Soziologoa

Pyrénées-Orientales-ek Katalunia izena nahi du deituran, eta euskaldunok?

Iñaki Azkoaga
2024ko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Frantziako Estatuan dagoen Kataluniaren partean kokatzen den Pyrénées-Orientales departamendua izena aldatzeko ahaleginetan ari da. Badirudi ongi bideratua dutela asmoa.

Okzitania erregioaren parte da, eta departamentu horren gehiengoak katalanez hitz egiten du, frantsesez mintzatzen den Fenolledan ezik. Departamenduko buruak aldaketaren alde direla nabaritu da eta biztanleria ere horretan dago. France Bleu Roselló-k egindako galdeketan 17.000 erantzun jaso dituzte; %56k Pays Catalanen alde, %18k Pyrénées-Orientalesen alde, eta %17k Pyrénées Catalanesen alde bozkatu dute.

Jakinda errepublikako historian zazpi departamenduren deitura aldaketak onartu direla bakarrik, eraldaketaren eragileek badakite oraingo deitura horrek sortzen duen gutxiesteak eragindako kaltea frogatu egin beharko dutela. Orain arte baieztatu aldaketetan motibo gisa aintzat hartutako arrazoia baxu hitzak duen esangura peioratiboa izan da, edo «iparra» eramatea deituran iparrean ez dagoenean. Horregatik, ekialde kontzeptuak sortu ditzakeen kalteetan jarriko dute indarra.

Hermeline Malherbe departamenduko presidenteak adierazi du 2024. urtean bertan proposatuko zaiola Estatu Kontseiluari deitura berriaren onespena. Otsail honetan hasi eta maiatzerako bukatuko dute kostua eta deitura berriekin oinarrizko txostena, galdeketa irailean egingo da, eta abenduan Estatu Kontseiluari aurkeztuko zaio.

Argudiatuko dituzten motiboak argumentatuko balitu Pyrénées-Atlanyiques departamenduak, Euskal Hirigunea Biarnorekin batera hartzen duenak, tesi berdintsua erabili ahal izango luke aldaketa proposatzeko? Erantzuna, ariketa gisa, interesgarria izan daiteke, are gehiago jakinik zenbait autore hasi direla errepublikaren izendapen jarduna aztertzen.

Euskal Hirigunearen erreputazioari begira, gaur egun ikur dituen argudioak baske kontzeptuan zentraturik daudela esan daiteke, itsasoa, berdea, mendilerro leuna zein aldapatsua, baserriak, hizkuntza, natura, klima orekatua, arrantzalea, artzaina... denak euskaldunen iruditeriari lotuak. Horri gehitzen zaio itsasbazterrari darion xarma, Biarritz izanik paradigma.

Frantziako Atlantique kostaldea oso luzea da eta euskal itsasertzaren ezaugarriak galdurik geratzen dira, ezerezean. Pyrénées hitzak ere baske kontzeptuaren potentzia lausotu zein sakabanatu egiten du. Departamenduaren logotipoan ere indar handiagoa du Pyrénées hitzak Atlantiquesek baino. Euskal eremua Pays Basque moduan da ezaguna munduan, eta oraingo deitura horrek ez dio inongo aportaziorik egiten.

Biarno zabaltzen ari den imajina, ostera, oso lotuta dago Pirinio mendiei. Paue hiriburua bera Pirinio mendiak behatzeko lekurik aproposenetarikoa da. Ez alferrik! Paue irudi kanpainetan zabaltzen ari da oso kirolzalea dela eta Frantziako hirien artean bizi kalitate zerrendan 16. postua betetzen duela. Biarno osatuago gera daiteke Pyrénées hitza gehituta; esaterako, biarnotarrek Paue ingururako sortu duten komunitateari Communauté d'Agglomeration Pau Béarn Pyrénées deitu diote.

Izenak funtzionatzen ez duen beste zantzurik ere badago, matrikuletako 64 zenbakia hasi direlako erabiltzen, Pyrénées Atlantiques-en ordez. Esaterako, departamenduaren webgunea www.le64.fr da, eta Eliza Katolikoaren web helbidea www.diocese64.org; lehenago, ordea, basco-béarnais erabiltzen zuten.

Oraindik ere hainbat lekutan ikus daitezke basco-bearnais zehaztuta duten izenak Pyrénées Atlantiques baino ulergarriagoak direnak herritarrentzat. Kontuan hartzekoa da Biarnok eta euskal eremuak duten indarra: Biarnok 370 mila biztanle ditu, eta hiriburua; Euskal Hiriguneak, berriz, 315 mila biztanle.

Gauzak horrela, hiru hitz agertzen zaizkigu departamendurako izen berria lantzen hasteko: Baske, Béarn eta Pyrénées. Departamenduaren izena ahalik eta motzena eta esanguratsuena izan dadin, zentzua izango luke, adibidez, Baskonie et Béarn edo Baskonie et Béarn- Pyrénées erabiltzea. Gaiak merezi du azterketa sakona egitea, departamenduarentzat eta bi eremuentzat onura aunitz izango lituzkeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.