Martxel Toledo Garmendia.
ESAITeko kide ohia eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduko kidea

Sinbologiatik harago, 'zazpiak bat' babestu eta indartu behar dugu

2026ko ekainaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athletic futbol taldeak 2026-2027an, hau da, datorren ikasturtean erabiliko dituen elastikoetan Euskal Herriko mapa eta ikurrina ezartzeak haserre bizia sortu du Nafarroako UPNko zuzendaritzaren barruan eta haren inguruan, eta Cristina Ibarrola UPNko lehendakariak itaun bat bidali dio Espainiako Futbol Federazioko lehendakariari eskatuz jar ditzala abian beharrezkoak diren neurriak Athleticek ez dezan elastiko hori erabili Espainiako Futbol Ligan. Nafarroako Gobernuan lehendakaria den Txibite andreari ere antzeko eskaera egin dio UPNko buruzagiak; alegia, eman ditzala eman beharreko pausoak Athletic futbol taldeak Nafarroako Foru Erkidegoaren errealitate politikoa, administratiboa eta instituzionala errespeta dezan. Orain, ikusi egin behar zertan eta nola bukatzen den alderdi eskuindar horren udaberriko kasketa hori. Baina dagoeneko Ibarrola andereak bere mehatxua bete du, eta Espainiako Futbol Federazioan jarri du salaketa. Ez dakit lortuko duen bere helburua, baina eman du abisua, eta horrekin sortu du sarean nahiko zarata eta zalaparta.

Esan gabe doa, Euskal Herria zazpi herrialdeek osatutako nazioa da: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Eta, horrela izanik, hari dagokion sinbologia erabiltzeak ez luke inongo zalapartarik sortu behar inorengan; alegia, testuinguru horretan, zilegi dela nahi duenak, banaka edo kolektiboki, ikurrina eta mapa erabiltzea. Zer egokiago munduaren aurrean kirolaren bitartez zer eta nor garen erakusteko. Baina, beste behin, demostratu da herri honen betiko etsaiak ez daudela amore emateko, eta, bere garaian sortu zuten ikurren auzian bezala, orain ere prest jarraitzen dutela, gizartearen gehiengo handi bat aurka egon arren, sinbolo-gerla horrekin jarraitzeko. Ez dute inoiz onartu zazpiak bat kontzeptuaren esanahia eta errealitatea, eta, dirudienez, ez dute asmorik ere. Gaixotasun mentalarekin jarraitzen dute, ze pena! Eskuindarrak eta espainolak dira.

Baina Euskal Herriaren existentzia eta haren defentsa egokiena egiteko, uste dut gure partetik sinbologiatik harago dagoen beste arazo handi bati heldu beharko geniokeela, alegia, egun pairatzen dugun lurralde zatiketari irtenbide bat bilatzeko helburuari. Eta, alde horretatik, pixkanaka bada ere, urratsak egiten hasi, errealitatean eta gure egunerokoan Euskal Herria zazpi herrialdeak osatutako nazio bat garela demostratzeko eta horrela irudikatzeko. Zeren bestela, zoritxarrez, gure nahiak egungo errealitatearekin topo egiten du.

Marketin eremuan Athletic futbol taldeak hartu duen erabakia, gure partetik, sinbologiatik harago aprobetxatu beharko litzateke eta baliatu, 'zazpiak bat'-en esanahi guztia irizpide hartuta eta, horri lotuta, herri honetan dauden hainbat proiektu nazional bultzatzeko, garatzeko eta babesteko

Horregatik, Athletic futbol taldeak bere elastikoetan Euskal Herriko mapa eta ikurrina jartzea oso urrats garrantzitsua eta txalotzekoa dela uste dut, eta keinu bat izatetik harago joan beharko lukeen jarrera; besteak beste, testuinguru honetan herri honen nortasuna eta bere idiosinkrasiaren defentsa egiteko aukera ere eman ditzakeelako. Eta, testuinguru horretan, beste hainbat eta hainbat euskal talderentzat eta norbanakoentzat ere iparrorratza bihurtu daitekeelako etorkizunean antzeko bidea har dezaten. Zergatik ez! Pozgarria eta onuragarria izango zen.

Beraz, bote azkarrean eta pintzelkada gisa, uste dut marketin eremuan Athletic futbol taldeak hartu duen erabakia, gure partetik, sinbologiatik harago aprobetxatu beharko litzatekeela eta baliatu, zazpiak bat-en esanahi guztia irizpide hartuta eta, horri lotuta, herri honetan dauden hainbat proiektu nazional bultzatzeko, garatzeko eta babesteko.

Espero dut UPNk maparen eta ikurrinaren erabilpenaren inguruan piztu duen suak guretzat ere zerbaiterako balio izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE