GKSko kidea

Poliziaz eta gazteen kriminalizazioaz

Danel Errazu
2025eko abuztuaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunak joan eta egunak etorri, antzeko leloek ireki dituzte albistegiak azken boladan. Gazteak, istiluak, polizia eta segurtasuna, ordena horretan. Horiek izan dira egunotako protagonistak. Hori, ordea, ez da ausazkoa izan.

Azpeitian, esaterako, asteburu osoan iraun zuen poliziaren presentzia itogarriaren ostean, lortu zuten, antza denez, nahi zuten irudia: polizia talde bat, sekulako dispositiboa tarteko, gazteen aurka oldartuz, «ordena eta segurtasuna» mantentzen. Ez ziren gutxi izan irudi desitxuratu hori era interesatuan erabili zutenak, polizia sindikatuak, alderdi instituzionalak, Eusko Jaurlaritza bera, komunikabideak eta faxistak. Ez ziren gutxi izan, ez, baina funtsean, guztiek mezu bera zabaldu zuten: poliziak ordena eta segurtasuna mantendu zuela gazteen «erasoaren» aurrean eta babes guztia zuela bere jardunean.

Gasteizeko kasuan ere, berbera izan da EAJk eta komunikabideek hedatu duten kontakizuna. Txosnetan Mugimendu Sozialistari ezarritako betoa salatzeko kanpaldira bertaratutako gazteak jipoitu zituzten ertzainek eta udaltzainek, eta protestarako eskubidea zapaldu. Horien bertsioaren arabera, ordea, «gazte biolentoek» poliziari botilak jaurti eta zazpi zauritu zituzten. Liskarraldi hori ere poliziak «baretu» omen zuen, noski.

Erraz ikus daiteke modus operandi-a zein den. Istiluak eragin, EAJren, Poliziaren eta komunikabideen bidez segurtasunik eza salatzea gazteak eta langileak kriminalizatuta, eta beraiek sorturiko arazoaren soluzio gisa agertzea. Horrela dihardute aktore horiek Polizia normalizatzeko eta zuritzeko kanpainan.

Gainera, Ertzaintzaren aurkako deslegitimazio kanpaina salatu zuen Gobernu Kontseiluak. Erakunde demokratikoa dela eta herritarren zerbitzura dagoela esan, eta aho batez adierazi zion babesa. Horrekin batera, Poliziaren aurkako «biolentziaren kultura» gainditu beharraz ohartarazi zuen eta faxismoarekin alderatu zituen «faxismoa borrokatzen dutela dioten» horiek. Hedatu nahi duten dikotomia agerian dago: Polizia ordena eta segurtasuna mantentzen duen erakunde demokratikoa da eta gazte langileak istiluak sortzen dituzten biolentoak.

Boteredunen lekaio horiek garbi dute datozen urteek zer ekar diezaieketen. Baita horren aurrean behar dituzten bitartekoak zein diren ere: Polizia gehiago, hortzetaraino armatuak eta inpunitatearekin. Grebak hausteko, etxegabetzeak gauzatzeko, migratzaileei erasotzeko, gaztetxeak husteko, kale saltzaileak bidaltzeko, manifestatzaileei jazartzeko, protesta sozialak kolpatzeko... Kontrolerako eta errepresiorako bitartekoak behar dituzte langile klasea otzan eta diziplinatuta mantentzeko, zapaltzaileen ordena eta segurtasuna bermatzeko. Biolentziaren monopolioari eusteko kanpaina da muturren aurrean daukaguna, biolentziari aurka egitearen izenean.

Segurtasunik ezaren erantzuleek ekarriko omen dute segurtasuna. Azken urteei begirada azkar bat eginez, Cabacasen heriotza, Anoetan emakume bati eginiko eraso bortitza, Tolosako inauterietan begia galdu zuen gaztea, Errekalden barrabil bat galdu zuena eta gaztetxeen defentsan nahiz etxegabetzeei aurre egitean eguneroko ogia diren oldarraldi eta kolpeak datozkit gogora. Langile klasea erreprimitzeko funtzioa duen eta ideologia matxista, arrazista eta faxista erabat zabalduta dagoen antolakunde armatuak, segurtasuna? Langile klasearena ez behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.