Joan den astean sinatu zuten su-eten akordioa entitate sionistak eta palestinar erresistentziak. Israelek akordioa betetzen badu, palestinar herriak arnasa pixka bat hartu ahalko du azken bi urte hauetako ofentsiba kriminalaren ondoren: Israelgo armadak Gazatik atera beharko du, 2.000 preso politiko palestinar aske geldituko dira, eta Gazan laguntza humanitarioa sartu ahalko da. Akordioa betez gero, Israelek ez ditu beteko 2023ko urriaren 7aren ondoren ezarri zituen helburuak, ez baitu palestinar erresistentzia ezabatu ez eta Gazaren kontrol osoa eskuratu ere. Era berean, nazioartean bere egiazko izaera terrorista agerian gelditu da.
Hala ere, akordio horrek ez dio askatasunerako bermerik eskaintzen Palestinari, eta ez du genozidioa geldituko. Batetik, Israelek behin eta berriro frogatu duelako garbiketa etnikoa azken bururaino eramateko asmoa duela, eta akordioren batera iritsi denetan ere, ez duela hitza betetzen. Oraingo akordioa sinatu ondoren, Gaza bonbardatzen jarraitu zuen, esaterako. Bestetik, akordioak ez diolako bidea itxiko kolonizazio sionistari. Azken bi urteetako sarraskiak kolpatuta eta estatu inperialisten presioak bultzatuta sinatu du erresistentziak akordioa, Trumpen hasierako plana hainbat puntu garrantzitsutan baldintzatu duen arren, armagabetzeari eta Gaza nazioarteko indarren esku uzteari uko eginda. Laburbilduz, Genozidioa eta kolonizazioa beste fase batean sartuko dira, baina ez dira hemen amaituko.
Testuinguru honetan, azken egunetan hainbat ahots aritu dira palestinarrei entzun behar zaiela eta Israelen kontrako diskurtsoa baretu behar dela esanez. Tartean, duela bi asteburu Iruñeko kaleak bete zituen manifestazioari buruzko kritikaren bat ere entzun dugu, palestinar erresistentziari babesa eman eta Israelen desegitea aldarrikatzeagatik. Esaterako, Gernika-Palestina ekimeneko bozeramaileak joan den astean esan zuen ez dela mezu hori palestinarrak eskatzen ari direna.
Lehenik eta behin, deigarria iruditzen zaigu palestinar herriaren aldarrikapen historikoak jaso gabe (Palestinaren deskolonizazio osoa, erresistentziarako eskubidea, preso politikoen eta errefuxiatuen itzulera, nazioartean Israeli boikota…) eta erresistentziaren ekintzen kriminalizazioa onartuz sortu zen ekimen bat «palestinarrei hitza» emateaz aritzea.
Palestinarekin Elkartasuna plataforman oso argi dugu bi gauza ezberdin direla hil ala biziko egoeran palestinarrek taktikoki erabaki dezaketena eta inperialismoaren bihotzean bizi garenok esan eta egin behar duguna. Palestinaren erabakia kolonizatzailearekiko duen indar-harremanaren araberakoa da, eta horrek bi iturri ditu: gehienbat, bere erresistentzia gaitasuna; eta bestetik, palestinarren erresistentzia-indar aliatuek eta mendebaldeko estatu inperialistetan herri langileek eragin dezaketen presioa. Hau da, Israeli zilegitasuna kentzea eta mendebaldeko herrialdeen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar-harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko. Kontrara, Trumpek bultzatu duen akordioa goraipatu eta esperantza guztiak bertan jarriz gero, palestinar herriaren eta lurraldearen gaineko erabakimena entitate sionistaren eta Estatu Batuen esku uztea ahalbidetuko da, erresistentziaren kriminalizazioari bidea irekiko zaio, estatu sionista berriro zilegituko da eta Israelen aurkako nazioarteko presioa baretuko da.
Ados egongo gara palestinarren borondatea hamarkadatako genozidioa gelditzea eta haien lurraldea askatzea dela. Auzia da, palestinarrek errepikatu duten bezala, eta, era berean, Palestinaren aldeko hainbat taldek egiten dugun bezala, entitate sionistaren existentziak berak ezinezko egiten duela aukera hori, bere izaera kolonialagatik. Bi estatuen aterabidea ilusio faltsu bat besterik ez da, Israelen izaerak eta historiak erakusten digutenez. Israelgo aparatu politiko-militarra desegin beharra dago palestinarrek erabaki ahal izateko; hau da, lurralde osoa ibaitik itsasora deskolonizatzeko. Ez dago genozidioa gelditzerik, genozidak irauten badu. Nork pentsa dezake nazismoa garaitu gabe posible zela juduen, ijitoen, homosexualen edota komunisten aurkako holokaustoa gelditzea?
Palestinar herriak lortzen dituen akordioek ezin dute eragin Palestinaren aldeko militantzian Israelen eta bere mendebaldeko konplizeen kontrako presioa baretzea, ezta erresistentziari edo palestinarren aldarrikapen historikoei zilegitasuna kentzea ere. Palestinar herriak akordioari buruz hartutako erabakia erabat errespetatzen ditugu, baina kolonizazioak indarrez ezarritako baldintzak seinalatu behar ditugu, herri palestinarra etengabe behartzeagatik sarraskiaren ala pixkanakako genozidioaren artean aukeratu behar izatera. Horregatik atera ginen hamarnaka mila lagun Iruñean duela bi aste palestinar erresistentzia babestera eta proiektu sionista suntsitu behar dela aldarrikatzera. Hemendik aurrera ere, bide horretan egingo dugu ekarpena.