OPA herri plataformak, LAB, CGT, Steilas, ESK, CNT eta LSB/USO

Osasun publikoaren alde, mutualitateei ez!

Iñaki Moreno, Inko Iriarte, Javier Quintanilla, Nagore Landa, Sarai Arze, Ignazio Donezar eta Nerea Cabrera
2024ko martxoaren 26a
05:00
Entzun

Urteak dira Euskal Herrian eta Europan osasun sistema publikoa desegiten ari dela. Farmaziako gehiegizko gastuari, zainketa aringarrien garapen mugatuari, lehen mailako arretaren aurrekontu eskasiari... Mutualitateen Elkartearen (AMAT) proposamena gehitu behar zaie, eta horren lehen adierazlea Enpleguaren eta Negoziazio Kolektiboaren aldeko V. Akordioan Espainiako Estatuan gehiengoa duten enpresa eta sindikatu erakundeek sinatutakoa da. Itxaron-zerrenda luzeak eta lan absentismo handia daudela aitzakiatzat hartuta, ezarri nahi digute aurrerantzean Gizarte Segurantzarekin diharduten mutualitateek artatzea jatorri arrunteko giharretako minak. Eskatutako proba diagnostikoak eta tratamenduak osasun sistema publikoari fakturatuko zaizkio bi osasun sistema eratuz; bata biztanleria aktiboaren alta medikoa bizkortzeko eta bestea deskapitalizatua, gainerako biztanleentzat. Espainia da lan baldintza txarren ondoriozko kalteak enpresa mutualitateek artatzen dituzten herrialde bakarra. Mutualitateek eta enpresa erakundeek kezkatuta daudela esaten dute giharretako kalteengatik, baina ez dute inolako esku hartzerik planteatzen laneko arrisku ergonomikoak murrizteko. Beraiek erabakitzen dute kalte bat lanekoa den edo ez.

Badakigu lesio eta patologia askoren lan jatorria aitortzeari uko egiten diotela, baja egoeran gaudenean mutualitateen jazarpena jasotzen dugula, ematen duten arreta eskasa dela eta zailtasunen aurrean arduragabekeria erakusten dutela. Itxaron-zerrendak murriztearen aitzakiarekin arreten %20 baino gehiago iruzurrez bideratzen dituzte osasun pribatura.

Mutualitateen herena ustezko iruzur ekonomikoengatiko auzietan murgilduta dagoela ezkutatu dute, eta ez dute zabaltzen 2021ean zeuden mutualitateetako sei zuzendaritzako kidek urtean 200.000 euro baino gehiago kobratzen zituztela eta beste hamabik 100.000 baino gehiago. 2009an, kontuen auzitegiak esan zuen mutualitateen irregulartasunak «gaitz orokorra» zirela, kontrol faltagatik, bidegabeko ordainketengatik, Gizarte Segurantzak bere gain hartu ezin dituen kostuak eragiten dituzten sustapen eskaintza lehiakorrengatik eta eurek ezarritako kaleratzeengatiko kalte ordainengatik. Ez dute erakusten kudeaketan bikaintasun berezirik dagoenik, baizik eta kudeaketa arautzeko prebendak eta xahutzeak ematen direla, gizarte segurantzari egindako izaera publikoko kotizazioen kontura.

Mutualitateak osasun sistema publikoaren historia klinikora sartuko direla esaten dute, baina Mutualiak hori jada egiten du, EAJ-PSE gobernuaren erabakiaren bidez. Mutualitate batek egindako proba diagnostiko edo tratamendu proposamen bat onartzea edo ez onartzea ez da inoiz librea langilearentzat. Ezaguna da alta ematearen mehatxua maiz gertatzen dela, laneko tratamendu proposamenak jarraitzeari uko egiten bazaio.

Eta plan horiek nola eragingo diete gainerako biztanleei? Osasun sistema publikoaren arreta hondatuz:

  • Ekonomikoki deskapitalizatzeagatik bere esku hartzeen kostua Euskal Osasun Sistema Publikoari kobratuz.
  • Giza baliabideak. Mutualitate sistemak ez du baliabide nahikorik langileen kalte traumatologiko guztiei erantzuteko, eta horrek sistema publikoko traumatologiako espezialistak kontratatzea ekarriko du. Goizean publikoan egiten ez dena «arratsaldez» egingo da pribatuan, ordainduta.
  • Mutualitateek lehen mailako arretarako eta Ikuskaritza Medikorako planteatzen duten burokratizazioaren igoera esponentzialagatik, langileei bajan egotea justifikatzen duten txostenak behin eta berriro eskatuz.
  • Patronalaren eta mutualitateen estrategiak, CCOOren eta UGTren laguntza paregabearekin, ez du zerikusirik langileen osasunarekin, eta gainerako herritarren osasun-beharrei erantzutearekin. Egia esan, jauzi ikusgarria egin nahi da osasun-sistema publikoa pribatizatzeko eta negozio pribatua handitzeko estrategian.

Honako hau eskatzen dugu:

  • EAEko eta Nafarroako gobernu autonomikoei AMATek planteatutako hitzarmen-proposamenari eta V-Negoziazio Kolektiboaren Estatuko Akordioaren VII. kapituluko edukiei uko egitea.
  • Estatuko gobernuari Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorraren azken xedapeneko hirugarrena berehala aplikatzea. Gobernuak, errege dekretu bidez, dagokien ministerioekin adostuta, zera xedatuko dute: mutualitateen osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak osasun sistema publikoan sartzea.
  • Osasun publikoaren menpe uztea estatuko Administrazio Publiko guztietako langileen osasuna, Gizarte Segurantzako kotizazioen eta zergen finantza baliabideak, Euskal Osasun Zerbitzura eta Osasunbidera bideratuz.

Enpresa mutualitateak ahultzeko, honetarako konpromisoa hartzen dugu:

  1. Enpresek kontingentzia profesionalen arreta zuzena Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin (GSIN) hitzartzea. Hala, lanak eragindako kalteak Osakidetzak eta Osasunbideak artatuko dituzte. Gobernu autonomikoek kupoaren bidez negoziatu beharko dute Gizarte Segurantzari egindako gastuen itzulketa.
  2. Funtzio publikoko langile guztiak Gizarte Segurantzarekin lankidetzan aritzen diren autoaseguratzaile banatan eratzea eta sartzea, haien kontingentzia profesionalak osasun sistema publikoak artatu ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.