Ortuzar jaunari

Jose Angel Aramendi Bilbao
2014ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Hainbat egun pasatzen utzi ditut, zuk egindako deklarazio eta abarren inguruan sortutako mina, amorrua eta haserrea baretu nahian erantzun egoki bat bidali ahal izateko. Tarte honek gainera eman dit aukera, beste hainbat gurasoren iritzia jasoz, ikusteko antzeko sentipenak eta haserrea konpartitzen dugula horrelako deklarazioen aurrean, Etxerat osatzen dugun hainbatzuk.

Horregatik, nire izena jarri arren, kontuan eduki Etxerat osatzen dugun hainbat familiartekoren izenean hitz egiten dudala. Iraindu, mindu, umiliatu eta erabili gaituzu; ez duzu lotsarik, ez, eta ez dakit sentimenduak non utzi dituzun baztertuta.

Guztiz minduta, erabili izan gaituzulako zeuon alderdikeria politikoetarako, beste alderdi politiko bati erasotzeko, min egiteko ez dakit zer lortu nahian. Hori ez da gaurko egoerari aurre egiteko biderik egokiena; Etxerat-ekoek, zuekin egon garenean, ez dugu horrela jokatu; argi utzi dizuegu elkartearen izenean zeintzuk diren gure jokaera, aldarrikapen eta helburuak. Eskubideen arazoa mahairatu dugu edonoren aurrean. Oraingoan, muzin egin diozu gauza guztiei, lotsa barik, gutxiengo giza sentimendu eta etika bat hankaperatuz.

Nazkatuta eta haserre nago ezin dudalako ulertu zer ezkutatu nahi duzun horrelako deklarazioen atzetik. Zergatik ahaztuten duzu giza eskubideak, eskubideak diren heinean, beste barik bete behar direla? Egoera gordin honetan, gaixo larriak, sakabanatuak, bakartuak, eta abar eta abar daudenean, eusko parlamentuak berea egin duenean sakabanaketaren amaiera eskaera, zertara dator gure familiarteko presoei baldintzak eskatzea eta Etxerat lako elkartea, katebegirik ahulena, tartean erabili nahi izatea? Iparra galdu ote dugu? Ez ote dugu merezi errespeturik txikiena ere? Gure eskubideak behin eta berriro hankaperatzen direnean, zergatik pentsatzen duzu denon artean konpondu beharreko auzia izan barik, alderdi batek bakarrik babesa eman behar digula?

Lehengo egun batean, dispertsio politikaren 25. urteurrena gogoratuz, omenaldi xume eta sentibera eskaini genien politika anker horren ondorioz hildako Laudioko senide biri; bata, preso baten ama eta bestea, preso horren laguna, elkartasunaren adierazlerik garbiena; horrelako mila pertsona ditugu gure ondoan, laguntza, animoak ematen, penak kontatzeko bizkarra eskainiz. Horiek dira gure benetako babesa. Eta ez ahaztu, hamasei pertsonak bizia galdu dutela derrigortuta egitera gauden bidaiak egitean; milioika kontatzen ditugula egindako kilometroak gure senitartekoak ikusteko; zer esanik ez gastatutako dirutza; harrikatuak izan direla erabilitako autobusak, furgonetak; biluziak izan garela, umiliatuak eta biktima bihurtuak, inolako errekonozimendu barik. Eta zure deklarazioak emandako ostikada, gure familiarteko presoen eskubideak baita gureak ere xantaia lez erabiltzea, oso zitala, doilorra eta onartezina da.

Bi mila kilometro egin behar ditugu gure alaba ikusi ahal izateko; bi mila kilometro arduraz, nekeaz eta arriskuz beteak; bidaia luzeak, eguraldiaren eragina, sentipenaren zama, osasuna edo adinagatik bisitarik egin ezina, egunerokoko ardurak, eta abar eta abar, kontatuz ere islatu ezin dena; zer den hori jakiteko, bizi behar dena. Hori da Etxerat-eko familiartekoen bizitza.

Zuk, garai honetan, inolako lotsa barik, ez duzu beste aukerarik izan zeuon politikerietan gure izena eta izana sartzea baino; ahaztu duzue dispertsio politika gauzatzerakoan zelako erantzukizuna izan zenuten alderdi bezala? Ajuria Eneko paktuaren garaiko ardura eta interes berbera erakustea eskatuko nizuke, baina kontrako bidean, duzuen erantzukizunari aurre eginez eta kontuan izanik, gaur eta hemen, denok egin beharko duzuela hausnarketa sakon bat zergatik luzatu den hainbesteraino euskal arazoen konponketa. Gu familiarrak gara, eta gurea ez da izan hautu librea, baina politikan sartzen denak hori argi eduki beharko luke.

Eta amaitzeko, arrazoia emango dizut gauza batean: euskal preso politikoen familiarrak nazkatuta eta asaldatuta gaudela diozunean.

Nazkatuta, gure iritzia jaso barik gure izenean botatzen direnean horrelako ahokadak; nazkatuta, honelako espetxe politika ankerraren aurrean; honelako salbuespeneko legedia ezartzen denean; gure presoen giza eskubideak bortxatzen direnean eta gu geu, politika honen biktima bihurtuz ondorio latz guztiekin, zuok, arazoak konponbidean sartzeko zaudeten politikariok, bestaldera begiratzen duzuenean.

Eta asaldatuta, noski, gure eta gure familiartekoen bizitza jokoan dagoenean. Asaldatuta, honelako salbuespeneko legedi hiltzaile baten aurrean; asaldatuta, ahal dena eta gehiago egiteko prest gaudelako hau iraultzeko; asaldatuta, onartuko ez dugulako familiar gisa erabiliak izateak ezkutuko interes zikinen mesedetarako; asaldatuta, etsiko ez dugulako egoera anker hau salatzen, eta argi izan, ez ditugula bazterturik utziko, gure presoak beti izango dutelako gure babesa eta laguntza, beraien azkena etxeratu arte.

Eta diferentzia guztien gainetik, Ortuzar jauna, Monzonek zioen antzera, ea Maltzagaraino bada ere kapaz garen batera joateko. Zaindu eta bidean ikusiko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.