Urtarrilaren 1eko egunsentiaren bila

2015eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Atzokoa bezalako egun batean, duela bi hamarkada pasatxo, ustekabean, Mexiko urte berriari ongi etorria ematen ari zen bitartean, zapatistek indarrez hartu zituzten Chiapasko hiririk garrantzitsuenak: San Cristóbal de Las Casas, Altamirano, Las Margaritas, Ocosingo, Oxchuc, Huixtán eta Chanal. Izan ere, urtarrilaren 1ean NAFTA (Kanada, AEB eta Mexikoren arteko merkatu libreko ituna) abian jartzera zihoan, eta gisa horretan erakutsi zieten beheko eta ezkerreko jendeak lurraren koloreko herriek agintari ustelei euren mespretxua. Ordura arte mendebaldeko edo mendebaldarturiko herritarrentzat alfer eta ezjakin hutsak ziren haiek, historiaren gurpilari aurre hartu eta neoliberalismoaren estrategian pausu ezinbesteko bat zena salatu eta berau aldarazteko eginahaletan, gaur arte irauten duen erresistentziari eman zioten hasiera.

Urteotan ez dira gutxi aurpegia estalita emakume eta gizonek munduari irakatsitakoak, gurean ere haietako askok lekua behar lukete seguraski; herri boterea egunerokotasunean nola egiten duten bere, ama lurrarekiko harremana... Gaurkoan, baina, hitzarmen hark izaniko ondorioak aztertu, eta batez ere, honen aurrean emaniko erantzun eta sortu diren dinamikak azpimarratzea dagokit. Geu ere, AEB eta Europako Batasunaren artean TTIP deituriko itun baten ateetan gauden honetan, bateko eta besteko elite politiko nahiz ekonomikoak ezkutuan negoziatzen ari direna egun.

Atzera eginaz, orduko propaganda kapitalistak mexikarrentzat lanpostuak sortu eta susperraldi ekonomikoa zekarrela bazion ere , errealitateak oso bestelako ikusmira etsigarria marraztu die: bi milioi nekazari gutxiago daude egun Mexikon, merkatu yankiak erabat irentsi du bertakoen bizimodua eta burujabetzaren ordez burua makurtu beharrean dira zoritxarrez, bigarren eta benetako independentzia baten faltan. Badira ordea, datu ekonomiko edo grafikoetan adierazten zailagoak diren galera kontaezinak; miseriara kondenaturiko ezkutuko biztanleena esaterako, kutsadura edo naturari eginiko hondamendiak, jatorrizko herrien aurka egindako sarraskiak... Izan ere, neoliberalismoaren ibilbidean, finantza arloak eta transnazional handienak botere ekonomiko zein politikoa bereganatzen joan dira. Honela, merkatuak bateratzeaz gain, langileon, herrion edo norbanakoon eskubideei bizkar emanez, are indartsuago, ahalguztidunago bilakatu dira inperialismoaren munstro hauek. Besteak beste, honetara dator TTIPa bera ere gurera, geratzen zaizkigun eskubide apurrak lapurtzera, langileon duintasuna ukatzera, osasun, elikagai edo ama lurra babesteko legeak ezeztatzera, zapatistek dioten bezala, guztia gutxi batzuentzat baino ez dadin izan.

Altxamendu hark ordea borroka ziklo berri baten hasiera ekarri zuen AbyaYalan , haien atzetik kitxua, aimara edo maputxeek ere gogor ekin baitzioten. Hain gutxik espero genuen Venezuelan, berriz, iraultza bati eman zioten hasiera, egun, prozesu bolivartarra bezala ezagutzen duguna eta ordutik, XXI. mendeko izurriterik osasuntsuena bailitzan, beste hainbat herrietara hedatua. Bide honetan, ALBA bezalako proiektuen bitartez, batasun hori praktikan irudikatzea lortu dute. Horra hor herri burujabeek inperialismoari emaniko erantzun paregabea, elkartasunean eta herriaren beharretara egokitutako alternatibei bultzada emanez, eta ateak itxiz mendekotasunean eta zapalketan oinarrituriko hitzarmenei, men eginiko hitzari alegia. Horra, gure itsasoaren bestaldeko lagunek eskainitako irakaspen paregabea, atzeko patio zena munduaren erakusleiho bilakatzeraino.

Eta geu ere, berandu baino lehen, herri burujabeen oihala josten hasi beharrean gaude, gisa honetako itunei hortzak erakustearekin batera. Erantzun dinamiketan itsutu baino, inperialismoak egiten duen bezala, eta honetan badugu zer ikasia, epe luzera pentsatu, hausnartu eta sendotasunez bidea egiten hasi beharra daukagu, betiere, EB edo AEBen zapalkuntza markoetatik kanpo. Honela, gutxiengoei mesede egiten dieten itunak lurperatu, eta gehiengoentzat borroka egitea da gure eginbeharra, gobernu onak herri langileen mesedetara jarriz, aginteak, legeak eta baliabideak herritik eta herriarentzat bideratuz. Eta horretarako, irudika ditzagun kaleak biharko aldaketen eztabaida leku, inoren zain egon gabe, nor garela aldarrikatuz, guztia dugulako egiteko. Gure bidea ez baita neoliberalismoaren aurkako borroka soila, jakitun gara arazoa sistema kapitalista bera dela.

Eta modu honetan, erasoaldi ikaragarri honen aurrean, internazionalismoa bezalako hitzok ezinbesteko esanahia hartzen dute. Honela, herri langileon burujabetza aldarrikatzearekin batera, TTIPa eta gisa honetako eraso bidegabeei batera erantzunez, guztion arteko batasuna auzolanean eraikitzeko beharrizan historikoa dugu.

Ez dira hauek, baina, ameskeria utopia zaleak, azken batean zer da bada eskatzen duguna, geuk ere Irati basoaren bi aldeko euskaldunok, gainerako herri langile eta zapalduen antzera? Teilatu bat, lurra, lana, ogia, osasuna, hezkuntza, independentzia, askatasuna, justizia eta bakea. Hauexek ziren 1994ko egunsentiko zapatisten banderak, hauexek dira egun gure eskaerak ere 500 urteetako gau luze honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.