Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteko teknikaria

Mendi publikoak eta baso-gobernantza herri ikuspegiarekin

Josu Azpitarte
2026ko apirilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko mendiei buruzko foru-arau berriaren eztabaida azken fasera iritsi da. Une honetan, zuzenketa zehatzak baino gehiago, talde politiko batzuen jarrerak kezkatzen du baso-zuraren sektorea. Bereziki, EH Bilduren proposamenek, etorkizunari buruzko ziurgabetasuna sortzen duen eredu baterantz bultzatzen dutelako.

Aldundiaren proposamenak oinarri argi bat du: gobernantza-esparru sendoa, non basoen plangintza eta kudeaketa lurralde mailan modu koordinatuan antolatzen diren. Hori funtsezkoa da, basogintzak epe luzeko ikuspegia behar duelako, egonkortasuna eta irizpide teknikoa beharrezkoak diren zikloetan.

Talde horren zenbait zuzenketak udalen eskumenak handitzea proposatzen dute, egungo esparrutik harago. Horrek kudeaketa zatitzea eragingo luke, eta plangintza bateratua zaildu. Gainera, epai judizialek argi diote baso-kudeaketa foru-aldundien eskumena dela eta udalek hirigintzan dutela beren eginkizuna. Lurzorua zonakatu dezakete, baina ez baso-kudeaketan sartu.

Horrek ez du esan nahi udalen papera garrantzitsua ez denik. Alderantziz, mendi publikoen kudeaketan duten parte-hartzea beharrezkoa da. Baina betiere foru-plangintzarekin koordinatuta, jarraitutasuna eta koherentzia bermatzeko.

Mendi publikoek rol aktiboa izan behar dute. Ingurumen- eta gizarte-funtzioez gain, egurra modu jasangarrian ekoizten lagundu behar dute, tokiko industria eta enplegua indartuz. Gakoa kudeaketan dago, ez espezieetan

Bestalde, kezka sortzen du Batzar Orokorretako EH Bilduren planteamenduetan beste araudi batzuk lehenesteak (hirigintza-, ingurumen- edo lurralde-antolamendua) baso-eskumenaren gainetik eta aldundiaren baso-eskumena defendatu beharrean. Logikoena da baso-eremuan baso-plangintza izatea ardatz nagusia, gainerako baldintzak integratuz. Bestela, kontraesanak eta blokeo-arriskuak sortzen dira.

Eztabaidak jasangarritasunaren ikuspegi partziala ere erakusten du. Ingurumen-alderdiari ematen zaio lehentasuna, eta alderdi ekonomiko eta sozialak bigarren planoan uzten dira. Hori ez dator bat baso-kudeaketa jasangarriaren hiru zutabeen arteko oreka beharrezkoarekin. Are gehiago, kontraesankorra da ingurumenaren alde egitea eta aldi berean egurrak deskarbonizazioan eduki dezakeen eginkizuna baztertzea.

Mendi publikoetan, desoreka horrek ondorio argiak izan ditu: aprobetxamendu txikiagoa, udal diru-sarreren galera, inbertsio falta eta landa-eremuko jarduera ekonomikoaren ahultzea. Aldiz, tradizio basozalea duten udalerrietan funtzio ekonomikoa ere errespetatzen jarraitzen da kudeaketa aktiboa mantenduz.

Kontserbazio zorrotzera edo intentsitate txikiko ereduetara jotzeko proposamenek zentzua izan dezakete leku batzuetan, baina orokortzeak ondorio negatiboak izango lituzke: egurraren ekoizpen txikiagoa, kostu handiagoak eta jarduera ekonomiko gutxiago. Saihestu egin behar da diru publikoaren mende dagoen eta enplegurik eta aberastasunik sortzen ez duen eredua.

Europan joera argia da: bioekonomia sustatzea, bertako baliabide berriztagarrietan oinarrituta. Zura material estrategikoa da, karbonoa metatzeko eta beste material kutsagarriagoak ordezkatzeko. EAEn, baso-zuraren kateak 19.000 lanpostu inguru sortzen ditu, eta manufakturako BPGaren %5,6 da. Ez da zentzuzkoa hori ahultzea.

Testuinguru horretan, mendi publikoek rol aktiboa izan behar dute. Ingurumen- eta gizarte-funtzioez gain, egurra modu jasangarrian ekoizten lagundu behar dute, tokiko industria eta enplegua indartuz. Gakoa kudeaketan dago, ez espezieetan.

Baso-zuraren sektorearen ustez, eztabaidak eredu orekatua, teknikoa eta etorkizuneko erronketara egokitua indartu behar du. Foru-araua aukera bat da horretarako. Horrenbestez, gobernantza argia mantendu, eskumenen zatiketa saihestu eta mendi publikoen eta baso-zur katearen balio estrategikoa aitortu behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA