EHUko irakaslea eta ikertzailea

Maskulinitate zauritua: eskuin-muturrak feminismoa garaitzearekin duen obsesioa

Eneritz Gomez Micolta
2026ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteotan ikusi dugu eskuin-muturrak nola bereganatu duen gero eta presentzia handiagoa hainbat gizarte-arlotan: parlamentuetan duen ordezkaritza handitzen ari da, esaterako, eta sare sozialetan zein komunikabideetan presentzia izugarri eta neurrigabea du. Espainiar Estatua ez da salbuespena. 2013an sortu zenetik, Voxek gorroto-diskurtsoak zabaldu ditu gizarte esparru guztietan migranteen, LGTBIQ+ kideen, gizartean baztertutako pertsonen eta abarren kontra.

Nazkatuta gaude Santiago Abascal eta Ivan Espinosa de los Monteros politikariek feminismoari buruz egiten dituzten muturreko diskurtsoak entzuteaz. Izan ere, haien arabera, feminismoek gizon eta emakumeen arteko liskarrak piztu nahi dituzte. Diskurtso horren bidez, beste edozein genero-disidentzia ikusezin bihurtzeaz gain, mugimendu feministek hamarkadetan egindako borroka gutxietsi nahi dute. Behin eta berriz esaten digute «Irene Monteroren feminismoa» arriskutsua dela emakumeontzat; aldi berean, ez dute onartzen indarkeria matxista badela, eta migratzaileei «benetako matxismoa inportatzea» egozten diete. Hots, arazoa gure mugetatik kanpo uzten dute, eta ihes egiten diote gure gizartean dauden erro patriarkalak zalantzan jartzeari.

Baina diskurtso hori ez da bakarrik eremu instituzionalera mugatzen. Sare sozialetan gero eta presentzia handiagoa dute benetako gizonak nola jokatu behar duen erakusten diguten influencer-ek. Aldi berean, influencer horiek objektu menperatu gisa aurkezten dituzte emakumeak, txintik atera gabe zerbitzariak izateko beti prest. Nahikoa da zuen sare sozial gustukoenaren bilatzailean Rodri Salas edo Jota Redpill izena idaztea zertaz ari naizen ulertzeko. Rodri Salasen bideoak ikusiz, adibidez, zenbait tutorial aurki daitezke gizon perfektua nolakoa den azaltzen digutenak: gizon indartsua, erakargarria, estilo onekoa, zintzoa, intolerantea, bizitza konpondua duena, eta abar. Eta, noski, gizon perfektuak emakume perfektua behar du alboan («balio handiko emakumea» deitzen diote haiek). Femeninoa den emakume bat, eta gizonak esaten edo egiten duena inoiz kolokan jartzen ez duena. Mezu horien guztien atzean emakume-ideal berbera agertzen da: emakume otzana, femeninoa, atsegina eta gizonen agintea inolaz ere kolokan jartzen ez duena.

Diskurtso misogino horien atzean gauza bakar bat dago: beldurra. Mugimendu feministek azken hamarkadetan lortu dituzten lorpenei diete beldurra, eta, hein handi batean, sumatzen dute falta dela mugimendu horiek kolokan jarri duten nagusitasuna. Haien maskulinitatea inoiz baino zaurituago dago. Atzean geratu dira urte ilun haiek, zeinetan indarkeria matxista sozialki onartuta zegoen eta eremu guztietan gizonak nagusi zirela uste zuten. Gizona jada ez da salbatzaile edo aita babesle gisa irudikatzen; izan ere, garai bateko genero-arauetan oinarritutako eredu horiek zaharkituta geratu dira. Baina, hala ere, eskuin-muturreko politikari eta boto-emaileek genero-ordena horren falta sumatzen dute: dominatzeko plazer hori sentitu behar dute, eta naturaltzat jotzen dituzten eskubideak berreskuratu nahi dituzte.

Diskurtso misogino horien atzean gauza bakar bat dago: beldurra. Mugimendu feministek azken hamarkadetan lortu dituzten lorpenei diete beldurra, eta, hein handi batean, sumatzen dute falta dela mugimendu horiek kolokan jarri duten nagusitasuna

Begiak itxi eta eskuin-muturrak duen irudi publikoa une batez aztertzen badugu, erraz uler daiteke zertaz ari naizen. Askok gogoratuko duzue duela urte batzuk Andaluziako hauteskunde-kanpaina baterako Voxek publikatu zuen spot-a, zeinean Abascal zaldi baten gainean agertzen zen. Eszena horren anekdotatik at, maskulinitate eredu konkretu bat erakusten digu irudi horrek: gizon indartsu, konkistatzaile eta dominatzailea. Guztiarekiko eta guztiekiko botere- eta dominazio-ideal bat antzezten duen gizona. Boteretik eta hierarkiatik eraikitako maskulinitate bat, beldurrarekin eta halako emozioekin zuzenean konektatzen duena.

Funtsean, tutorial horiek guztiek ez dute islatzen oroimin patriarkal sakona baino, mugimendu feministek lortutako aurrerapenei gizonek dieten beldurra baino. Ez dute onartzen emakumeok mugak jartzea, pentsatzea, era independente batean jardutea. Nahi dutenean eta nahi duten moduan kontrola dezaketen txotxongilo bat behar dute ondoan. Benetako nostalgia patriarkal bat sentitzen dute, eta arriskuan ikusten duten menderatze-eredu bat berreraikitzeko beharra eta nahia dute.

Hala eta guztiz ere, ahalegin atzerakoiak eta diskurtso misoginoak gorabehera, feministok hemen jarraitzen dugu. Izan ere, lortutako eskubide bakoitza urteetako borroka kolektiboaren emaitza izan da, eta, nahiz eta eskuin-muturra aurrerapauso horiek geldiarazten saiatu, ez diegu uko egingo. Eskuin-muturreko jaunok, sentitzen dut hau esatea, baina feministok hemen jarraitzen dugu, eta, zaudeten tokian zaudetela, aurrean aurkituko gaituzue.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA