Beste behin, berriz, berriro ere, Osakidetzak aurten zein datorren urterako aurreikusiak dituen zenbait lan eskaintza publikotan, euskaldunentzako jipoia planifikatu eta exekutatu du. Azterketa ofizialetan herri honen hizkuntza nazionala eta ofiziala den euskarari eginiko eraso zahar berria.
«Disminuyendo», itxuraz, euskaraz handitzen da; «moderado», aldiz, arina. «Posteroinferior», atzealde-aurrealdeko; «años» uneak dira, eta «administrar», hartu. Hauexek adibide labur eta ulerkorrenak.
Behin eta berriz euskarafobia elikatzera dedikatzen diren EAJ eta PSEren jarrera deitoragarria da. Salagarri deritzogu euskaldunon zapalkuntza sistemiko hau ukatu eta espainieraz onargarri ez liratekeen galdera, esaldi, espresio edota ortografia zein gramatika akatsak ezkutatu eta azterketak euskaraz egin nahi izatea zigortzeari.
Zenbait hitz k-rekin beharrean c-rekin jartzea, tildeak non-nahi, «b y c okerrak dira», espainierazko akronimoak gaizki itzulita edota zuzenean espainieraz jarrita…
Gobernua, Osakidetza eta administrazioa orokorrean euskararen aldekoak direla eta gune formalak euskaldunak direla dioten horien diskurtsoari aurre egitera behartuta gaude. Euskaldunon saretzea, antolatzea eta desobedientzia ezinbesteko dira euskararen zein paziente euskaldunen biziraupenerako eta horrek bestelako diagnostiko eta praxiak eskatzen ditu.
Euskaldunak izatearren enplegu publikorako bidea zaildu eta ixten digute. Gaizki ulertarazten den galdera bakoitza puntuazio baxuagoa lortzeko aukera bat gehiago da espainieraz egin dutenen aldean.
Diotenarekin kontrara, administrazio eta gobernu honen euskararen aurkakotasun militantea oso larria da
Euskaraz azterketak egiteak zigortu egiten du euskalduna. Antza denez, Osakidetzak ez ditu langile euskaldunak nahi. Ez ditu euskarazko, kalitatezko arreta eskaini dezaketen langile horiek nahi.
Ikasmateriala espainieraz izateaz gain, azterketen euskara maila eta edukia tamalgarriak dira. Kasu honetan, 4 EPE azterketa soilik aztertuta ere (erizaintza, erizain laguntzailea, zeladorea, zerbitzuetako langileak), nabaria da euskararekiko utzikeria. Akats puntualez gain, akats larriak ere ohikoak izan dira. 110 galderatatik, hona datuak: Erizaintzakoan: 110 galderatik 52 akats arin eta 24 larri. Guztira 76 akats. Erizain Laguntzaileenean: 110 galderatik 31 akats arin eta 13 larri. Guztira 44 akats. Zeladoreenean: 110 galderatik 33 akats arin eta larri. Guztira 44 akats. Zerbitzuetako langileenean: 110 galderatik 25 akats arin eta 17 larri. Guztira 42 akats.
Adibide larriak: «Prefijo» / aurrezki; «Para aumentar el alcance» / distantzia handitzeko; «Fracción» / proportzioa; «Lista de espera» / itxaropen-zerrenda. «No debe ser menor a 15 seg.» / 15 segundotik beherakoa izatea. «Tiempo de vacío» (garbiketan) / hutsartea; «Dejar el tiempo suficiente para que mate» / hil arte uztea; «Diferenciada» / berezia; «Sonda postpilórica» / piloro atzeko zunda; «Gases» / haizeak; «Enfermedad Insidiosa» / gaixotasun maltzurra; «Complicación inevitable» / ezinbesteko konplikazioa. «Trastorno mental» / buru nahasmendua; «Tira electrocardiográfica» / elektrokardiograma zerrenda. «Persona afectada» / pertsona ukitua. «No nos permiten escuchar al paciente» / ondo entzuteko jarraibideak. «Afinidad» / ezkontza-ahaidetasun.
Azterketan bertan euskarazko ereduaren kalitate baxua adierazita, langileei espainierazko eredura pasatzeko aukera ematen zaie soilik, espainierazko eredua ikusteko (galderak ulertzeko modu bakarra sarritan). Espainierazkoa ikusi eta euskarazkoa erantzuten ere ez dute uzten.
Euskaraz aurkeztearren zigortzen gaituzte. Euskaldunak izatearren enplegu publikorako bidea zaildu eta ixten digute. Gaizki ulertarazten den galdera bakoitza puntuazio baxuagoa lortzeko aukera bat gehiago da espainieraz egin dutenen aldean.
Diotenarekin kontrara, administrazio eta gobernu honen euskararen aurkakotasun militantea oso larria da. Euskaldunokiko, euskarazko arretarekiko gorroto sistemikoaren beste sintoma onkologiko bat.
Osakidetzari hemendik aurrerako azterketen kalitatea egokia izateko exijentzia luzatzen diogu, egoeraren larritasuna salatuz, euskararen eta euskaldunon osasunaren mesedetan. Ez dugu inongo konfiantzarik egungo Osasun Sailean eta, beraz, langile, euskaltzale eta ikasleek aurrera jarraituko dugu osasungintza euskalduntzen, haien gogoz kontra bada ere.