PPren erasoen aurka: 48 orduko greba orokorra

2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Grezian, Irlandan eta Portugalen gertatu zen bezala, erreskatea ez da izan biztanleria salbatzeko, bankariak eta kapitalistak salbatzeko baizik. 100.000 milioi euroko dirutza banka espainiarra kapitalizatzeko, galerak onbideratzeko eta banka internazionalari itzuli beharreko zor erraldoia ordaintzea bermatzeko erabiliko da. Horregatik, Estatuak ez du sekula diru hori berreskuratuko, eta garbi dago PPren gobernuak nondik aterako duen Europako Batasunari itzuli beharreko dirua. Erantzuna gero eta ezagunagoa dugu: orain arteko murrizketa sozialekin eta etorkizunean inposatu nahi izango dizkiguten neurri berriekin itzuli nahiko dute dirua. PP gobernu espainiarrera iritsi zenetik aplikatutako eraso guztiei berriak gehituko zaizkie: pentsioen herstura, murrizketa sozial berriak administrazio publikoan, murrizketak langabeziarako laguntzetan eta BEZaren igoera. NDFak jendaurrean egindako eskaera horiek bankarien, CEOE patronal espainiarraren eta Confebask euskal patronalaren oso gustukoak dira. Dena dela, eraso horien ondoren gehiago etorriko dira, behin eta berriro. Langile klasearen eta gazteriaren errebolta sozial batekin bakarrik izango da posible erasoaldi hau geratzea.

Langile klaseak eta gazteriak borroka plan eraginkorra behar dute.

Kapitalisten erasoaldi basati eta historiko honi aurre egin behar diogu langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio masibo eta eraginkorrarekin. Ez dago beste biderik. Azkeneko hamarkadetan langile klaseak ez du ezagutu horrenbesteko erasorik eta hain zuzen arrazoi honengatik da oinarrizkoa erasoaldiaren mailako borroka antolatzea burgesiaren aurka. Horregatik, arduradun sindikalek akats larria egin dute martxoaren 29ko greba orokor arrakastatsuari jarraipena ez ematen. Ez dira ari hainbat sektoretako borrokak koordinatzen eta elkartzen. Kaleratzeei aurre egiteko ez dira ari hainbat fabrikatako borrokak elkartzen. Borrokak elkartuko lituzkeen eta benetako errebolta sozial baten baldintzak jarriko lituzkeen borroka planik gabe ez da posible PPren gobernuaren, CEOE patronal espainiarraren eta Confebask euskal patronalaren eraso planak geratzea.

Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da ezker abertzaleak, ELAk eta LABek, CCOO eta UGTrekin ekintza batasunean, 48 orduko greba orokorra antolatzea. Aldi berean, oinarrizkoa litzateke pauso hori denboran luzatuko litzatekeen borroka plan batekin (bere baitan mobilizazio eta greba orokor gehiago bilduko lituzkeena) eta kapitalismoaren aurkako alternatiba sozialistarekin lotzea. Modu horretan, posible izango litzateke PPren gobernuaren aurkako errebolta sozialean eraldatzea langileen eta gazteen artean dagoen haserrea eta ondoeza.

Alternatiba sozialistabehar dugu

Gizartea astinduko lukeen borroka plan edo egutegi horri sozialismoaren aldeko programa lotu behar zaio, kapitalismoarekin behin betiko amaitzeko helburuarekin. Helburu horretan beharrezkoa da sistema finantzarioaren eta bankuen egoeraren aurrean alternatiba sozialista defendatzea. Hasteko, sistema finantzario osoaren desjabetzea defendatu behar da, ez soilik hondoratuta dagoen zatiarena, PPk Bankia-rekin egin duen bezala. Desjabetze hori kalte-ordainik gabe egin beharko litzateke, akzionista txikien kasuan edo bestelako beharrezko kasuetan izan ezik. Horrekin batera, boom inmobiliarioarekin espekulatuz eta zor publikoari esker aberastu zirenen ondasunak desjabetu behar dira. Bestalde, funtsekoa da bankaren desjabetzea beheko kontrolarekin egitea, hau da, langile klasearen kontrolpean, mota guztietako maniobrak, kapitalen ihesak eta ustelkeria saihesteko. Bukatzeko, bankaren desjabetzea industriaren eta multinazionalen desjabetzearekin osatu beharko litzateke. Horrela bakarrik izango litzateke posible jabego pribatuaren eta ekoizteko modu kapitalistaren kaosa saihestea. Erabat posible da gehiengoaren aldeko plan kontziente batekin antolatzea ekonomia.

Ekoizteko indar horiekin guztiekin, eta herritarren onerako izan dadin, inbertsio publikoko planak martxan jarri ahalko lirateke hezkuntzan, osasunean, industrian eta nekazaritzan, eta, noski, negozio txikiak dituztenen kontsumoa eta inbertsioa errazteko. Bankuen jabetzan dauden etxebizitza hutsak alokairu merkeekin erabili ahalko lirateke, eta, horrela, kolpe batez, etxebizitzaren arazoa desagertuko litzateke. Zer arazo egongo litzateke, ekonomiaren funtzionamenduaren ikuspuntutik, neurri horiek praktikan jartzeko? Bat ere ez, bankarien eta kapitalisten irabazi multimilioidun lotsagarriak izan ezik.

Kapitalistek jokatzen duten paper parasitarioaren pertzepzioa ez da inoiz sozialki hain zabalduta egon. Programa sozialistak, krisi kapitalistaren aurkako irtenbide bakarra denak, inoiz ez du izan gaur adinako potentziala babes sozialean. Horregatik, ezker abertzaleko eta sindikatuetako agintariek programa hori defendatzen badute, babes handia lortuko lukete, eta ez langile klasearen artean bakarrik, baita krisi kapitalistak jotako erdi mailako sektoreen artean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.