Ikasle Abertzaleetako kidea

Unibertsitateko sarbide probari ez

Amaiur Ruiz
2025eko ekainaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eguerdiko txirrinak jo eta presaka abiatzen zara etxera, ikastetxeko pasilloetatik besteak saihestuz, ahalik eta azkarren bazkaldu ahal izateko. Ordu erdi labur batean bazkaldu eta, Redbull bat irentsi ostean, korrika zoaz liburutegira, besteak heldu aurretik, tokia izan dezazun.

Redbull zaporea ahoan, pultsua dardarka eta agenda irekitzen duzu. Une batean, batx2-F whatsapp taldetik zure klasekide batek Filosofiako apunteak eskatu dizkizu eta zuk ez diozu erantzun, ez eta erantzungo ere. Nola utziko dizkiozu zure apunteak beste inori? Nola erraztuko diozu zuk baino nota hobeagoa ateratzea beste inori?

Ekainak 3, 4 eta 5. Zure agendan, letra gorriz. Ekainak 3, 4 eta 5. Besteen agendetan ere, letra gorriz.

Hiru egun labur dirudite unibertsitatera sartzeko probek. Hiru egun labur, milaka ikasleon etorkizuna baldintzatzeko eta, bide batez, filtro soziala pasatzeko. Izan ere, ikasleok ditugun baliabide ekonomikoen arabera ere sailkatzen gaitu selektibitateak: esaterako, familia askok ezin izaten dituzte azterketak prestatzeko klase partikularrak ordaindu.

Gainera, unibertsitateko plazak mugatuak direla eta, ikasleok behartuta gaude elkarren aurka lehiatzera eta gure etorkizunean soilik pentsatzera. Sarbidea ez dagoelako guztiontzat bermatua, ez behintzat hezkuntza pribatua ordaindu ezin dugunontzat.

Eta ezin ahaztu azterketa egun hauek are arrotzagoak egiten zaizkien Ipar Euskal Herriko ikasleekin, zeinak baxoa euskaraz ezin duten egin, euskaraz ikasi eta bizi arren.

Azkenik, selektibitatearen eredu aldaketak eraginda, aurtengo kurtso osoan zehar galduta ibili gara, informaziorik gabe eta azterketa prestatzeko baliabiderik gabe. Eredu berri honek pentsamendu kritikoa sustatzeko eta konpetentzietan oinarritutako ebaluazioan aurrerapausoak emateko helburua duela saldu digute. Baina errealitatea bestelakoa da, gure etorkizunarekin jolasten ibili dira nahi bezala, ikasle langileon hitza eta interesak bazter utziz.

Ohartzerako azterketa gelan zaude; begiak altxatuz, albo bietara begira, argi ikusten duzu parez pare dauzkazunak zure ikaskideak direla eta zure egoera berean daudela. Eta konturatu zara, kontrakoa pentsatzera behartu bagaituzte ere, ez direla zure lehiakideak, burkide izan beharko genituzkeenak baizik.

Hezkuntza eredu indibidualista eta klasista honen aurrean ikasleon arteko batasuna sustatu behar dugu, eta selektibitatearen nahiz baxoaren aurka borroka egin. Bide horretan, Euskal Herriko campusetan mobilizatzera dei egin nahiko nuke. Filtro sozialerako mekanismoa direlako, lehiakortasuna eta indibidualismoa sustatzen dituztelako, eta lan kargaren eta presioaren ondorioz gure osasun mentalari kalte egiten diotelako: selektibitateari eta baxoari ez!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.