Steilaseko kideak

Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Haizea Arbide Aza, Rebeka Garzes Aldazabal eta Aintzane Gil Bragado
2025eko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea Steilasen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek hezkuntza publikoa sendotu zuten, eta orain bada garaia behar bezala ezartzen ari direla bermatzeko.

Ezin zaigu ahaztu Eusko Legebiltzarrak 2023an babes sozialik gabe onartutako Hezkuntza Legeak ez duela hezkuntza publikoa erdigunean jartzen eta ez duela sistema eraldatzeko urratsik egiten, ezta sistema propio eta publikoa eraikitzeko ere. Alderantziz, dagoen eredua betikotzen du. Legeak «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa» sortu duela aldarrikatzen badu ere, ez du publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz bihurtzen. Sare pribatua publikoaren parean kokatzen du, desoreka historikoak betikotuz.

Azken urteetan Hezkuntza Sailak aldebakarrez aplikatu duen hezkuntza-politika da horren adibiderik argiena: gelak ituntzeko gutxieneko ratioen jaitsiera, bi urteko gelen ituntzea, zaurgarrien banaketa ezartzea, gain-eskaintzaren aurkako neurri eza... Aldi berean, itundutako ikastetxeen modulu ekonomikoaren %16 baino gehiago igo du Hezkuntza Sailak, baina doakotasuna bermatzeko ezarriko zituen kontrol mekanismoen arrastorik ez dago. Ezin dugu aipatu gabe utzi, ikasturte berriarekin batera, segregazioaren kontra eratu berri den batzordea enegarren itxurazalekeria ariketa dela.

Bitartean, Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa behar bezala finantzatu gabe jarraitzen du. Hala, langileen lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoa indartzeko, greba eta mobilizazio ugari egin behar izan genituen pasa den ikasturtean. Tamalez, grebei esker sinatutako akordioek ez dute saihestu Hezkuntza Sailak aplikatutako hezkuntza-politika pribatizatzaileen ondorioz ikaspostu publikoak desagertzea. Ezta eskola publiko batzuk ixtea ere.

Argi dago, beraz, hezkuntza publikoaren alde borrokatzen jarraitzea ezinbestekoa dela, hezkuntza sistema babes sozialik gabe onartutako lege bat baino askoz gehiago baita. Gure gazteen, jendartearen eta, oro har, kohesioaren etorkizuna jokoan dago.

Steilasek argi du borrokan jarraituko duela. Pasa den ikasturtean lan-akordio berria sinatu genuen arren, hasi berri den ikasturte honetan ere hezkuntza publikoaren alde tinko mantenduko gara. Arduraz eta erantzukizunez egingo dugu lan, lan-akordioak bere osotasunean eta adostutako baldintzetan ezar daitezen, baliabide publikoak sistema publikora bidera daitezen eta publifikazio prozesu sendo bat ireki dadin. Hezkuntza publiko bakarra, propioa eta euskalduna izan arte!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.