Langabetua

Zazpi urte Palestinaren aurka

Julen Mendizabal Elezkano
2026ko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela ia bi hamarkada lau euskal militante Palestinatik Euskal Herrira itzultzean, pentsatze hutsak ikara ematen duen hipotesiarekin itzuli ginen: «Agian 25 urte barru Palestinan ez da gehiago palestinarrik izango». Jakina, Palestinar erresistentziari esker izango ez balitz, eguneroko txinaurri lanean adorez beteriko palestinarrik izango ez balitz, aspaldi lortua luke Entitate Sionistak bere helburua.

Soilik hilabete batez orduko Palestinaren zapalkuntza ikaragarriaren eta erresistentzia zilegiaren lekuko izan ondoren, ez genekiena zen, ezin genuena ezta imajinatu ere egin da Palestinaren aurkako garbiketa etnikoak eta genozidioak Euskal Herriko hainbat enpresa eta kooperatibaren kolaborazio zuzena izango zuela.

Kolaborazio zuzena, bai. Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzarrak zera leporatu die CAFi eta lankide duen Saphir enpresa israeldarrari: baga, kolonia sionistak eta apartheidaren horma eraikitzea eta handitzea errazten duten ekipoak eta materialak hornitzea, baita horiekin lotutako azpiegiturak ere; biga, kolonia sionisten existentzia ahalbideratzen duten zerbitzuak eta hornidurak ematea, garraioa barne; eta higa, palestinarren baliabide naturalak, ura eta lurra bereziki, negozio helburuetarako erabiltzea. CAFek, beraz, zazpi urte daramatza hiru modu ezberdinetan Palestinaren eta palestinarren eskubideak diru truke zapaltzen.

CAFeko langile askok, tartean LABeko eta ELAko sindikalistak, orotara akzioen %25 dituzte; Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak, %13; Kutxabankek, %10; Daniel Bravo Andreu fundazioak, %5; Indumenta Pueri SMk, %5; eta Finantzen Euskal Institutuak (Eusko Jaurlaritza), %3. Hainbat iturriren arabera, etxebizitza sindikatuetan borrokan ari diren euskal militanteentzako aski ezagunak diren Goldman Sachs, JP Morgan, Vanguard eta BlackRock putre funtsak ere CAFeko akziodunak dira. Vanguardek eta BlackRockek, gainera, Entitate genozida zuzenean finantzatzen dute. Nazio Batuek CAFen aurka egindako salaketa ezin larriagoek enpresa horren zuzendaritza eta haren akziodun guztiak zuzenki interpelatzen ditu, zazpi urtez Palestinaren eta palestinarren giza eskubideen zapalkuntzarekin negozioa egitea leporatu dietelako, baita, aipatu bezala, LABeko eta ELAko sindikalista-akziodunak ere.

Harrigarriki, CAFeko langileek ez dute zazpi urtean auzi hau dela-eta greba egun bakarra egin, nahiz eta CAFeko langileak diren, beste edozein euskal langile baino askoz ere gehiago, genozidekiko lankidetza hau amaitu eta Palestinako herriari erreparazioa ematera behartu dezaketenak

Giza Eskubideen Batzordearen ebazpen honi, teknikari ezezagunek idatzitako txostenekin erantzun zion Beasaingo enpresak. Palestinaren zatiketan eta okupazioan ardurak dituzten Nazio Batuek CAFen trena 2018tik legez kanpokotzat jo arren, enpresaren zuzendaritzak Jerusalemgo (Al Quds) tren arinen negozio ankerrei beste 25 urtez eutsiko diela adierazi du. Idatzi berean, bere tren arinek Palestinako «komunitate zaurgarrienei mesede berezia» egiten diela azpimarratu zuen. Probokazio hutsa.

CAFen tren arina Netanyahuk berak inauguratu zuen. Bertan zen palestinarrak gosez erail behar direla defendatzen duen Smotrich buruzagi sionista ere, CAFen lanen inaugurazioak sortutako zoriontasuna sare sozialen bitartez zabaltzen, beste behin ere garbi utzita CAF sionisten pieza bat dela Jerusalem (Al Quds) etnikoki garbitzeko. CAFek mesede berezia, beraz, genozidei egiten die.

Egoera ospel honetan, Jaurlaritzak babes politikoa eta ekonomikoa berretsi dio CAFi, eta bide batez Netanyahu, Smotrich eta gainerako genoziden planei. Horrela, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzarrari desobediente agertu zaigu Gasteizko gobernua. Pradales desobediente bai, Nazio Batuei.

Harrigarriki, CAFeko langileek ez dute zazpi urtean auzi hau dela-eta greba egun bakarra egin, nahiz eta CAFeko langileak diren, beste edozein euskal langile baino askoz ere gehiago, genozidekiko lankidetza hau amaitu eta Palestinako herriari erreparazioa ematera behartu dezaketenak. Noiz arte luzatuko da lotsakizun nazional hau? Noiz emango dute sindikalista-akziodunek grebetarako pausoa? Lemoiz gelditu genuen herria gara, borrokaren bidean dozenaka mila euskal herritarren eskuak zabalik aurkituko dituzue. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA