Zapla eskola publikoari, Jaurlaritzak eskola pribatua blindatu du

2016ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Duela bi hilabete apenas egin zuen eztanda Gasteizko hezkuntza-segregazioaren eskandaluak. Guztiok genekiena Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak berak eskainitako kopuruetan geratu zen islaturik: Gasteizko eskola publikoak atzerriko ikasleen %95 hartzen ditu, eta kontzertatuak, %5.

Ez da fenomeno berri bat, azken urteotan larritu den arren. Eta ez da soilik Gasteizen gertatzen ari. Euskal Autonomi Erkidegoko udalerri asko egoera berean daude, eta bertako hezkuntza-komunitateak biziki arduratuta daude euskal hezkuntza sistemaren jitea dela eta.

Gasteizko eskola publikoa jaiki, eta dibertsitatearen eta kulturartekotasunaren aldeko manifestu bat sinatu zuten haur eta lehen hezkuntzako eskoletako gurasoen elkarte guzti-guztiek, Hezkuntza Saila bi ibilbideko sistema bat bultzatzen ari dela salatuz: bata, publikoa, pobreentzako (hortxe dago biztanleria immigrante ia guztia, nahiz eta ez soilik), eta bestea, kontzertatua, gainontzekoentzako. Kontua da herritar guztiok gure zergekin ari garela ordaintzen bata eta bestea, baina ikasleei zentro kontzertatuetan ezartzen zaizkien kuotek errenta txikiko familiak eskola horietatik kanpo uztea baimentzen dutela.

Justiziaren eta berdintasunaren aldeko manifestu horrek, hezkuntza publikoak mota guztietako familiak (gizarte klase guztietakoak) hartzeko bokazioa duela eta euskal hezkuntza sistemaren bizkar hezurra dela gogorarazten digunak, EHUko Gasteizko Irakasle Eskolaren, Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoen Zuzendarien Elkartearen (SAREAN), sindikatu guztien eta elkarte pilo baten atxikimendua jaso zuen, tartean etorkinen elkarte zenbaitena. Gainera, bi hilabete hauetan zehar manifestuaren talde bultzatzailea legebiltzarreko eta Gasteizko udaleko talde politiko guztiekin bildu da, eta guztiek, baita Hezkuntza Saileko egungo arduradun EAJk ere, arazo bat dagoela onartu dute, eta neurriak hartu beharra dagoela. Are Hezkuntza Sailak onartu du hori, Manifestuaren Batzorde Dinamizatzailearen partaideekin izan dituen bilera bietan.

Neurriak hartu behar dira, zalantzarik ez, eta bizkor gainera. Horrelaxe ulertu du Eusko Legebiltzarrak, Legez Besteko Proposamen bat onartuz eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eskatuz, besteak beste, abian jartzeko euskal eskola publikoarentzako presazko plan estrategiko berezi bat. Ildo berean, Gasteizko udalbatzak aho batez onartu berri du eskola-segregazioa salatzen duen mozio bat, hiriburuko baliabide gutxieneko eskola publikoen baldintzak hobetu aldera neurriak hartzeko eskatzen duena orobat. Izan ere, manifestuan, Interneteko www.manifiestogasteiz.com atarian kontsultatu daitekeena, interes handiko proposamen sorta aurkezten da, egoeraren konplexutasunari aurre egiteko helburuarekin. Horietako bat, hain zuzen, izango litzateke baliabide gehiago esleitzea erronka sozialei erantzukizun handiagoz aurre egiten dieten ikastetxeei, eta gutxiago, ordea, halakorik egiten ez dutenei. Eta, ondorioz, ikastetxe pribatuen kontzertuak erronka horiei ematen dieten erantzunarekin eta beren jarrera ez-baztertzailearekin lotuta egotea, hala aniztasunarekiko, oro har, nola, bereziki, errenta txikieneko familiekiko.

Zer ulertu zuten Hezkuntza sailburuak eta bere ekipoak hori guztia azaldu genienean? Antza denez, atera zuten ondorioa izan zen kontzertatuak lehenbailehen blindatu beharra zegoela, badaezpada, horixe baita Eusko Jaurlaritzak egin berri duena. Eta ez lau urterako, orain arte bezala, baizik eta seirako, LOMCEk jasotzen duen aldaketa bat, Cristina Uriarteren sailak baliatu eta estrategikoki erabili duena. Berdin dio atzetik nor datorren: kontzertua hertsiki lotuta geratu da jadanik.

Eusko Jaurlaritzak dio «ekitatea» eta «sareen arteko oreka» dagoela, biek ala biek ikasle kopuru bera dutelako. Zinez bitxia kontzeptu horiek ulertzeko modua, horren garrantzitsuak izanik hezkuntza munduan. Ez baitio inolako aipurik egiten benetako orekari, ezta benetako berdintasunari ere, eta ez baitu iruzkinik egiten eskola pribatuari dirua emateko baldintzen irizpideei buruz, hala nola aniztasunari aurre egiteko eta mota guztietako ikasleak hartzeko betebeharra. Kontzertuak sei urtez berritzen ditu irizpide soilik matematikoak kontuan hartuz, ikasleen kopuruen banaketa alegia, baina eskolaren gizarte-funtzioa albo batera utziz, arlo horretan inolako baldintzarik ipini gabe.

Denon Eskolako Manifestuaren Batzorde Dinamizatzaileak salatu nahi du Eusko Jaurlaritza, berriz ere, LOMCEz baliatzen dela, hots, arbuiatzen omen duen eta ezartzen omen ez duen hezkuntza erreforma horretaz, irakaskuntza pribatuaren aldeko politikak bultzatzeko, hezkuntza publikoaren aldeko ahaleginak eta baliabideak indartu beharrean. Guk, bada, arlo publikoaren defentsaren balioen alde lan egiten jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.