Stop Fosilak

Petrolio gordina

Jon Urzelai
2026ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batez beste petrolio buke bat iristen da egunero Bilboko portura. Bere eratorriak eta gas natural likidotua ere bai, baina petrolio gordina da iristen zaiguna batez ere, oliobide batzuen bidez Muskizko Petronorren azpiegituretara igortzen dena, bertan findu dezaten. Munduari bi buelta eta erdi emateko lain gasolina ekoizten omen da minutuko Muskizen eta hala jasotzen dugu gasolindegietan, modu eraginkor eta aseptikoan.

Parisen sinatu genuen industria aurreko garaietatik tenperatura ez dugula 1,5 ºC edo, asko jota, 2 ºC baino gehiago igoko 2050. urterako eta Europan ordurako karbono neutraltasuna lortzea hitzartua dugu. Horrek atzera-kontu bat eta karbono aurrekontu bat ezartzen dizkigu, hau da, 1.100 Gt CO2 inguru igorri ahal ditugu gehien-gehienez eta, urtean 40 Gt igortzen ari garenez, 27 urte genituzke 2ºC-ak ez gainditzeko aukera %50ekoa izateko (13 urte, asmoa 1,5ºC-tan geratzea balitz). Helburu hori beteko ez bagenu, zenbait atzeraelikadura bukle positibo aktibatzeko arriskua legoke, Lurra egoera ezezagunera bideratu lezaketenak. Iparra finkatzeko baliagarri zaizkigu datuok: guztiz deskarbonizatu behar dugu gure petroherri hau, ahalik eta azkarren. Inertziak egokitu behar ditugu, beraz; lurraren defentsak baino, Lurraren defentsak behar du lehentasun nagusia.

Andreas Malm aktibista klimatiko marxistak idatzi zuen, duela hamar urte, ehunka orritan kapital fosilaren inguruan gaizki esaka aritu ostean: «Irtenbidea, iraultza edo, ez horren labur, aldaketa klimatikoaren kontra egiteko jabetza harreman sozialistak behar dira edo antzeko argudioak defendaezinak dira jada». Ez dago herrialde komunistarik munduan –ez behintzat komunistek ezaugarri hori hobetsiko diotenik– eta XXI. mendeko sozialismoa ezartzera zetorren agintariaren oinordekoa bahitu berri dute masen erreakzio suharrik gabe. Etxerako lanak egiteko mende laurden dugula jakinda, harreman sozial kapitalistak agintean daudela egin beharko ditugula agerikoa da, tamalez.

Energia berriztagarriak bultzatu behar ditugu eta gizartea elektrifikatu, azkar eta modu masiboan, inperio fosilen trabei aurre eginez

Desazkunde masibo, adostu eta arduratsu baten aurrekari edo erreferente argirik ere nekez topatuko dugu. Non eta noiz gertatu da gertuko bizitza komunitario baten aparraldi itzela? Gipuzkoan jendeari zaborra gaika sailkatu eta gauero ateratzea eskatzeak alderdi jakin bat nola higatu zuen gogoratzea ez dago soberan. Deskalabru honi daukagun gizartearen tasun eta keriekin egin behar diogu aurre. Eta hori baldintza gogor bat da, kasik naturalak bestekoa.

Auzia ez da business as usual egiten jarraitzea eta teknologiek dena konponduko dutela pentsatzea, baina hauen garapenari ez ikusiarena egitea ere absurdoa da: merkeagoak eta efizientagoak dira jada iturri berriztagarriak eta, kasu, subiranotza ere ematen dute. Galde diezaietela kubatarrei, iraultzez eta desazkundeez zerbait badakien herriari. Berriztagarriek ez omen dute ezer ordezten, baina Txinak ikatzez egin duen bidea jarraitzeko India zidor elektriko bat hartzen hasi da, eta Pakistanen herritarrak ari dira teilatuak plakaz estaltzen, abiadura itzelean. Iraultzak aurreikusi gabeko tokietan gertatuko direla dirudi, beste behin.

Crudo, brut, crude, hiztegiak ez du zalantzarako tarterik uzten: erregimen fosilean ez dago bromarik. Energia berriztagarriak bultzatu behar ditugu eta gizartea elektrifikatu, azkar eta modu masiboan, inperio fosilen trabei aurre eginez. Jabetza borrokatzea eta ingurugiroan ahal bezain eragin txikiena izatea, horrek behar luke gure borroka. Trantsizioa, azkarraz gain, justua ere izan dadin bermatzea, errealismo antzuan ez jaustea. Baina ezin dugu oinarri gordina ahaztu, ez dezagun mezua sobera findu, maximalismoak ez daitezela kontserbadore izateko aitzakia izan. Klima larrialdiari aurre egiteak ez ditu bestelako egiturazko arazoak konponduko agian, baina egonkortasun klimatikoa ezinbesteko baldintza da inoiz horiei aurre egiteko gai izan nahi badugu. Lurreko bizi-egitura bera hankaz gora jartzen ari baikara. Borrokak txirikordatu ditzagun, baina urgentzia argi izanik: Bilboko portuan sartzen ez den upel bakoitza garaipen bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA