Gizarte Antropologoa

Zer da Ekoland? Ez da eko eta ez da land

Mirari Garmendia
2025eko urriaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitz hauekin, Hernaniko Udalak inposatu nahi duen proiektu baten berri eman nahi dizuet. Argudio desberdinak helaraziko dizkizuet auzokide bezala sortzen didan ezinegona adierazteko.

Jauregi bailaran, mendi artean, leku berde eta lasaian, Galarreta frontoitik gertu dagoen lur eremuan, Anoeta futbol zelaiaren tamaina izango duen lur kutsatu (ez toxikoen) biodigestiorako eraikin erraldoi bat jarri nahi du Hernaniko Udalak. Biodigestioaren oinarria kutsatutako lurrak mikroorganismo desberdinen bitartez garbitzean datza. Dena oso ecofriendly, organiko, ekologiko eta bio.

Horrela bada, zergatik kezkatzen gara auzokideak?

Alde batetik, gurekin harremanetan jarri orduko denbora itzela zeramalako udalak enpresa pribatu batekin tratutan.

Bestalde, makroproiektu hauen inguruan eskarmentu handia dugulako Euskal Herritik atera gabe, eta beti, ekologia, ingurumena, jendartearen ongizatea eta horrelako mozorroak jartzen dizkietelako azkenean etekin ekonomikoa (batez ere) duten proiektuei. Zaldibar, eta Zubietako erraustegia, besteak beste.

Lurrak beste leku batetik ekarriko dituztelako eta ez digutelako ziurtatzen gerora begira nondik ateratakoak izango diren. Ez eta zer kutsadura izango duten ere zehatz-mehatz. Ezta zeinek gainbegiratuko duen edota toxikoak izango diren ere.

Hitzen galbideratzean eskarmentu handia dugulako eta kutsatu eta ez toxikoen arteko distantzia ekologikoa semantikoa bezain fina bada, gureak egingo duelako!

Kamioiek sortzen duten kutsadura etengabea izango delako, zarata, hautsa, keak, beti aurrera eta atzera lurrak ekarri eta bueltan eraman, berriz ekartzeko. Ez bakarrik eraikuntza altxatzen duten bitartean, bere izanaren funtsa kamioiek garraiatuko duten lur horretan dagoelako.

Udalaren ustez, Jauregi bailarako auzotarrok beraiekin hitz egin ahal izateko bideak ditugu, eta noski, udala beti egon da auzokideekin elkartzeko prest, hori ezin ukatu. Eskatu zaienean, aukera eman digute, egin dugu, egia da. Lanpostuak ere sortuko omen dira. 20 edo. Hala ere, guregatik ez dezatela egin behintzat!

Beste era batera esanda: Ekoland? Ez, eskerrik asko.

Gauzak honela, auzokideok proiektuaren berri izan genuenetik (aurtengo martxoan gutxi gorabehera), dena arrapaladan joan da. Izan ere, pasa den irailaren 30ean, Hernaniko udaletxeko udalbatzan onartu zuen proiektua Podemosek soilik kontra bozkatu zuelarik.

Aitzitik, auzotarrok geureari ekin diogu: bildu gara, sortu dugu elkarte bat, pankartak jarri ditugu, udalbatzan azaldu ginen pankartekin desadostasuna berriz ere adieraztera, auzokide batek irakurri zuen alkate eta beste zinegotzien aurrean gure kezken eta proposamenen manifestua… Udalaren arabera, udalbatzak proiektua onartzea, baiezko hori ematea, urrats bat besterik ez omen da, etorriko omen dira alegazioen denborak…. Ez dago ezer itxita… baina dena ixten ari da.

Honen guztiaren ondorioz, esan dezakedana zera da: auzokideon borroka hau txikitasun eta ezintasunetik egiten ari garelako sentsazioa oso frustragarria dela. David eta Goliat-en beste adibide bat dakusat, hainbestetan bezala, gure herri honetan.

Beste datu bat gehitu nahi nuke: Hernaniko udaletxera pankartekin joan ginenean, Ekoland proiektuarekiko desadostasuna adierazteko, Jauregi bailarako auzotarrok, beraien desakordioa adierazi nahi zuen beste herritar talde batekin egin genuela topo. Kasu honetan, Kaxkoaren atzealdean aurrera eraman nahi den proiektuaren aurkakoak.

Ezinegonak aipatu ondoren, eta amaitze aldera, bada erro sakonagoak sumatzen hasita nagoen beste nahigabe bat. Tristeagoa da, eta zuekin partekatu nahi dut: udalak azken agintaldian hartu duen bidean oinarrituz, hainbestetan kontrakoak genituenen argudio berak erabiltzen hasiak direla konturatu naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.