Ikasle bati begiratzen diogunean, zer ikusten dugu irakasleok? Zer, azterketetan emaitza kaskarrak ateratzen dituenean, edota gaitzesgarriak zaizkigun ekintzak egiten dituenean? Begiradaren arabera, ikasleak betiko ikuspegi dikotomikoaren arabera sailka ditzakegu (ikasle onak eta txarrak, argiak eta eskasak, esanekoak eta desobedienteak), edo jarrera horien atzean egon daitezkeen arrazoiak ezagutzen eta ulertzen saia gaitezke. Behatzen duenaren begiradak baldintzatuko du, beraz, galdera horri emango zaion erantzuna.
ELGAk antolatzen duen nazioarteko ebaluazio txostenari buruz egunkariek argitaratutako lerroburuak irakurtzen ditugunean, zer ikusten dugu? Izan ere, PISA 2025 txostenak hautsak harrotu eta hezkuntzari buruzko eztabaida piztu du Hego Euskal Herrian. Arin esatearren, Nafarroak beherakada nabarmena izan du, eta Euskadik inoizko emaitzarik kaskarrenak lortu ditu ebaluatu diren hiru konpetentzietan: 21 puntu gutxiago zientzietan, 47 gutxiago irakurketan eta 22 matematiketan. Arrapaladan agertu zaizkigu sasiadituak, nork bere ondorioak adieraziz; are, zoritxarrez, zenbait eragile politikok txostena erasorako aukera gisa baliatu nahi izan dute, euskarazko murgiltze-eredua jopuntuan jarri eta euskararen aurkako oldarraldia hezkuntzara ekartzeko asmoz.
Pantaila gutxiago eta liburu gehiago behar ditugu. Adimen artifizial gutxiago eta adimen emozional gehiago. Gorputz perfektuen gurtza gutxiago eta humanitate eta arte gehiago
Gaztelania hutsean ikasi duten ikasleek azken USAP probako euskara azterketan emaitza kaskarrak atera zituztenean, baina, hizkuntza-ereduari aipamenik ez eta sistema osoa auzitan jarri zuten, EHUren aurkako kanpaina bultzatu zuten, zuzentzaile gisa ari ziren irakasleak seinalatu zituzten eta epaitegiez baliatu ziren euren interes partikularrak defendatzeko, ikasle guztien aukera-berdintasuna hautsiz. Oraingoan, euskara oinarri duen eredua egin dute egoeraren errudun, horretarako inolako datu objektiborik aurkeztu ez duten arren. Badakite, noski, mundu mailako joera baten aurrean gaudela, atzerakada hizkuntza bakarrean oinarrituriko hezkuntza-sistemetan ere gertatzen ari dela, gurearen antzekoak diren murgiltze ereduak dituzten beste erkidego batzuek emaitza hobeak atera dituztela, eta badaudela aipatu ez dituzten hamaika aldagai, emaitzetan eragin handia eduki ahal izan dutenak. Jakin badakiten bezala, horrez gain, ELGA helburu ekonomikoak dituen erakundea dela, ez hezkuntzari loturikoak, eta, beraz, txostena egitearen arrazoiak, erabilitako moldeak eta dituen xedeak tentuz hartu beharrekoak direla. Baina euskara omen arazoa.
PISA txostenak, haatik, ez du horrelako ondoriorik eskaintzen, nahiz eta ikerketa baliagarria izan daitekeen nazioarteko mailan herrialdeen arteko nolabaiteko alderaketak egiteko, rankingak sortzeko, urteetan zehar izandako bilakaera ikusteko eta eskaintzen digun argazki orokor horren baitan egon daitezkeen arazoak identifikatu eta balizko hipotesiak eraikitzeko. Aldiz, txostenak ez digu balio kausa-efektu erlazio zuzenik ezartzeko (kausalitatea), nahiz eta zenbait korrelazio estatistiko antzeman daitezkeen; bi gauza aldi berean gertatzen ari direla, alegia; ez, ordea, batak bestea eragiten duenik.
