Edorta Jimenez.

‘So long!’

2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ottis Redding aireplano eroriei kantatzeko Blues Band badiako kaian bezalaxe eseri naiz ni dinamitaren antzinako nasa bietako batean goikoenean laster zerutik jausiko omen zaizkigun museo bien begira, esan nahi baita museoei itxaroten, cortaderia selloana landare ugariek su hartu dute ontziolaren ondoko orube lehortuan eta igarotzean trenak txistu egin dio adreiluzko tximinia luzeari ala aspaldi hona dinamitaz kargaturik etortzen ziren beste trenen minez omenez egin ote du, nork daki ez ote didan neuri egin txistu, kearen alkimistek beste txosten bat eman dute argitara negozioaren alde, besteok, Esparta, Liliput, higan bainatzen ditun krokodiloak ez dakigu ezer, museo bien arteko bide berdea egingo ei dute Gernikako behialako arma fabrika haren ondokotik hona, hala aldaketa klimatikoek nola azken modako antiparrek hori laru beilegi ikusarazten dizkiguten paisaia zaurituz, caminito verde, oi, Antonio Machín Ottis Redding baino hobe, ez dut uste. 

IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

Ezabatu den denborak, denborak bide berdean hitzetan estropezu eginez delirium nirean dinamitaren jesarrita nasa antzinakoan hamaika galdera numeriko egin diet inguruei, Blues Band halaxe, duela 8.000 ala 18.000 ala 28.000 bat urteko hotza sentitzen duzue, glaziazioarena mendiok tremens betean, hotz karstikoa, egun da Santimamiña, noiz moztu zizkieten Agedari bularrak, legendazkoa ote gure martiria, benetan egun samina nahiz eta 251tik honainoko uda beroena izan oraingo hau, 3.000 dituzte omen hango Maruelexakoek urte, erromatarrak agertu zirela 1.700, ogi errearen noiz usaina zen hasi aditzen Nagusi ei ziren Ahaide haien dorreetako lehena eraiki zen une berean, karrera ziklista nola iritsi zen Oiz mendira, aireplano hura noiz erori zen hartan, zenbat hildako inork al gogoan badu?, handik goitik izen siderala daukan Kosnoaga Lumokotik zelan zen sua ikusi Gernikakoa galdera numerikoa hau ere, 1937/04/26, klik!, hartan, galdera numerikoa baita ere behialako gabarroien, berba galdu gabarroi, gabarratzarra esateko erabilia, zenbat hitz trikuak dakizki ez du trenaren ziztua aditzen, errailen artean ez da holakorik hiltzen, ertzetako goizaldez bideak dituzte fumigatu ezker eta eskuin hip / hop glisofatoz, maskaraturik, gabarroien, ez ahaztu, azkena hor ostendu zen, basatzako hondoetan egin zen, ez zeukan izenik edo folio-zenbakirik, Llantada esaten zioten. Basa azpian ba, blues, blues ba, azken gabarroia, Santiago Aranarena.

Oka ibaia ez beza inork ok egin ok esan, esan ok, hau Oka ibaia da, da-di-da!, ezker ibarrean burdinazko itsasontzia ernaltzen ari da, beste hamaikaren hurrengoa horren sabela gasa hartzeko izanen omen da, izanen du ba sabela, Ageda gurea, gas egoera hiru egoera potentzialetako arinena, antzina inguruotan buztina, gorria eta urdina, gora tximinia, ontziolak dauka erditu beharra, hurrengo piztia bertan ernaltzen ari da, museoak jausiko zaizkio gainera, aitortzen dut izan zarela nire bizitzako onena, to love somebody, nor eta zeu izan zara, so long Oka!, zelan nahastu zaigun mundua, zelan burua, so long Ottis!, eutsi gogor Gernika, gogor Murueta, zor nizuen azkena, zelan nahastu zaigun mundua, so long, irakurle!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.