Gure ustez, osasun publikoa guztiona da, eta eskubide bat da, ez pribilegio bat. Orain hondatzen ari da, eta horregatik Nafarroako Osasun Plataformak ekainaren 19an manifestazio batean parte hartzera deitu ditu herritar guztiak, osasun publikoaren defentsan.
Lehen Mailako Arreta eta Osasun Publikoa dira herritarrek osasun-sistemarekin duten lehen harreman hurbila. Osasunaren sustapena, prebentzioa, sendatzea, birgaitzea eta birgizarteratzea oinarrizkoak dira. Beharrezkoa da arreta hori integrala, irisgarria, jarraitua eta koordinatua izatea. Osasun publikoa defendatzea Lehen Mailako Arreta indartzearen alde egitea da, horrela osasun baliabideak modu egokian erabiliz.
Osasunbideak okerrera egin du, eta bertako profesionalok eta herritarrok beste kudeaketa-eredu bat behar dugu, lehen mailako osasun-arreta sendotuko duena, sistemarako irisgarritasuna hobetuko duena eta kontsultetarako, proba diagnostikoetarako eta ebakuntza kirurgikoetarako itxaron-zerrendak murriztuko dituena. Ordu estrak edo peonadak egiteak eta sistema pribatura deribatzeak erakutsi dute ez direla modurik onena baliabide publikoak kudeatzeko. Osasun sistema publikoan profesionalen dedikazio esklusiboaren eta Osasunbideko langile guztientzako lan-baldintza duinen alde egiten dugu.
Ez ditugu ahaztu behar beste alderdi garrantzitsu batzuk, hala nola hiriko eta landa-eremuko ekitate asistentziala hobetzea, arreta soziosanitarioa koordinatzea, osasun mentalari arreta ematea, laneko osasuna eta ikerketa publikoa, zeinaren emaitzak osasun-sisteman bertan islatzen baitira.
Kezkaz ikusten dugu osasun-sistemaren barruan dagoen gatazka-egoera iraunkorra, herritarren osasun-beharrei erantzuteko eragin negatiboa baitu. Profesionalen eta erabiltzaileen konpromiso kolektiboa berreskuratu behar dugu, sistema publikoaren funtzionamendu egokia bermatzeko.
Osasun-arreta unibertsal, publiko, ekitatibo eta kalitatezkoaren bidez bakarrik bermatu ahal izango dugu etorkizun hobea. Gure herri eta auzoetako osasun arreta eta zaintza beharrak bermatzeko printzipio horiek osasunari buruzko Foru Lege berrian islatu behar dira, baina gobernuaren egungo proiektuak behar duen hobekuntza ez da errealitate izango mobilizaziorik gabe. Horregatik guztiagatik deia zabaltzen dugu manifestaziorako.