Krisi ekologikoaren larritasunak ez du ñabardurarik onartzen: hondamendi klimatiko itzulezin baten atarian gaude. Azken 30 urteetan etengabe hazi dira munduko CO2 isuriak. Nazioarteko dozenaka hitzarmen eta goi bilera egin diren arren, egungo politikek 2,8 graduko berotze globalera garamatzate, segurutzat jo daitekeen mugatik baino askoz gorago.
Egunotan, COP30 goi bileran konpromiso klimatikoei buruz hitz egiten ari dira. Zoritxarrez, baina, bestelakoa da errealitatea. Europako Batasuna lausotzen ari da 2040. urterako ezarriak dituen helburu klimatikoak, eta AEBek eredu fosila inposatzen dute muga zergen bidez. Gero eta herrialde, korporazio handi eta aktiboen kudeaketako enpresa gehiago ari dira ezabatzen beren planetatik isuriak nabarmen murriztea. Irabazi pribatuen eta lehiaren logika inposatzen ari dira, eta energia iturri fosilekiko menpekotasuna mantentzen.
Testuinguru horretan, LABek ohartarazi nahi du trantsizio energetikoa ez doala behar den abiaduran, ezta norabidean ere. Iparralde Globaleko lurralde den heinean, Euskal Herriak zerora murriztu beharko lituzke bere isuriak 2040rako, justizia klimatikoa onartuz eta nazioarteko desberdintasunak areagotu gabe. Azken hamarkadan, EAEko isuri zuzenak %9 murriztu dira, eta Nafarroakoek, berriz, %20 egin dute gora. Ipar Euskal Herrian isuri zuzenak %10 murriztu dira 2019 eta 2023 artean. Aurrerapenak eta atzerapausoak, baina oraindik beharrezkoa den abiaduratik urrun.
Hitz bik definitzen dute gure sistema energetikoa: fosila eta menpekoa. Euskal Herriko energia kontsumoaren %77 gasaren eta petrolioaren menpe dago, eta kanpoko energiarekiko menpekotasuna %87koa da. Erregai fosilekiko dugun menpekotasunarekin amaitzeko, beharrezkoak dira aldaketak ekonomiaren sektore guztietan. Petrolioaren %70 baino gehiago garraio sektorean metatzen da, eta gasaren ia %80 industrian, petrolioaren fintzean eta ziklo konbinatuko zentraletan. Energia kontsumoa nabarmen murriztu, prozesu fosilak elektrifikatu eta ekoizpen berriztagarria handitu behar dugu, eta horrek planifikazioak, jabetza publikoak eta langileen parte hartzea eskatzen du.
Garraioa da Euskal Herriko CO2 sortzailerik handiena: isurien eta energia kontsumoaren %35. Egungo azpiegitura politikak auto pribatuarekiko menpekotasuna indartzen du. Garraio publikoa ez da oraindik bideragarria eguneroko joan-etorri askotarako, eta enpresa eta erakunde publikoek ez dute betetzen lantokietara heltzeko planak egiteko duten betebeharra.
Industriak CO2 isurien %21 eta energia kontsumoaren %32 sortzen ditu. Enpresek deskarbonizazioaz hitz egiten dute diru laguntzak jasotzeko, baina eztabaidetatik baztertzen dituzte langileak eta sindikatuak. Automobilgintza sektorean enpresak plantillak murrizten ari dira, sektorea bere osotasunean nola berregituratu planifikatu gabe. Aldi berean, gero eta enpresa gehiagok egiten dute bat industria militarraren bultzadarekin.
Trantsizio energetikorako planifikaziorik ezak enpresa pribatuen eskuetan uzten du berriztagarrien ezarpena. Aldi berean, proiektu ugari ditugu behar dugunaren kontrako norabidean: Lamiakoko itsasadarren azpiko tunela, Loiuko aireportuaren handitzea eta Arasur datu zentroa, besteak beste.
EAEko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak (2024) ez du behar adinako helbururik ezarri, eta ez du mekanismorik langileek eraldaketa produktiboan modu eraginkorrean parte hartzeko. Nafarroakoa (2022) anbiziotsuagoa izan arren, gobernuak ez ditu betetzen epeak, araudiak eta definitutako planifikazioa. Nafarroako Gobernuak ez du garatu egiteko konpromisoa hartu zuen Bidezko Trantsiziorako Estrategia.
Nafarroako Industria Legean (2025), LABen zuzenketa gehienak baztertu ziren. Zuzenketa horiek eraldaketen planifikazioa, proiektu industrialen jabetza publikoa eta deslokalizazioen aurkako legeria indartzea exijitzen zuten. Euskadi 2030 industria planak (2025) trantsizio energetikoaren diskurtsoa darabil betikorako: enpresak finantzatu, kontrol publikorik handitu gabe eta enpleguaren etorkizuna bermatu gabe. Bi kasuak aukera galdua dira trantsizio energetikorako.
Sindikatuon zeregina da Euskal Herriko ekoizpen eta kontsumo sistemaren eraldaketaren aldeko lehia. LABen lanean ari gara negoziazio kolektiboa deskarbonizazio planetara eramateko, automobilgintzan aurreikusitako eraldaketen gaineko informazioa exijitzeko, auto pribatuarekiko menpekotasuna murriztuko duten mugikortasun planak eskatzeko eta hitzarmen kolektiboetan eduki ekosozialetan aurrera egiteko. Bide hori lantokietako atal sindikalen parte hartzearekin, lanarekin eta mobilizazioarekin soilik egin daiteke.
Aspaldi utzi zion klima aldaketak urruneko arrisku izateari, eta duela urtebete Valentzian izandako tanta hotzak erakutsi zigun muturreko hondamendien aurreko erantzuna ere borroka sindikalerako eremua dela. Aurreikuspenen arabera, Euskal Herrian muturreko gertakari klimatikoak izango ditugu, hala nola uholdeak eta bero boladak. Sindikalismoak ezkutu klimatikoa izan behar du: prebentzio planak eguneratzeko eskatu, eta produkzioa gelditzeko eta lanpostua uzteko eskubidea baliatu.
Sinesgarritasun gero eta txikiagoa duten klimaren goi bileren eta gero eta handiagoa den larrialdiaren aurrean, tokian-tokian nazioarte mailan partekatutako estrategiak artikulatzen jarraitu nahi dugu. Modu ofentsiboan eta defentsiboan. Lantokietan, kaleetan eta erakundeetan. Patronalari aurre eginez eta langile klasearen enplegurako eskubidea defendatuz.