Tortura berriro ere

2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Joan den astean, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak irizpen garrantzitsu bat plazaratu zuen, Maria Atxabal euskal herritarrak aurkeztutako tortura-salaketa dela-eta. Biktima 1996ko ekainean atxilotu zuten. Guardia Zibilaren esku egon zen inkomunikaturik, talde armatuaren laguntzaile izatea leporatuta. Gerora absolbitu egin zuten. Hiru egunez egon zen atxilotuta, eta, salatu zuenez, denbora horretan galdeketa saio luzeak egin zizkioten, abokaturik gabe, biluzik eta burua estalita. Galdeketetan kolpeak ematen zizkioten, eta bera eta bere alaba bortxatuko zituztela esaten zioten. Sinetsarazi zioten alaba eta senarra ere atxilotu zituztela. Bilboko auzitegien txostenak azaldu zuen atxiloketan bizi izandakoaren ondorioz salatzaileak «trauma osteko estres sekundarioagatik nahasmendua» zeukala, «tratu anker eta gaiztoa» jaso zuelako. Aztarnak betiko geratu zaizkio.

Estatuaren alegazioak eta aurkeztutako frogak aztertu ondoren, batzordeak adierazi du biktimaren kontakizuna koherentea eta xehea dela eta dauzkan kalteek zuzeneko zerikusia dutela jasotako tratuarekin. Horregatik ulertzen du, atxilotutako pertsonak inkomunikazioan zaurgarritasun egoera nabarian daudenez gero, «egitatezko presuntzio garrantzitsua» zegoela eta estatuak ez duela aurkakorik frogatu. Batzordearen ondorioa itzela da: egitateek erakusten dute herritar honi torturarik ez pairatzeko eskubidea urratu diotela.

Eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean jasotako eskubideak zaintzeko daukan funtzioa betez egin du hori. Irizpenaren arabera, ordea, legeak eginkizun berbera egozten dien mekanismo administrazio eta jurisdikzionalek ez zituzten funtzio horiek bete. Izan ere, salaketa behar bezala ikertu gabe artxibatu zen. Ikerketa hori Bilboko Udaleko osoko bilkurak, zenbait sindikatuk (ELA, CCOO, LAB eta UGT), zenbait elkartek (Espetxeko Pastorala, Elkarri, Bakearen Aldeko Koordinakundea) eta gizarte ekimeneko beste erakunde batzuek (biktimak alor horretan lan egiten zuen, droga mendetasuna daukaten pertsonekin) eskatu zuten espresuki. Batzordeak horri buruz adierazi zuen estatuak ez ziola gertatutakoaren ikerketa inpartzial, eraginkor eta osoa eskaini andre horri, eta lehenbailehen egin behar duela. Gainera, arduradunak prozesatu eta zigortu behar ditu, eta egindako kaltearengatik ordaina eman, laguntza mediko espezializatuko neurriak barne.

Arartekoak, Giza Eskubideen urraketa guztien biktimekin daukan konpromisoa dela bide, Atxabal andreari elkartasuna eta errespetua adierazi nahi dio publikoki, eta estatuak irizpen hau osorik eta eraginkortasunez betetzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Hemen agerian geratzen diren bi arazo larri ere azpimarratu nahi ditu, zeinak erakunde honek behin eta berriro salatu dituen: batetik, inkomunikazio erregimenak tortura eta tratu txarrak ahalbidetzen ditu, eta, horregatik, bertan behera utzi behar da. Eta, bestetik, Espainian, torturaren eta tratu txarren aurkako borrokak gabezia estruktural handiak dauzka, bai prebentzioan, bai ikerketan eta ordainean.

Horregatik, erakunde honek gai honetan behin eta berriro egin dituen gomendioak oso-osorik aplikatzeko exijitzen dugu. Orain aste gutxi Europako Kontseiluko Tortura Prebenitzeko Batzordeak azpimarratu zuen: inkomunikazioa bertan behera uztea, eta, hori gertatu arte, proaktibotasun handiagoa inkomunikatzen diren pertsonen eskubideak modu eraginkorrean bermatzeko, bai atxiloketan kontrol judiziala eginez, bai auzitegietako medikuen azterketetan; azken gai horretan, Lege Medikuntzako Euskal Erakundea oso kontuan izan beharreko adibidea da. Tortura eta tratu txarren salaketak zorrotz eta modu independentean ikertu behar dituzte polizia-erakundeek. Babes-neurri bereziak: adibidez, atxilotutako pertsona non dagoen jakinaraztea familiari, bere konfiantzazko medikuen bisitaldiak jasotzeko aukera ematea, atxiloketaren unean bertan eta galdeketa orotan abokatu baten laguntza jasotzea eta poliziaren esku dagoen denbora osoan irudia eta soinua grabatzea. Grabaketek epaileen eta auziko alderdien esku egon behar dute balizko erantzukizunak iraungi arte.

Azkenik, hilabete honetan Torturaren Biktimak Babesteko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Aukera paregabea da hau euskal botere publikoek errealitate honen aurrean jarrera aktiboa izan dezaten, zeina NBEk berak irizpen honen bidez adierazi duen: pertsona bat torturaren biktima bihurtzen duena tortura pairatzea da, testuingurua gorabehera; diktadura bat izan edo, hemen gertatu den bezala, zuzenbide-estatu baten terrorismoaren aurkako borroka izan berdin da. Beraz, beharrezkoa da giza eskubideen urraketa hauek hala izendatzen dituen araudiak sortzea. Horrela, bizikidetzaren eta bakearen oinarriak sendotu nahi ditugu, ez bakarrik oroimenean eta ordainean, baizik eta torturaren zigorgabetasuna gainditzean ere bai. Hori ezinbestekoa da, bestalde, honelako kasurik berriro gerta ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.