Zinemetria

2016ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Mundo zoro, bidegabe eta desordenatu honetan gaitz postmodernoenen artean larrienetariko bat da lortuezina den perfekzioa eta zoriona eskuratzeko gure obsesioa. Emakume, ama, alaba, langile, kide, amorante, lagun edota auzotar onenak izan nahi dugu mundu akastun honetan. Perfekzioaren itsukeria aspaldiko gaitza dugu: dena «ereduekin» alderatu eta neurtzeko beharra gailentzen zaigu. (In)perfekzioaren bilaketa horretan, dena kuantifikatzeko eta zenbatzeko joera horretan, oldarkor bihurtzeraino tematu gaitezke. Pantometria deitzen zaio dena neurtu behar horri, inguratzen gaituen errealitatearen edozein alderdi zenbakiz ebaluatzeko premiari. Gizakiok «pantometra» eriak gara; estatistikek, grafikoek eta rankingek liluratzen eta zoratzen gaituzte, eta horiek «egiatzat» hartuta, gure mundu (in)perfektua eraikitzen eta idealizatzen dugu.

Zinema ere ez dago pantometria horretatik at. Zinemetria-n, adituz eta sasijakintsuz inguratuta gaude. Zinemaren historiako film onenak zenbat eta zeintzuk diren esaten digute, amaigabeak dira zuzendari onenen zerrendak, urte amaieran pelikula onenen rankingak ere ez dira gutxi... Gehienetan, tipikoegiak diren topikoz jositako irizpideen arabera osatutako zerrenda eta ranking amaigabe eta zentzubakoak dira. Neurtu daitekeen artea dugu zinema? Neurtzearekin batera, sailkatzeko eta ebaluatzeko obsesio konpultsiboa ere badugu.

Duela bi aste jakinarazi zuten aurtengo KIMUAK katalogoan parte hartuko duten film laburren zerrenda. 63 film laburretatik 7 aukeratu dituzte, gure zinemaren «errepresentagarrienak» direnak, antza. Denak ikusteko irrikan gauden une honetan, Kimuak programak egiten duen zinemetria ariketaz ere hausnartzeko parada dugu oraingoan.

Aukeratuak txoratzen egongo dira, jakina —katalogoan egoteak hamaika onura baitakartza—, eta hautatu ez dituztenak —edo aukeratutako zerrendarekin bat ez datozenak— ez hain pozik; zinema munduan pantometra patologiko ugarirekin topo egiten dugun modura, egolatra eta bekaizti ugari ere aurkitzen ditugu. Beti gertatzen zaigu, zinemaren diru-laguntzak banatzen direnean, zinema jaialdietan aukeratutako pelikulekin, pelikulen arrakasta eta sariekin... Norbera ez dagoenean, erabakiak hartzen dituztenei ideiarik ez dutela leporatzen diegu. Pozik edo haserre egoteko askatasun osoa dugu, nola ez, baina kontu batzuei erreparatu behar diegu.

Lehenengo eta behin: Kimuak bezalako ekimen bat izatea gurean goraipatzekoa da, ezbairik gabe. Instituzio publikoek film laburren aldeko apustua hainbeste urtetan egiten jarraitzea oso laudagarria da, nahiz eta batzuetan lan hauek Zinemaren senide txikitzat hartuak (eta, sarri, gutxietsiak) izan. Film laburren aldeko erronka honetan, aukeratutako filmak sustatu eta banatzeko konpromiso irmoa dute eta Kimuak zigilupean emaitza onak lortzen dira urtez urte.

Baina, Kimuak «kimu»-tik badator, Kimuak katalogoak zenbat du kimutik? Hain zuzen, ekimenaren aurkezpenean adierazten den legez, Kimuak egitasmoak bere fruituak ematen ditu, eta kimu berriak gehitzen dizkio sendotzen eta gorpuzten ari den euskal sortzaile berriek ekoiztutako film laburrez osatutako sortari. Gaizkiulertua izenak berak sortzen du neurri batean, sarritan nahastu gaitu asko. Nork osatu beharko lukete zinemaren loraldi berria? Sortzaile gazteek soilik —zenbaitetan, hain desegokia den «amateur» kontzeptuarekin lotzen ditugunek— ala euskal sortzaile guztiek? Nori eman behar zaio aukera bere lanak mundu osoan barrena zabaltzeko, hasiberri bati edo jadanik karrera bat baduenari eta gainera katalogoan hainbat alditan parte hartu duenari? «Kafea denontzat»? Erantzuna ez da erraza, ez gaitezen inozoak izan, mesedez.

Bada ni bereziki arduratzen nauen beste kontu bat. Programaren irizpide nagusia lanaren «kalitatea» bada, eta ahalik eta ikusle gehienengana iristeko gaitasuna izatea, zertaz ari gara? Zinemaren kalitatezko «Q» hori zelan lortzen da? Eusko Labelik badago euskal zineman? Bai? Zein? Zer irizpideren arabera esaten dugu hain alaiki «funtzionatzen dutela», «kalitatezkoak direla», «onenak direla»? Erantzuna oraingoan ere ez da samurra. Sarritan kalitatearen aitzakiarekin, alderdi tekniko-teknologikoari bakarrik erreparatzen zaion susmoa dut, eta lan ausartak, originalak eta esperimentalagoak alboratu egiten direla. Nekatuta nago izugarrizko faktura duten film labur baina hutsaren hurrenak direnak ikusteaz, fotokopiaren fotokopia bailiran.

Eta erantzunik gabeko galdera sorta honetan, beste hau: jadanik literatura asko irakurri dugu Euskal zinema eta euskararen arteko harreman nekezaz. Euskal zinemak euskaraz izan behar du zuzendariak (eta ekoizleak) modu natural batean euskaraz pentsatu, sentitu eta sortzen duelako, bere bizitzan egiten duen legez, zinema ere horrela bizi duelako. Niri, baina, zer pentsatu handiena ematen dit, oraindik, euskaraz ez dakiten zuzendariek egindako euskarazko filmak badirela jakiteak. Kontu horren inguruko hausnarketa errazagoa eta nabarmenagoa da agian...

«Etorri eta kenduizkidazu dudak, biluztu nazazu...» esaten du Anariren kanta zoragarri batek. Zinemetria ariketa honetan, galderak eta dudak saihestezinak dira. Hala ere, inolako zalantzarik ez dugu esaten dugunean gure zinemak Kimuak bezalako ekimenak beharrezkoak dituela, lortzen diren emaitzak ikaragarriak direla, aurten euskararen eta emakumeen presentzia handitu dela, eta neurtze eta sailkatze obsesio honetan ospatu beharreko albistea dela hori. Eta, batez ere, ez dezagun ahaztu izen berriak agertu direla eta hori ere txalotzeko modukoa dela. Aukeratutako film laburrak ikusteko irrikan gauden honetan, zera espero dugu: munduan zehar ibiliko diren euskal film laburren aukeraketa zabala, aberatsa, heterogeneoa eta, zergatik ez, arriskutsua eta ausarta izatea. Kimuakeko film laburrek munduan barrena erakutsiko dute gure mundua, gizartea eta kultura zabaltzeko artea ere badela zinema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.