Ulisesen eta Troiako zaldiaren amarru mitologikoaren istorioa ezaguna da. Ikusirik hiria garaiezina zela, Ulisesek egurrezko zaldi erraldoi bat eraikitzea agindu zuen, eta hiri-sarreran utzi zuen, opari gisa. Troiarrak engainuaz ohartu ez eta hiri barruan sartzen utzi zuten. Ordu txikitan, hiria lo zegoela, zaldi barruan gorderik zeuden soldaduak bertatik atera eta hiriaren ateak zabaldu zizkioten Ulisesen armadari, eta greziarrek Troia hiria menderatzea lortu zuten horrela. Kanpotik garaiezina zelakoan, barrutik eraso. PAI programak Troiako zaldia izan nahi du euskarazko irakaskuntzarentzat, baina, zorionez, troiarrak ez bezala, gu horren jakitun gara.
Hasieratik salatu dugu 11/2022 Foru Legeak, PAI Legea izenekoak, hezkuntzaren kalitateari kalte egiten diola eta bertako hizkuntz ereduak ahultzen dituela. Kaltetuena D eredua da, euskara hizkuntza zaurgarria delako. Eta salatu izan dugu atzerriko hizkuntzen programa hori helburu horretarako sortu zutela, hain zuzen ere. Gure ustez, eleaniztasun paradigma oker bat du oinarri, diskriminatzailea da eta euskararen murgiltzea bera higatzen du. Hori gutxi balitz, orain egoerak okerrera egin du 57/2024 eta 58/2024 Foru Aginduekin. Lehenak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan atzerriko hizkuntzetan ikasteko programak garatzen ditu; eta bigarrenak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak.
Bi foru agindu horiek D-PAI duten ikastetxeetan zer ondorio izango duten azaltzeko, bi lan-saio izan genituen Parlamentuko Hezkuntza Batzordean. Maiatzaren 14an, Iparralde Institutuko zuzendaritza izan genuen. Maiatzaren 21ean, Erriberri, Tafalla, Gares, Sarriguren, Buztintxuri eta Noaingo eskoletako gurasoen plataforma. Salatu zuten foru agindu horien bidez atzerriko hizkuntzen eskola-orduak are gehiago handituko direla euskarazko orduak gutxituz. Adibidez, LHn pasatuko dira 6 ordu ingelesez ematetik 7-12 ordu bitarte ematera, eta DBHn, 6 ordu ematetik 8-12 ordu bitarte ematera, G ereduarekin berdinduta. Gainera, ingelesezko orduak hainbat ikasgai nagusitan eman beharko dira nahitaez, orain arte ez bezala (Natur, Gizarte eta Kultur Ingurunearen Ezagutzan, Geografia eta Historian, Biologia eta Geologian eta Fisika eta Kimikan, adibidez).
Eta alarma guztiak piztu dira. Hasteko, D ereduko familia askok ez dutelako PAI programa aukeratu, inposatua izan baita. Bestetik, arazo metodologiko gaindiezinak daudelako; adibidez, Iparralde Institutuan esparruka lan egiteko proiektu berritzailea kili-kolo dago. Gainera, programa horretako ikasle batzuek ez dute lortzen ingeles maila nahikorik zenbait eduki behar bezala barneratzeko. Izan ere, 43/2023 Foru Aginduak ezartzen du programa horren helburua dela LHn ingelesean A1 edo A2 maila lortzea, eta DBHn A2 edo B1 maila lortzea. Oso helburu eskasak, inondik ere, ingelesak lan-hizkuntza izan behar baitu zenbait ikasgaitan. Gainera, ikasle batzuk ez dira maila horietara ere iristen. Horregatik, ez da harritzekoa ikastetxeetan egiten diren proba diagnostikoetan zantzu kezkagarriak agertzea: gero eta agerikoagoa da PAI ezarri zenetik ikasleek ez dutela esperotako ingeles-ezagutza lortzen eta hainbat ikasgaitan ikasleen konpetentziek behera egin dutela.
Eta euskarari dagokionez, ikasleen euskara mailak beheranzko joera du, nabarmen. PAI programarekin euskarazko orduak jaitsi egin dira eta horrek ondorio argia du: D eredua bera da arriskuan jarri dena. Tamalez, ikastetxe horietako ikasle gehienek euskararekin duten kontaktu ia bakarra eskola bera da, eta kontaktu hori gero eta ahulagoa da. Eta frogatua dago euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko ezinbestekoa dela benetako murgiltze eredu bat, integrala eta kalitatezkoa.
Eta ez hori bakarrik. Foru agindu horiek beste albo-kalte bat ekarriko dute: irakasleen ezegonkortasuna. Zer gertatuko da, adibidez, 2022an merezimendu-lehiaketa bidez eta salbuespenez egonkortu ziren PAI programako hainbat irakaslerekin? 2023-2024 ikasturtetik horietako batzuk Gorputz Hezkuntza eta Musika ingelesez ematen ari dira HHn eta LHn; eta Matematika eta Teknologia ingelesez DBHn. Baina hemendik aurrera ikasgai horiek ez dira atzerriko hizkuntzan emango. Eta alderantziz: zer gertatuko da orain arte hainbat ikasgai gaztelaniaz edo euskaraz ematen zituzten irakasleekin? Hemendik aurrera ikasgai horietako batzuk ingelesez eman beharko dira. Beraz, profila ez duten irakasle batzuk lekualdatu beharko dituzte. Zenbat? Galdera asko eta erantzun gutxi. Gogoratu behar dugu, gainera, Auzitegi Gorenak PAI Legearen kontrako helegitea onartu zuela, Konstituzioaren kontrakoa izan daitekeelakoan. Zentzugabekeria zentzugabekeriaren gainean.
Argi dago 57/2024 eta 58/2024 Foru Aginduek gure hezkuntza sistema oro har ahulduko dutela, eta batez ere euskararen irakaskuntza. Baina, gure ustez, PAI programa bera izan zen hasieratik euskarazko murgiltze ereduaren funtsa higatu zuena. Troiako zaldia. Horregatik, Garesko eta Elizondoko eskolek dagoeneko PAI programatik ateratzea eskatu dute, eta D ereduko beste ikastetxeak mobilizatzen hasi dira. Ahotsa ozen altxatu dute. Horixe da bidea.