Irakaslea

Negar egitera, negartegira

Jon Iturregi Martin
2026ko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

San Mameseko metro geltokiaren alboko bazar txinatarrean erositako megafonoa eskuan, erdara ahoan eta huts bat (zero bat, esan nahiko zuen) jarri diotelako kexaka. Horrelaxe agertu zait arratsaldeko albistegian unibertsitaterako sarbide proba berriki eginiko gazte bilbotar zinez amorratu bat. 

Lagun nahiko maltzur batek azterketa soil bat penkatu duen euskarafobo cayetano bat besterik ez dela komentatu dit, begia burlaizez kliskatzen zidalarik, eta, hala ere, lehen kolpean sinetsi nahi izan dut zapatila nautikoak eta gurutzedun lepokoa konbinatzen dituen gazte errebelde horri piztutako furian badagoela oraindik salbatzeko moduko zerbait. Egia osoa jakiteko desira moduko bat, gaizki kanalizatua, baina gutxienez errudunen baten bila bideratua. Eta, aizue, eman diezaiogun aukera bat, ez baita (guztiz) bere errua, arbolak, ohiko moduan, ez baitio uzten basoa ikusten.

Alegia, kontua ez da hainbeste azterketan ateratako nota bera. Erreklamazioa jarri eta pare bat hamarren igoko diote segur aski, baina antzeko beste emaitzaren bat jarriko diote, euskaraz piperrik ez dakielako. Arazoaren funtsa da azken 12-15 urteetan bidelagun izan duen eskolak kontrakoa sinetsarazi diola, hots, euskaraz trebeki moldatzen delako ziria ondo baino hobeto sartu diola. 

Beharbada, bere zentroko irakasleek Excel taula gehiegitxo manipulatu dute, ez baitu erraza izan behar jakitea noraino puztu behar den kalifikazio bat, erdipurdikoa den ikasle batek medikuntza ikasteko behar duen nota preziatua lor dezan. Sky is the limit, suposatzen dut. 

Tamalez, ahaztu egingo zitzaien ikasleari ondo azaltzea errealitateak paperaren faltsukeria izorratzeko ohitura duela, gezurrak hanka motz direla. Hori izan ohi da eskola horien modus operandi-a, globoari putz eta putz egin, sekula lehertuko ez delakoan. Gero etortzen dira komeriak, noski. Azterketa bete-betean alegia, ulermen testuan sinonimo super erraz horien arrastorik topatzen ez duenean, hain ondo egin ohi zituen idazlanaren argudio nagusiak erdipurdi utzi dituela konturatzean, tik-tak, tik-tak, denbora badoala ikustean eta azken galdera borobiltzeko astirik gabe ortografiari errepasoa eman behar diozunean… zer esanik ez. Emaitza? Zero patatero. 

Arazoaren funtsa da azken 12-15 urteetan bidelagun izan duen eskolak kontrakoa sinetsarazi diola, hots, euskaraz trebeki moldatzen delako ziria ondo baino hobeto sartu diola

Zentro mota horiek daukaten dilema aspaldikoa da, daramaten izen erlijiosoen garaikoa kasik: «Zuzen jokatu behar dugu, horrek ekonomikoki eta profesionalki kalte egingo digun arren, ala etika akademikoa ipurtzulotik ondo sartu, ikasleak engainatu, komenigarriena dena egin eta bezerotzat ditugun gurasoak kontent eduki?». Pikutara joaten hasia den negozio bateko akziodunak direla jakitun, bigarrena aukeratzen dute, desesperatuki behar baitute aurrerantz egin. 

Eta tira, asuntoak espantu batzuk eragin ditu prentsan, hitz egin da gazteen etorkizuna izorratzeaz, A/B ereduak desagerrarazteko konspirazioaz eta hezkuntza sistema demokratiko-parekide batean onartezina den ez dakit zertaz. Onartezina aipatu dugula, bide batez, onartezinena da testuinguru honetan gure erakundeek hartu duten jarrera. Nor eta Pedrosa eta Perez sailburuak azalpen eske joan zaizkio Bengoetxea errektoreari, erantzukizuna unibertsitatearena, edo are, aztertzaileena izango balitz bezala. Flipatzekoa, lehengusu, ba al dago inor bolantean?

Laburbilduz eta gaira itzuliz, ez kaka eta ez zirin geratu da eskola kristau sasi pribatuko gaztetxo bat ostera ere, mundu guztiaren aurrean barregarri. Horrek niri, egia esan, bost axola, baina, nahiko pipertuta ikusi dudanez, aholku bat eman nahi nioke. Seriotasun akademikoz, zintzotasunez, eta euskarafobiarik gabe jokatzen ez duzun bitartean, hona hemen nire ikasle kuttunenek sarritan eman izan didaten gomendio bat: «Negar egitera, negartegira!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE