Nor ausartuko da Poliziaren tratu okerra auzibidean jartzera?

2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ertzaintzako agente batzuek Silvia L. legez kanpo atxilotu zuten, 2018ko maiatzaren 26an, supermerkatu batetik kanpo, etxerik gabeko pertsona bat babesteko asmo oneko saiakera baten ondorioz. Algortako ertzain-etxeko ziegetan, agenteetako batek bortizki jo zuen Silvia bost aldiz, sareetan dabilen bideo batean ikus daitekeenez. Silvia, azkenean, ziegetara bota zuten, medikuaren laguntzarik gabe, hamabi ordu baino gehiagoz.

Handik gutxira jakin zuen polizia-erakundeak —beraz, Eusko Jaurlaritzak— salatu egin zuela Silvia, erresistentziagatik, agintaritza agenteen aurkako bi atentatu-delitu eta bi lesio-delitu egitea egotzita. Azkenik, inplikatutako agente bati bakarrik eutsi zaio lesio-delitu arin bat egotzita; Silviari, berriz, zazpi urteko espetxe zigor neurrigabea eskatu zaio.

Salaketa asko eta asko iristen diraBizkaiko SOS Arrazakeriaren bulegora arrazakeriagatik eta Poliziaren gehiegikeriengatik. Kasuren batean, pertsona arrazializatu edota migratu bat, errepresalien beldurra gaindituta, Ertzaintzari tratu txarrengatik salaketa jartzera ausartzen bada, kontra-denuntzia itzuliko zaio, kasu guztietan, agintaritzaren aurkako atentatuagatik edo agintaritzari jarkitzeagatik.

Hau da, Poliziaren estrategia aldaezin bat dago, tratu desegokia salatu nahi duten pertsonei kontra-denuntzia jartzeko. Eta horrek esan nahi du polizia-erakundeak —hau da, Eusko Jaurlaritzak—, kasu guztietan, ustezko erasotzaileak babestea aukeratzen duela; baita, kasu honetan bezala, defentsarako abokatu-laguntza emanez ere. Silviaren kasuan, ofiziozko abokatu heroiko batek modu guztiz asimetrikoan estatuak proposatutako abokatuekin borrokatu behar izan du. Esan daiteke Eusko Jaurlaritzak, Poliziaren gehiegikerien biktimak ez babesteaz gain, erasotzaileen estaltzaile eta konplize sistematiko gisa jarduten duela.

Zuzenbideko estatu demokratiko bati legokiokeen moduan ikertu beharrean, biktimak erabateko babesgabetasunean uzten dira. Biktimak sistematikoki ikusezin bihurtzen eta kriminalizatzen dira, kalte handiak eraginez osasunari eta bizi-egonkortasunari, eta, askotan, kasu honetan bezala, ondorio psikologiko larriak izanez. Okerrena da polizia-erakundeak jarritako salaketa konpontzen ez den bitartean biktimaren salaketak ezin duela aurrera egin, eta, ondorioz, kalteak eta biktimizazioa berriro gertatu direla.

Hala ere, azpimarratu behar dugu zuzenbideko estatu sozial eta demokratiko batean, indarra, Poliziaren gehiegikeriak eta tortura justifikaziorik gabe erabiltzea giza eskubideen urraketa oso larria dela; jarduera horiek guztiak giza duintasunaren aurka doaz eta, askotan, pertsona ahulenei eragiten diete, kasu honetan bezala: emakume bat migratua eta arrazalizatua.

Horregatik guztiagatik, Bizkaiko SOS Arrazakeriak agerraldia egin genuen martxoaren 2an Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean, biktimaren abokatuarekin eta Boliviako kontsularekin batera, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko, espetxeratzea eskatu beharrean, atzera egin zezala Silviaren aurkako akusazioan. Horrela, Silviak berak salatu ahal izango du Ertzaintza, jasandako polizia-gehiegikeriengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.