Xabier Makazaga.

Rodolfo Aresen beste gezur bat

2013ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ertzaintza berriro ere Urtza Alkorta atxilotu nahian dabilen une hau ezin egokiagoa iruditu zait duela hiru urte bere tortura salaketarekin gertatua gogora ekartzeko. Ageri askoan geratu baitzen zein gezurtia den Rodolfo Ares, orduko Barne kontseilaria, eta zein eskasak izan ohi diren haren gezurrak. Gerora, Iñigo Cabacasen eta Xuban Nafarrateren kasuetan, are ageriagoan geratu zen zerbait, bide batez esanda.

Ertzaintzak 2010eko urtarrila bukaeran Ondarroan eta inguruetan atxiloturiko bederatzi lagunek, Urtza Alkorta barne, tratu txarrak eta torturak salatu zituztenean hasi zen dena. Alfonso Zenon abokatuak prentsaurreko batean bere defendatuen salaketa errepikatu zuenean, Rodolfo Aresek kereila jarri zuen bere kontra, adieraziz «nabaria» zela abokatuak «gezurra esan zuela era lotsagabean». Laster ikusi zen, ordea, gezurretan jardundakoa ez zela, hain zuzen, Zenon izan, baizik eta Ares eta berak gidatzen zuen Barne Saila.

Izan ere, sail horrek esan zuen atxilotuei egindako galdeketak grabatu egin zituztela, eta ustezko grabazio haiek jarri zituen salaketak faltsuak zirelako froga gisa. Ziur hala jokatu zuela, pentsatuz inongo epailek ez zituela eskatuko bideo haiek, ordura arte ez baitzituen inork eskatu. Zeharo oker zegoen, ordea, Arartekoak ez ezik Durangoko instrukzio epaile batek ere eskatu egin baitzituen ezustean bideoak, eta aitzakia hutsalak besterik ezin izan zizkien eman biei haiek ez erakusteko.

Bideoak eskatu zituen lehena Arartekoa izan zen, gertatuari buruz ikerketa bat egiten saiatu baitzen atxilotuen senideen eskariz. Bada, Barne Sailaren jarrera zeharo oztopatzailea izan zen, eta, lau hilabete geroago, amore eman eta ikerketa bertan behera utzi behar izan zuen. Hori bai, sailarekiko oso ebazpen gogor bat atera zuen, gertaturiko guztia azalduz.

Han salatu zuen aitzakia merke batekin ukatu ziotela bideoak ikusi ahal izatea. Barne Sailaren arabera, tratu txarrengatik jarritako salaketa judizial batek eragozten zion eskaerari baiezkoa eman ahal izatea, baina, egiazki, Arartekoaren eskaera baino dezente geroago jarri zen salaketa hura. Iñigo Lamarcak, gainera, oso argi utzi zituen beste hainbat gauza. Adibidez, zenbateraino zegoen lekuz kanpo Barne Saileko arduradunek setati luzatu zioten gaitzespena, atxilotuen senitartekoen kexari jarraipena eman ziolako.

Bitartean, Alfonso Zenon abokatuak ere behin eta berriro eskatu zion Rodolfo Aresi grabazioak erakuts zitzan, esanez ez zuela uste grabatu zenik, «baina bideoak egongo balira, nire defendatuek sufritutako tratu txarrak ikusiko lirateke». Beste hainbat erakunde herritarrek ere beste horrenbeste egin zuten, azpimarratuz tortura salaketak faltsuak edo egiazkoak ziren frogatuko zutela bideoek. Denak geratu ziren batere erantzunik gabe, halakoetan ohi denez.

Beste lagun bati erantzun behar izan zioten, ordea. Tortura salaketetako bat ikertzen hasi, eta bideoetako batzuk ustekabean eskatu zituen Durangoko instrukzio epaileari. Eskaturiko bideoak Urtza Alkortari zegozkionak izan ziren, hain zuzen. Barne Saileko arduradunek Arartekoari grabazioak ukatu eta oso gutxira gertatu zen epailearen eskaera hori, eta ez zituztela grabazioak erantzun zioten.

Epaileak soil-soilik itaunketetako grabazioak eskatu zituen, eta oso erraza zeukaten saileko arduradunek eskaera hori betetzea. Nahikoa zuten beraien arabera egina zuten itaunketa bakarraren grabazioa ematearekin. Ofizioko abokatuarekin egindako legezko itaunketarena. Ilegalak, non torturatzen duten, ez dituzte inoiz grabatzen, jakina, baina pentsatzekoa zen legezkoak baietz. Nik neuk ziurtzat ematen nuen legezko itaunketa erakutsiko zutela, hura grabatua zutela esan baitzuten oso irmoki. Baina epaileak grabazio hori eskatu zuenean, a zer ezustea!

Arartekoari grabazio guztiak ez erakusteko erabili zuten aitzakia bezain hutsala izan zen epailearekin erabilitakoa. Hara zer esan zuten: tratu txarrengatik jarritako salaketa judiziala jarri zenerako, «iraganda zegoen grabazioak gordetzeko gutxieneko epea, eta grabatutako materiala suntsitua izan zen». Horrela jaso zuen 2010eko bere txostenean Arartekoak, zeinak geroago Arkautiko polizia-etxea bisitatzen izan zenean erantzun bera jaso zuen grabazioak berriro ere eskatu zituenean.

Aipatu txostenean, Iñigo Lamarcak salatu zuen emandako arrazoia ez zetorrela inolaz ere bat aurreko aldietan azaldu zietenarekin; hau da, «grabazioen kopiak denbora-mugarik gabe biltegiratzen direla». Gainera, bere taldeak ikusiak zituen askoz ere denbora luzeagoan gordeak izanak ziren garrantzi berezirik gabeko beste grabazio batzuk, eta, horregatik, oso itxura txarra hartu zion hari guztiari.

Horregatik esan zuen txostenean «bereziki kezkagarria» iruditu zitzaiela grabazioak suntsitu izana, «grabazioen edukia ikusteko interesa behin baino gehiagotan eta esplizituki agertu baikenuen, eta, gainera, atxiloketa horien ondoriozko prozedura penalek martxan jarraitzen baitute —horien tramitazioan oinarritu zen, hain zuzen ere, sail horrek kexa tramitatzen ari ginen bitartean material hori eskuratzeko aukera ez emateko hartu zuen erabakia—».

Azkenik, Durangoko epaileak erabaki zuen Urtza Alkortak salaturiko torturen kasua beste auzitegi batera transferitzea, eta, ohikoa denez, artxibatu egin zuten. Alfonso Zenonen kontra Rodolfo Aresek jarritako kereilak, ordea, etenik gabe jarraitu dio bere bideari, nahiz eta hainbeste froga egon gezurretan ibilitakoa Ares izan zela, eta ez Zenon. Bi pisu, bi neurri eta errealitate penagarri bat: Espainiar (in)Justizia torturatzaileen beharrezko konplizea izan da. Eta, oraindik ere, hala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.