Nafarroa defendatzea posible delako

Patxi Zabaleta - Asun Fernandez de Garaialde
2026ko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi hamarkada baino gehiago, NaBai koalizio politikoaren sorreran parte hartu genuen hainbat lagun idazki honen bueltan bildu gara berriro. Ordutik egindako bideari begiratzeko eta, batez ere, etorkizunari begiratzeko. Azaroaren 29ko hauteskunde orokorren atarian, Nafarroako herritarrei dei egin nahi diegu, gure botoa EH Bilduren alde ematera. Garai hartan, jatorri, alderdi eta ibilbide politiko desberdinetatik gentozen pertsonok bat egin genuen, Nafarroako gizarte ezkertiar eta euskaltzaleak Madrilen ahots sendo eta duina izan zezan. 

2004ko Hauteskunde Orokorretarako sortu zen egitasmo hura, eta 2007an beste urrats bat egin genuen, Nafarroako Foru eta Udal hauteskundeetara aurkeztuz. Helburua argia zen: UPNren nagusitasuna gainditzea eta bestelako Nafarroa bat eraikitzeko aldaketari bideak zabaltzea. 

Urteek erakutsi digute ahalegin hark, beste askorekin batera, merezi izan zuela. Zorionez, Nafarroa ez da garai hartako bera. Elkarbizitzan urrats esanguratsuak egin dira, eta Nafarroak bestelako etorkizun politiko baterako bidea urratu du. 2007an agostazoa zela-eta gauzatu ezin izan zen aldaketa 2015ean iritsi zen, PSN gobernutik kanpo zela; 2019tik aurrera, berriz, eskuinei gehiengo alternatibo horietara gehitu zen PSN bera ere. Aldaketa horiek ez dira kasualitatearen emaitza: urte luzez egindako lanaren, elkarrizketaren, ausardiaren eta herritar askoren konpromisoaren ondorio dira. Eta, bide horretan, NaBairen ekarpena oso garrantzitsua izan zen. 

Aldaketa horiek ez dira kasualitatearen emaitza: urte luzez egindako lanaren, elkarrizketaren, ausardiaren eta herritar askoren konpromisoaren ondorio dira. Eta, bide horretan, NaBairen ekarpena oso garrantzitsua izan zen

Gaur, atzera begiratzeak ez gaitu iraganera lotzen; egindako bidea ulertzeko eta aurrera egiteko indarra ematen digu. Orduan defendatzen genituen balioek eta helburuek gaurkotasun osoa dute: Nafarroaren ahotsa errespetatua izatea, euskararen biziberritzea, justizia soziala, zerbitzu publiko sendoak eta herritarren eskubideak. Euskal Herriak, Nafarroak, bere burua defendatzeko eta bere etorkizunari buruz erabakitzeko ahots sendoa behar du Madrilen. Are eta gehiago muturreko eskuinaren mehatxuari atea itxi eta aurrera egiteko.  

Horregatik, azaroaren 29ko hauteskundeei begira, Nafarroako herritar ezkertiar, euskaltzale eta abertzale guztiei dei egiten diegu indarrak biltzera. Gaurko egoeran, gure ustez, helburu horiek ordezkatzeko eta Madrilen ahots eraginkorra izateko aukera eskaintzen duen hautagaitza EH Bildurena da. 

Garai hartan esaten genuen bezala, PSN bera baino sozialistagoak garen eta UPN baino nabarristagoak sentitzen garen herritarrok, abertzale eta euskaltzaleok, badugu zer defendatu: zerbitzu publikoak, berdintasuna, euskararen etorkizuna, autogobernua eta Nafarroak bere buruaren jabe izateko duen eskubidea. Ideia horiek inoiz baino gaurkotasun handiagoa dute; gaur ere gure herriaren etorkizuna marrazten dute. 

Bide bat egin dugu elkarrekin, eta bide horrek erakutsi digu elkartzeak indarra ematen duela. Orain ere, banatzen gaituztenen gainetik, partekatzen dugun horri heldu behar diogu. Nafarroaren ahotsa entzunarazteko, haren eskubideak defendatzeko eta etorkizun justuago bat eraikitzeko. Horregatik, azaroaren 29an, EH Bilduri botoa ematera animatzen ditugu nafar herritarrak.

Artikulu hau honakoek sinatzen dute: Juan Carlos Longas, Patxi Telletxea, Paula Kasares, Jon Abril, Ana Barrena, Fernando Berasain, Elena Garcia Cortes, Deñe Abuin, Floren Luqui, Jose Maria Blanzako, Josefina Ibero, Lutxo Blanco, Miriam Gomez Garcia, Nekane Perez, Patxi Goñi Martinez, Patxi Lasa Aristu, Paula Ibero, Santi Begiristain, Txentxo Gimenez eta Txiki Iriarte.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA