Gasteizko lorezainetako kidea

Lore bat hazten da horman, etorkizuna izan nahi du

Endika Ruiz de Loizaga
2025eko azaroaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hilabete bat itzuli ginen lanera, sei hilabete baino gehiagoko greba mugagabearen ondoren. Grebaren jarraipena erabatekoa izan da, eta sei hilabete hauetan indartsuagoak egin ditugu gure arteko loturak. Gure helburuetan kohesionatuta, enpresaren, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren higadurari aurre egin ahal izan diogu.

Erresistentzia honek soldata eta gizarte hobekuntzak dituen hitzarmen propioa eman digu. Baina lortutakoaz haratago, zalantzan jarri dira azpikontratatutako langileen prekarizazioa eragiten eta onartzen duten udalaren pribatizazio politikak. Horrela, askotan gutxietsia izanik ere azterketa eta prestakuntza eskatzen duen gure lanari, lorezaintzari, balioa ematea ere lortu dugu, herritarrak jabetuz green capital markaren atzean pertsonak daudela berdeguneak zaintzen eta mantentzen, aisialdirako, elkartzeko eta gure hiri fantastikoaren birika berdeak izaten jarrai dezaten.

Sei hilabete hauetan, lankideon artean landare bat landu dugu, eta hainbat eragilek, auzo elkartek, enpresa batzordek eta sindikatuk ureztatzen lagundu digute. Jakina, gure aurreko belanauldietatik landatzen ikasi dugu. Eredu zarete. Pentsiodunak aurrera! Mugimendu Sozialistako militanteek ere arreta berezia jarri dute, egunez egun, lore bat eman duen plantula hori zaintzen ibili baitira.

Landare hau asanbladetatik, piketeetatik, manifestazioetatik, agitazio eta propaganda mahaietatik elikatu da. Baina, batez ere, greba batzordeak egindako lanetik eta delegatu ez duten eta landare hori loratzeko beharrezkoak izan diren kaleko zaintza ardurak haien gain hartu dituzten kideengatik.

Politika neoliberalek soldata miserableetara eta baldintza zitaletara kondenatzen gaituzten mundu honetan, non politikariek inbertsio funtsen interesak defendatzen dituzten, greba eskubidea ahulduz doa. Lorea zapaltzen saiatu ziren, greba eskubidea urratuz, baina hain indartsu loratu zen, haien erasoei aurre egiteko gaitasuna izan zuela. Orain, landarea errotu dela, guri dagokigu landare polit hori zaintzen jarraitzea, belar txarrek aurkitu ez dezaten gure lorategia ongarritzeko erabili ditugun elikagaiak: erresistentzia, borroka eta konpromisoa. Eta horrela landarea loratzen eta hazten jarrai dezan.

Lore zoragarri horrek harro eta eskertuta sentiarazten gaitu. Eta begiratzean gogorarazten digu dedikazioarekin, pazientziarekin eta ardurarekin gure bizitzak loratze etengabean dagoen lorategi batean bihurtu ahal ditugula. Lorezaintza etorkizunean sinesten dugula erakusteko modu bat da.

Baina ez diezaiogun tranparik egin geure buruari, ez da erraza landareak bizirik mantentzea, bidean petaloak erori egin dira: gaur gogoratu nahi ditugun kideak. Haien indar, konpromiso eta ausardiarik gabe, gure borroka ez zatekeen berdina izango. Hemendik, besarkada handi bat bidali eta beti gure lorategiaren parte izango direla eta behar dutenerako hor egongo garela esan nahi diegu.

Gutun hau amaitzeko, Gasteizko rokodromoetako langileei eta Arabako erresidentzietako kideei indarrak eta animoak bidali nahi dizkiegu, baita Araban eta Euskal Herrian lan gatazketan murgilduta dauden langile guztiei ere. Lorategi honetatik klase elkartasuna eta elkarren babesa landatzen jarraituko dugu, euskal herri langile indartsuago eta antolatuago bat lortzearen bidean. Gora langileon borroka!

Artikulua honako hauek sinatu dute: Mikel Romero, Aaron Garcia, Endika Ruiz de Loizaga, Jose Antonio Ruiz de Azua De Paz, Ivan Puertas, Mouhcine Boujida, Alfredo Ruiz, Leire Urquijo, Aitziber Gutierrez, Julio Montoya, Daniel Ruiz de Mendoza, Gorka Perez de Mendiola, Iñigo Lopez de Arroiabe, Alvaro Marcos eta Juan Jose Miller.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.