PISA, PISA, PISA… azken egunetan guztion ahotan. Azken egunetan, denak hezkuntzaren jakitunak. Azken egunetan, telebistan, etengabe, kate guztietan. Azken egunetan, PISA probak ikastetxeetan egiten zirela ez zekitenek bat-batean eskuak burura eraman dituzte. Hori bai, guztiak errudun bila. Nola izan liteke ilarako azkenetarikoak izatea? Ikastetxeen errua, noski. «Ikasleek sei ordu pasatzen dituzte han barruan, eta begira, ez dakite ezta zer irakurtzen ari diren ere». «Opor gehiegi dituzte eta dena ahazten dute». «Gaurko irakasleak oso malguak dira eta maila jaitsi egin dute». «Teknologia berrien errua da, eztabaidaezina da». «Apokalipsia heldu da».
Ados, hasiko gara erruduna (edo errudunak) bilatzen.
Susmagarri number one: Pantailak. Gaur egungo etsairik handiena. Egun osoan pantaila bati itsatsita, baita klasean ere. Eta galdera airean agertzen da… norbaitek erakutsi al die noizbait nola erabili behar diren?
Susmagarri number two: Klasean egiten dena. «Honek zertarako balio du?» vs «Honek ez dit ezertarako balio». Astean zehar gehien entzuten diren esaldiak. Nola azaldu ahal diezu beharrezkoa dela ulertzen jakitea, pentsatzen jakitea haien erreferente handiena (txertatu edozein influencer berriren izena) esaten badie eskolak ez duela ezertarako balio?
Susmagarri numbre three: Euskara. Noski, gure umeek bi hizkuntza ikasi behar dituzte eta azkenean ez bata ez bestea… Baina bueno, badakigu edozein aitzakiak balio duela euskararen kontra joateko. Are gehiago, Euskadin euria ari du gure ikasleak euskara ikastera behartuta daudelako. Ukaezina da, bai, bai.
Nola azaldu ahal diezu beharrezkoa dela ulertzen jakitea, pentsatzen jakitea haien erreferente handiena (txertartu edozein influencer berriren izena) esaten badie eskolak ez duela ezertarako balio?
Susmagarri number four: Klaseak zaharkituta daude. Klaseak emateko era aspergarria da. Liburuak zaharkituta daude. Honetan zabalduko naiz; azkenengo aldietan azterketak pisu gutxiago eduki behar dutela zabaldu da. Konpetentziak ebaluatu (eta kalifikatu, ez baita gauza berdina) behar dira eta horretarako ikasgaiko hainbat esparru kontuan hartu behar dira. Nire kasua, DBHko irakaslea, azterketek %40ko pisua dute amaierako notan. Hori bai, unibertsitatera joan nahi duzu? Bi kurtso emango dituzu azterketa bat prestatzen, eta nota horrekin zure etorkizuna aldatu ahalko da (txarrerantz edo hoberantz). Kontraesan hutsa, bai, badakit. Baina arazoa da hezkuntza kontraesanez beteta dagoela. Ea, beste bat kontatuko dizuet: klase batean 20-25 ikasleei erantzun eta arreta berdina eman behar diezu 55 minutuko saio batean. Ez dago esaterik klasea dibertsitatez beteta dagoela. Eta dibertsitate hitzarekin ez dut esan nahi dislexia, TEA edota TDAH duten ikasleek… gizartean gertatzen den moduan, guztiok gara ezberdinak eta guztiok behar ezberdinak ditugu. Beraz, bai, irakasle bat eta 25 errealitate ezberdin.
Politika arloan sartu nahi? Beharbada susmagarri number five aurkituko dugu? Eskuak igurzten hasiko naiz. Hezkuntza publikoak murrizketen biktima nagusia. Gogoratzen duzue Plentzian gertatu dena autobusa dela eta? Beharbada ez, ez baitago PISA hitza txertatuta hitzen artean.
Honen konponbidea? Zuzendariei gonbidapen bat bidaliko diegu BECen batzeko eta euren iritzia entzuteko. Orain bai, momentua heldu da, ea zeozer daukaten esateko eta modu horretan egoera hobetzeko aukera izango dugun. Egoera hobetzeko edo… egunkarietako azalak garbitzeko? Badakigu inork ez duela gustuko prentsa inguruan izatea, galderak eta galderak egiten gai txar bati buruz… Ez, seguru hau ez dela helburua, nola bururatzen zait…
Eta hau guztia hausnartzen dudan bitartean, ikasleak klasean, kezkatuta, nigana datoz galdera batekin. «Baina, Maitane, PISA proba hori… ‘pizza’ moduan ahoskatzen da?».