgorailu izan behar luke. Hain egun sinbolikoan gizonek protagonismoa hartzea, eredugarriak direla esatea, borroka honen subjektu garen emakume eta disidenteekiko biolentziak ikusezin egitea da: gure gorputzak eta ahotsak bigarren planora eramatea, bazterretan mantentzea. Hori ere bada indarkeriaren kateari eustea. Eredugarri genealogia feministari eutsi dioten militanteak dira, kaleak aldarri transfeministaz betetzen dituzten kideak edota lantokietan genero arrakalari aurre egiten diotenak. Feminismoaren alde lerratzea ez da erdigunea hartzea haren izenean; hari erdigunea uztea baizik. Bestela esanda, feminismoaren alde lerratzea ez da hura kooptatzea: hura aitortzea da.Â
Azaroaren 25ean kalera aterako gara, berriz, Euskal Herri osoan. Ez ginen atzera egiteko jaio. Ez ginen antolatu bidean geratzeko; batasunaren izenean isiltzeko edo besteek gure ordez hitz egin dezaten uzteko ere ez. Ez dago garaipenik harrian zizelkaturik: lortutako bakoitza defendatu behar da, behin eta berriz. Lerratzea, beraz, ez soilik da oreka galtzea, oreka aukeratzea baizik; ez da isiltasunari amore ematea, ahotsa nora bideratu erabakitzea baizik.
Postkredituetako eszenek ez dute istorioa ixten; hurrengoa iragartzen dute. Amaierak ez dira absolutuak: agentzia dugunontzat, etapa berriak irekitzeko uneak dira. Hurrengo pelikularen gidoia ez dago idatzita. Zirriborroaren hasieran dagokigu lerratzea, besterik ez.

