Abertzale modura, bete-betean sinesten dut horretan. Edozelan ere, espainiar konstituzioaren arabera, erabakitzeko eskubidea nafarrei dagokie. Alderdi Sozialistak ere defenditu zuen Nafarroa Euskadi da baieztapena, nahiz eta gerora guztiz kontrakoa egin duen. Tamalez, abertzaletasunaren baitan ere, azken hamarkadetan gertatu den bilakaera baten lekuko izan gara. Izenburua ez dut inor asaldatzeko aukeratu; bai, ordea, urteen poderioz kontzeptu eta sinbolo batzuei gure herrian egin zaien gutxiespen interesatuaren inguruko meloia zabaltzeko.
Zehatz-mehatz, Euskadi hitzaren beraren eta ikurrinaren erabilerari buruz ezker abertzaleak landu duen estrategia ankerraz ari naiz. Lagun batek behin herriko aldizkarian idatzitakoa datorkit gogora. Eibarko sarreran ongietorria ematen duen panel bat dagoela aipatzen zuen; aspalditik Euskadi esprai zuriz tapatuta eta gainean Euskal Herria idatzita duena. Historian gehiegi sakondu barik, jakin dezakegu frankismoak Euskal Herria terminoa onartzen zuela, eta ez orduko Euzkadi. Lehenengoa kulturarekin eta folklorearekin lotzen zuen erregimenak, zeozer neutroa bezala. Bigarrena, ostera, guztiz debekatu zuen, euskal lurraldeak batzeko eta askatzeko borondatearen erakusle zelako.
Horri buelta emateko batzuen saiakerak gorabehera, barru-barruan adiera horiek indarrean diraute oraindik ere hein batean. Garaiak aldatuz doaz, bai, baina gure aurrekoek, aitita-amamek, abertzale izateagatik diktaduran jasan zuten errepresioagatik bakarrik, errespetua zor diegu. Ez dago, beraz, Euskadi hitza mespretxatzeko lekurik. Ez dago arrazoi zintzorik Euskal Herria-rekin aurrez aurre jartzeko edota horrekin ordezkatzeko. Horretan tematzea ekarpen hutsala da.
Goazen orain meloiaren bigarren zatiarekin. EAEko hainbat herritako plazetan ikurrina nafar sasi-banderarekin batera ikustea deigarria egiten zait. Sasi-bandera diot, hori ez delako Nafarroako bandera ofiziala; baizik eta ezker abertzaleak asmatutakoa bere mugimenduaren baitan erabiltzeko. Portzierto, gerora Gure Esku Dago moduko eragileek eragozpen handi barik bere egin dutena.
Frankismoak 'Euskal Herria' terminoa onartzen zuen, eta ez orduko 'Euzkadi'. Lehenengoa kulturarekin eta folklorearekin lotzen zuen erregimenak, zeozer neutroa bezala. Bigarrena, ostera, guztiz debekatu zuen, euskal lurraldeak batzeko eta askatzeko borondatearen erakusle zelako
Berriro ere historiara joko dut, argigarria baita. Zazpi euskal lurraldeak erresumaren parte zirenean, Nafarroak ez zeukan ezelako banderarik. Bandera ofiziala hiru euskaltzalek sortu zuten 1910. urtean, aurreko errege-bandera zaharretan oinarrituta. Garai hartako nafarrek, ziurrenik, ikurrina beren lurraldekoa baino lehenago ezagutu zuten.
Nafar sinboloei diedan errespetutik, ez dut ulertzen zertara datorren –Nafarroatik kanpo, bederen– bi banderak parekatzea. Are gutxiago ezker abertzaleak ikurrina hainbat ekitalditan ia-ia desagerrarazi izana. Zein asmorekin? Zer ekarpen egiten dio horrek abertzaletasunari? Badirudi iraganeko erreinuaren nostalgia antzeko bat iradokitzeko asmatutako bandera hori dela modernoa, superguaya eta aldarrikatzailea... Ba ez, ikurrina izango da beti euskal askatasunaren eta errepublikaren bandera.
Nafarroan ere ikurrina delako benetan aldarrikatzailea. Abertzale ez direnak zenbat asaldatzen dituen erreparatu besterik ez dago. Zein ikur izan da politikoki jazarria, debekatua eta kanpokotzat joa? Zer jarri zuten ezezagun batzuek Iruñeko udaletxe aurrean 2013ko sanferminetako txupinazoan? Athleticeko kamiseta berritik, zerk asaldatu du UPN? Eta horren aurrean, Ernairen erantzuna bi banderatan banandutako Euskadiren mapa argitaratzea izan da, UPNk zatitu nahi gaituela salatu nahian; ba hori... Manuel Irujok zioen lez, ¡Viva Navarra libre! eta gora Euzkadi askatuta!