Hezkuntza interes nazionaleko afera dugu, herri ikuspegitik lantzea merezi duena, bi alderdi abertzale nagusiek elkarlanean jorratu beharko luketena. Etorkizuneko euskal herritarrak ditugu jokoan
Aniztasun linguistikoa duten zein hizkuntza bakarrekoak diren herrialdeetako aditu eta aritu gehienak bat datoz emaitzen atzean egon daitezkeen zenbait arrazoi identifikatzeko orduan: kontrolik gabeko digitalizazioa (Telmo Lazkanok Berria-n kontaturikoaren arabera, ELGAk berak 2015ean esan zuen digitalizazioan gehien inbertitu zuten hezkuntza-sistemek lortu zituztela emaitzik txarrenak; Euskadi da estatu zein Europa mailan eskoletan digitalizazio maila altuenetarikoa duen lurraldea), nerabeen arreta-falta gero eta handiagoa (adikzioa sortzeko diseinaturik eta irudiz eta mugimenduz beterik dauden sare sozialen mugarik gabeko erabilera), ikasleen motibazio eta ikasketa-prozesuarekiko atxikimendu falta (gela barruko dinamikak, ikasleen arteko harremanak, kultura aldaketa), familia barruko logikak (gurasoen jarrera irakurketari edo pantailen erabilerari dagokionean), familiek kontziliaziorako dituzten zailtasun gero eta handiagoak (etxean familiaren babes eta laguntza gutxiago jasotzea), hezkuntza sistemaren baitan ikasleen aniztasunari ematen zaion trataera, hezkuntza-legeek eta curriculumek ezartzen dituzten aldaketak eta egiturazko-arazoak (gehiegizko ratioak, baliabide eskasak, profesional espezialisten falta), besteak beste. Aditu eta aritu gehienek, gainera, argi dute: konplexutasuna da hezkuntzak duen ezaugarri nabarmenenetako bat. Hau da, ezein analisik sakona beharko du izan, hamaika aldagai aintzat hartu beharko ditu, tokian tokiko errealitatea aztertu beharko du.
Arazoa ez da gure hezkuntza-sistemak duen hizkuntza-eredua, bai, ordea, euskarak bizi duen diglosia kronikoa, baita euskararen aurkako eragile politikoek epaitegien bidez hizkuntzaren normalizazioari jarritako oztopo guztiak ere, hiztun osoak sortzea eragozten dutenak. Arazoa ez dira etorkinak, bai, aldiz, horien bazterketa betikotzen eta tokiko hizkuntza eta kulturatik urruntzen dituen gizarte-eredua. Arazoa ez dira nerabeak, helduok diseinatu diegun mundua baizik. Horregatik, kontrolik gabeko digitalizazioa murriztu eta euskarazko murgiltze-eredua indartu behar dugu. Pantaila gutxiago eta liburu gehiago behar ditugu. Adimen artifizial gutxiago eta adimen emozional gehiago. Gorputz perfektuen gurtza gutxiago eta humanitate eta arte gehiago.
Azkenik, Hezkuntza Sailak politikaren jokoak ezarriko dizkion amarruei eta presioei itzuri egin eta hezkuntza-, hizkuntza- eta osasun-eragileekin batera elkarlanean aritu beharko litzateke, guztion artean txostenaren emaitzen, eta akaso garrantzitsuena, gure hezkuntza-sistemaren analisi zintzo, partekatu eta baliagarri batera heldu gaitezen. Ez PISA txostenak dioenagatik bakarrik, ezpada Hezkuntza interes nazionaleko afera dugulako, herri ikuspegitik lantzea merezi duena, bi alderdi abertzale nagusiek elkarlanean jorratu beharko luketena. Etorkizuneko euskal herritarrak ditugu jokoan. Ez dezagun denbora gehiagorik galdu.Â