Guggenheim Urdaibai Stop-eko kidea

Murueta: neurrira egindako hirigintza

Eider Gotxi
2026ko maiatzaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muruetan ez da aldatu ez lurraldearen balioa, ez hura babesten duen legedia, ezta definitzen duen ingurumena ere. Aldatu dena diskurtso politikoa izan da, eta azkenaldian, are kezkagarriagoa dena: diskurtso hori berridazteko saiakera.

Izan ere, HAPOaren azken mugimenduarekin, Muruetako Udalak dio plangintza «inprobisaziorik gabe eta udalerritik kanpoko interesik gabe» egin dela. Esaldi hori bere horretan arrazoizkoa izan liteke, baina azken urteetako errealitateak kontrakoa erakusten du: hirigintza-plangintza proiektu zehatz batek baldintzatu du, Guggenheim Urdaibai proiektuak.

Eta horregatik da garrantzitsua memoria.

Murueta ez da edozein lurzoru. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan dago, eta araudiak argi dio ingurumenaren babesa lehenetsi behar dela. Hala ere, azken urteotan plangintza malgutasunez moldatu da, eta hori interes orokorrari helduz justifikatzea oso zaila da.

2021ean HAPOaren berrikuspena abiatu zenean, arrazoia araudira egokitzea zen. Baina aurrerapen-dokumentuak berak erakusten du lurralde-antolamendua zuzenean lotuta zegoela Guggenheim museoaren handitzearekin. Hau da, hirigintza ez zen udalerriaren etorkizunaren inguruko hausnarketa autonomo bat, proiektu jakin baten zerbitzura egindako egokitzapena baizik.

Ondorioa argia da: irizpidea ez da izan ez lurraldea, ez araudia, ezta herritarren interesa ere. Proiektu jakin bat izan da. HAPOa, horrela, unean uneko lehentasun politikoetara egokitzen den tresna bihurtu da. Hori ez da plangintza. Hori oportunismoa da

Horren adibiderik argiena ontziolaren lurzoruaren kalifikazio aldaketa izan zen: industrialetik ekipamendukora. Ez zen doikuntza teknikoa; museoa posible egiteko baldintza zen. Beharrezkoa! Aldaketa horrekin, plangintza tresna izateari utzi eta interes jakin baten zerbitzura jarri zen.

Diskurtsoa ere norabide berean eraiki zen: ontziola lekuz aldatu beharreko jarduera bihurtu zen, txatarra eta museoa aukera estrategiko gisa aurkeztu zen. Lurzoruaren eraldaketa sakona justifikatzeko kontakizun oso bat eraiki zen.

Herritarren erantzuna, ordea, irmoa izan zen. 2023ko abenduan aurkeztutako milaka alegaziok zalantzan jarri zuten proiektuaren egokitasuna eta legezkotasuna. 2025eko abenduaren 16an Guggenheim proiektua bertan behera geratu zen eta moldatzen ari ziren Gernika-Markina Lurraldeko Plan Partzialak eta Murueta, Gernika eta Foruko alkateek aldundiarekin sinatutako Plan Berezi Bateragarriak ere zentzua galdu zuten… Akabo plangintza baldintzatu zuen elementua. Diskurtsoak berriz ere bira egiten du. Ontziola, lehen ingurumenarekin bateragaitza zena, orain babestu beharreko jarduera bihurtu da eta berriz ere lurren kalifikazioa zuzendu behar da industriala proposatuta.

Arazoa ez da iritzia aldatzea, koherentzia falta baizik. Ondorioa argia da: irizpidea ez da izan ez lurraldea, ez araudia, ezta herritarren interesa ere. Proiektu jakin bat izan da. HAPOa, horrela, unean uneko lehentasun politikoetara egokitzen den tresna bihurtu da. Hori ez da plangintza. Hori oportunismoa da.

HAPOak udalerriaren eredua epe ertain eta luzera zehaztu beharko luke, marko egonkor bat eskainiz. Baina kasu honetan, tresna malgua izan da, azalpen sinesgarririk gabe moldatua. Horrek ondorio argiak ditu: erakundeenganako konfiantza ahultzen du eta plangintzaren zentzua zalantzan jartzen du.

Azken batean, eztabaida ez da museo edo ontziola baten ingurukoa soilik. Galdera da: norentzat ari da diseinatzen Muruetaren etorkizuna? Erabakiak kanpoko edo unean uneko interesen arabera hartzen direnean, udalerria kanpotik mugitzen den pieza bihurtzen da.

Muruetak ez du behar uneko proiektuetara egokitzen den hirigintza. Behar du koherentzia, zorroztasuna eta bere ingurumenarekiko errespetua. Gainerakoa, plangintza itxuraz jantzia egon arren, inprobisazioa eta estrategia baino ez da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA