Duela 90 urte, urrian, Gernikako arbolaren azpian zin egin zuen Jose Antonio Agirrek. Haren gobernuan elkartu ziren jeltzaleak, sozialistak, errepublikanoak, komunistak eta ANVkoak. Gerra betean, faxismoaren aurrean, herria jarri zuten alderdien gainetik. Ez da kasualitatea Agirreren arima horren aldarria berriz entzutea orain, ultraeskuina atarian dugunean: herri fronte zabal baten deia da, herriaren interesak interes propioen aurretik jartzeko deia.
Larregitan ikusi dugun argazkia da gizonez betetako gela bat. Azkenaldian medioetan urteurrenaren harira argazki historiko ugari publikatu dituzte. Argazki dezimononiko deitzen ditudan horietakoak. Badute oihartzun bat: Jean Louis Davidek 1789an zirriborratu zuen Pilotalekuko zina. Ez zuen bukatu, bukatzear zegoela testuinguru politikoa larregi aldatua zegoen eta jada jendartea ez zen horrekin identifikatzen. Askotan esaten da irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela: ez da beti horrela. Irudiek maiz ordezkatu nahi gaituzte baina egiatan, irudi horiek okupatzen dituzten lekuek islatzen gaituzte gehien. Hortaz, gizon taldeen hamaika argazkiekin izan ordez, demagun egungo jendartea islatuago sentituko balitz bestelako gorputz batzuk agertuko balira lidergoetan.
Izan ere, gauzak ikusteko moduan eragin zuzena du dakigunak edo sinesten dugunak. Ez dago begirada errugaberik. Nelson Goodmanek zioen irudi bat ez zaigula errealista iruditzen errealitatea hobeto kopiatzen duelako, ohitura bihurtu den irudikapen sistema baten baitan egina dagoelako baizik. Errealismoa, haren hitzetan, «erlatiboa da, kultura batean une jakin batean nagusi den irudikapen sistemak zehaztua». Gizonez betetako gela hori ez zaigu naturala iruditzen egia delako, mendeetan zehar errepikatu dugulako baizik. Walter Benjaminek faxismoaren aurrean argi zuen zein zen bidea: «Faxismoak politika estetizatzen du; komunismoak artea politizatuz erantzuten dio». Argazki zahar berberak argitaratzea ere ez da, beraz, ekintza neutroa. Danele Sarriugartek dioen moduan: «Ez da nik parekoak eta mundua hartu eta eraiki nahi ditudan modua».
Agirreren gobernuak erbestean iraun zuen, egitura batekin, karguekin eta memoria ofizial batekin. Emakume Abertzale Batzak eraikitako gehiena, berriz, errepresioak suntsitu zuen
Euskaraz baditugu bi hitz: irudikatu eta ordezkatu. Gobernu baten argazkiak biak egiten ditu aldi berean. Herria marrazten du, eta herriaren izenean nork hitz egin dezakeen zehazten du. Irudikapena ez da, beraz, errealitatearen isla; hau antolatzeko modu bat da. Argazkian agertzen denak aitortza jasotzen du, eta horrekin batera lekua eta memoria. Argazkitik kanpo geratzen denak lanean jarraitzen du, baina ez du izenik ez oinordetzarik. Hortaz, Agirreren arima berreskuratzekotan Haydée Agirrerena beharko luke izan. Faxismoaren kontra, herriaren alde, emakumeen eskubideen alde egindako bideak eraman zuen Larrinagako kartzelara, Polixene Trabudua lagun zuela. Ez zegoen bakarrik. 1936ko uztailean, 28.500 emakume inguru zeuden Emakume Abertzale Batzan. Haiek bultzatu zituzten lehen ikastolak. Gerran, eriak zaindu zituzten; erbestean, dirua bildu eta errefuxiatuen zerrendak egin. Ez ziren lehen gobernuaren argazkian egon.
Haydéeren figura erromantizatzeari uko eginik —ideologia katolikoaren, feminitatearen irakurketa esentzialistaren eta programa tradizionalistaren aldekoa zen—, honek islatzen duen ezlekua ikusgarritzean dago gakoa. Agirreren gobernuak erbestean iraun zuen, egitura batekin, karguekin eta memoria ofizial batekin. Emakume Abertzale Batzak eraikitako gehiena, berriz, errepresioak suntsitu zuen. Ikusezintasuna ez da ahanztura sinboliko hutsa: baliabideen, ondarearen eta jarraitutasunaren banaketa da. Irudikatzen ez dena ez da transmititzen, eta transmititzen ez dena belaunaldi bakoitzean hutsetik eraiki behar da.
Gobernuak ez dira hutsetik jaiotzen. Aurretik behar da sen komun bat, sare bat, egunerokoan errotutako antolakuntza txikiak. Hegemonia ez da parlamentuan irabazten; han jasotzen da, beste nonbait landu ondoren. Eta sen komun hori, neurri handi batean, irudiz egina dago. Mendeetan errepikatutako irudi batek ez du soilik erabakitzen zer ikusten dugun; zer espero dugun ere bai. Gizonez betetako gela bat behin eta berriz ikusten dugunean, politika gizonen jarduera dela ikasten dugu, edota herria emakume agintariak izateko prest ez dagoela esaten. I(ra)kaspen horrek egitura materialak sortzen ditu: karguen banaketa, diskurtsoen komunikazioa, erabaki politikoak nork hartzen dituen. Irudikapenaz gain egitura hutsa balitz bezala hitz egiten dugu askotan, baina hegemonia hor ere bihurtzen da material: sinbolotik ohiturara, eta ohituratik materialera.
Gizonez betetako gela bat behin eta berriz ikusten dugunean, politika gizonen jarduera dela ikasten dugu, edota herria emakume agintariak izateko prest ez dagoela esaten
Horregatik, kontrahegemonia ez da argazkian emakume batzuk sartzea. Ordezkaritza liberalak gela bera mantentzen du eta aulki batzuk morez margotzen ditu. Erronka sakonagoa da: politikatzat zer hartzen dugun aldatzea. Eta horretarako lidergo feministak behar dira. Hauek ez dira kuota bat, ezta besteek egindakoari kontzientzia errepaso bat ematen dietenak. Proiektuaren norabidea definitzeko ahalmena dutenak dira: zer den premiazkoa, zer den politika eta zer geratzen den agendaren amaieran. Eta lidergo hori ez da argazkian sartzean jaiotzen; behetik eraikitako konfiantza politikotik dator. Badira halako lidergoak gurean. Batzuek, Haydéeren bidetik, ordezkaritza instituzionalari eutsi diote urte zailetan; beste batzuk mugimendu feministan hezi dira, eta prest daude lekukoa hartzeko. Horrela hasiak dira argazkian sartzeaz gain argazkia bera aldatzen.
Lidergo feministarik gabe ez dago estatugintza feministarik; eta estatugintza feministarik gabe, ez dago herri proiektu eraldatzailerik. Estatu bat, azken finean, herri batek bere buruaz egiten duen irudi iraunkorra baita.