Musika ere izan daiteke hizkuntza baterako sarbidea. Baina zenbat aldiz ematen digute aukera ate hori gurutzatzeko? Txikitatik liluratu nau musika katalanak. Denborarekin, Herrialde Katalanetan bizi izandako lagunekin abestiak eta taldeak trukatuz joan naiz, haurrek kromoak bezala! Baina, zirkulu horietatik kanpo, zenbateraino iristen zaizkigu ingelesa, gaztelania eta frantsesa ez diren inguruko hizkuntzetako musika horiek? Gustu kontu hutsa ote, ala norbaitek gure eskura jartzen duenaren arabera entzuten dugu neurri handi batean?
Oques Grasses taldeak agur esan zion duela astebete oholtzari hamalau urteko ibilbidearen ondoren, eta zuzenean bizitzeko zortea izan dut. Bartzelonako Estadi OlĂmpic lau kontzertutan bete zuten, guztira 220.000 pertsona. Pentsa, Coldplay talde britainiarraren pareko datuak, 2023an estadio berean antzeko publikoa bildu baitzuen. Baina alde nabarmen bat egon da: oraingoan, estadio osoak katalanez abestu du. Nire algoritmoak kontzertuko bideoak, kritikak eta abestien inguruko edukiak eskaintzen zizkidan bitartean, euskal prentsan ez nuen fenomeno horren aipamen bakar bat ere aurkitu. Nola igaro da hain oharkabean hemen, ehunka kilometrora ditugun kultura ahizpak izanik? Zer ari gara galtzen inguruko hizkuntza gutxituei beren ahotsa entzunarazteko ateak irekitzen ez badizkiegu?
Eta Oques Grassesek ez du historia egin oholtza gainean bakarrik. Urriaren 12an, beste hizkuntza batzuen oihartzunak nagusi diren egunean, Sort de tu eta La gent que estimo abestiak Apple Music Espainiako Top 100 zerrendan sartu ziren, gaztelaniazko eta ingelesezko abestiak nagusi diren zerrendan. Baina aste horretan beste agur jendetsu bat ere izan zen: La Gossa Sorda talde valentziarrak 20.000 lagun inguru bildu zituen Pegon, jaioterrian, emandako azken kontzertuan, eta 200.000 baino gehiago azken biran. Hogeita hamar urteko ibilbidean, jotzen ia ez zekiten lagun talde gisa hasi ziren, valentzieraz abesteko hautuari eutsiz.
Gaztelania, frantsesa eta ingelesa ez ezik, ezagutzeko moduko inguruko hizkuntzen errepertorio oso bat ere badugu ezagutzeko. Baina aukeratu ahal izateko, lehenik eskura izan behar dugu
«Non hai fronteiras» aldarrikatuz, Tanxugueirasek galiziera Eurovisioneko atarira eraman zuen. Eta hor ez da amaitzen: 9Louro, Lg1do edo Xmaseda65 bezalako artistek galegoa rapera, trapera eta reggaetonera eraman dute. Elkarlanean aritzen dira, eta ikasgelan ikasitako galiziera arautua baino ezagutzen ez duten belaunaldi berriekin konektatzen dute. Eta Asturiasen, Rodrigo Cuevas bere lurraldetik harago egin da ezagun, musika tradizionala eta elektronika uztartuz. Bere burua «agitador cultural» izendatzen du, eta ezin hobeto definitzen du bere jarduna. Batek baino gehiagok sumatuko zuen paradoxa: eszena musikal horiek kontzertuak betetzen eta entzule gehiago batzen dituzten arren, haien hizkuntzek egoera hauskorrean jarraitzen dute. Jakina, kantak entzuteak ez du bermatzen hizkuntza gehiago erabiliko denik, baina Tribuaren berbak saioan musikaren bidez euskarara hurbildu den jende asko ezagutu dugu. Musikak jakin-mina piztu, erreferenteak sortu eta hizkuntza ikasteko edo erabiltzeko gogoa eragin dezake. Orduan, zergatik dira hain urriak talde hauek gure eguneroko soinu-bandan?Â
Kataluniak irratian entzuten den horretan ere esku hartzea erabaki du: 2026tik aurrera, musika irratiek eskainitako musikaren %25 katalanez programatu behar dute gutxienez. Neurriaren helburua argia da: hizkuntza bat eguneroko bizitzan egotea nahi badugu, irratian ere egon behar du. Euskal Herrian, euskarazko musikak dagoeneko leku garrantzitsua duen honetan, zergatik ez baliatu gure irratiak ondoko hizkuntzei ere uhinak irekitzeko?
Zetak-ek Oques Grassesekin egindako elkarlana, Hitzeman, Top Gaztearen gorenera iritsi zen, eta bederatzi astez mantendu zen bertan. Bi hizkuntza gutxitu elkartzen direnean sor daitekeenaren erakusgarri da. Baina ez genuke elkarlan baten beharrik izan behar katalanezko, galegozko, asturierazko, okzitanierazko edo, esaterako, bretoierazko musika ezagutzeko. Kanta hauek berez merezi dute entzutea, ez bitxikeria gisa.
Gaztelania, frantsesa eta ingelesa ez ezik, ezagutzeko moduko inguruko hizkuntzen errepertorio oso bat ere badugu ezagutzeko. Baina aukeratu ahal izateko, lehenik eskura izan behar dugu. Zabal ditzagun, beraz, gure erreprodukzio-zerrendak, irratiak eta belarriak.