Bilbon hainbeste hotel eta kideko establezimendu daudela ikusita, uste nuen jada ezinezkoa zela gehiago irekitzea. Ondikoz, oker nenbilen. Hiribilduan iragarri diren azken bi egitasmo turistikoek gorputzeko ile guztiak laztu dizkidate, ezin arbuiagarriagoak baitira: bata, Mazarredo Zumarkaleko eraikin historiko batean proiektatu dutena; bestea, orain arte Correosen egoitza probintzial izandakoan gauzatu nahi dutena. Barkamenik gabekoak biak.
Mazarredo Zumarkalekoaz jardungo dut lehenik. Eraikina Albia lorategiaren parean dago, aipatutako kaleak eta Colon de Larreategik elkar ebakitzen duten tokian, are zehatzago. Bertan, zortziehun langilek baino gehixeagok dihardute beharrean, 240 bat bulegotan. Eraikinak zahar-egoitza bat ere hartzen du. Dena normal zihoan, harik eta esamesak hedatu ziren arte. Maizterren belarrietara inbertsio-funts batek eraikina erosi nahi zuen zurrumurrua ailegatu zen. Zirudienez, funtsak hotel bat ireki nahi zuen eta, horretarako, beren lantokietatik iraitzi nahi zituen.
Orain, zurrumurru haiek errealitate bihurtu dira. Mazarredoko 6. zenbakiko beharginek, eta bertako zahar-egoitzan bizi direnek, azaroaren 1a baino lehenago utzi beharko dituzte euren despatxu eta logelak. Dagoeneko hotelez eta turistentzako establezimenduz josita dagoen auzo batean, inolako errukirik gabe kaleratuko dituzte zortziehun pertsona intera, turismoa garrantzitsuagoa delako estakuruan. Dena, noski, Aburto alkatearen laguntza pasiboaren arrimuan. Berriro, gutxi batzuen onura ekonomikoa eta turisten erosotasuna, herritarren ongizatearen gainetik.
Bigarren kasua ere ez da auzi makala, gero. Aipatutako eraikinetik laurehun metro baino gutxiagora, Correosen Bizkaiko egoitza nagusia dago. Bertan ere, hotel bat zabaltzeko egitasmoa jarri dute abian arestian. Gerard Pique futbolari aberats okituak, bere jabetzapeko enpresa baten bidez, 1927an ekidatu zen egoitza historikoa erosi eta bost izarreko hotel bihurtu gura du. Bederen, Correosek Mazarredoko jabeek baino zentzu handiagoz jokatu du, eta ezezko biribila eman dio Barçako atzelari ohiaren proiektuari. Aburtoren jarrera betikoa izan da: isiltasuna.
Bi egoerak sano antzekoak dira. Bietan, administrazio publikoek pasibotasunez jardun dute, eta esku hartzeari uko egin diote, azpiegitura turistikoak gailen daitezen ekidin ordez. Bietan, hotel gehiago zabaldu nahi izan dituzte jadanik sobera turistifikatuta dauden guneetan. Azken datuen arabera, Bilbon 99 hotel daude. Establezimendu bat 3.515 biztanleko.
Ez dira materializatzeko bidean diren proiektu bakarrak. Bilboko Portuko Agintaritzaren antzinako egoitzan, Olabarri jauregia deritzonean, bost izarreko hotela ireki nahi du Luze taldeak. Eraikina Campo Volantin pasealeku ospetsuan dago. Handik paraje dagoen Epaltza kalean, 8. zenbakian hain zuzen ere, beste hotel bat zabaltzeko asmoa du One Shot kateak. Gazteleku auzoan egongo dira bi-biak, Bizkaiko hiriburuko auzorik turistifikatuenetakoan.
Tokiko ekintzaile txikiek ez dute aukerarik edukiko Mazarredoko eraikina, edo Olabarri jauregia, edo Epaltza kaleko 8. zenbakiko bulego-eraikina —eraberritua izan ondoren, noski— aprobetxatzeko. Betiko legez, gure hiri eta herriak muturreraino masifikatzen ari den turismo zoragarriak aurrea hartu dio hemengoon ongizateari lehentasunen zerrendan. Aburto jaunak argudiatuko du merkatu askearen ondorioak direla eta horretan administrazioak ez duela eskua sartu behar. Hots, sosak dituenak gura duena eros dezakeela, inporta gabe nori egiten dion kalte. Kapitalismo basatiaren ondoren latzak, EAJren bostaxolismo ezin estimatuzkoari esker.