Haritz Larrageta

Gure bazterrak

2026ko abuztuaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal independentismoa berrikusi beharra dago. Euskal Herria ez da lehengoa; bistan da. Sabino Aranak, sator magiko berbadun baten laguntzaz, lurrazalera ateratzerik balu, bere bizkaitartasunari uko egingo lioke, segituan. Gehiegi aldatu da dena, eta ez naiz soziopolitikaz ari.

Azkenaldian, termometroetan 40ºC ikustera ohitzen hasiak gara, eta hori gure nortasuna traizionatzea da. Euskarak bezainbeste batzen gintuen klimak. Non daude udako gau freskoak? Zergatik ez da azken hilabeteotan jertse madarikatu bakar bat ere garbigailuan sartu? Lanbroek ezkutatzen zituzten bazterrak orain sugarrek dituzte jaten. Gaztainarik ezingo da erre gaztainondoak erretzen badira. Zertaz biziko da Olentzero neguak epelak badatoz eta barbakoak debekatzen badituzte? Zer egingo dugu belaunaldiz belaunaldi armairuan metatutako gore-tex guztiarekin? Laster gameluak ordeztuko du pottoka eta Negua joan da ta gustu txarreko abestia izango da. Somalia-Gasteiz: Yellow capital 2042.

Euskal Herria desagertzen ari da. Gu sortu ginen enbor kiskalitik ez da besterik sortuko. Zentzugabekeria izango litzateke frantziar eta espainiar estatuekin desertu bilakatuko den lurralde batengatik eztabaidatzen ibiltzea. Azkenean, akaso, oparituko ligukete. Baina, zertarako?

Independentismo klasikoak, etorkizunari begira, ez du zentzurik. Euskaldunen aberria beren bihotzetan baino ez dago. Eta bihotzean gordea eraman beharko dute, beste toki batera. Baina, nora? Badira, oraindik, Errusiako iparraldean adibidez, biztanlerik gabeko lurralde hotz asko. Herria gidatuko duen bultzadatxoa baino ez da behar. Euskaldunok hamarkadak daramatzagu, oharkabean, exodorako entrenatzen. Hori izan dira urteetan Saloura eta Landetara masan egin ditugun bidaiak: entrenamenduak; simulakroak. Orain, iparralderago eta urrutirago jo beharko dugu. Konkista dezagun el fin del mundo. Ziur errusiarrak ez direla ohartuko; badituzte bestelako kezkak. Pare bat hamarkada barru, lehen hemen genuen klima bera izango dugu han. Eta, ordura arte, beroki doblea eta listo.

Gauza hauek orain egin behar dira, zirt edo zart. Bestela, gainerakoei ere okurrituko zaie eta berandu izango da. Koordenatuak hauexek dira: 75.4256888806581, 99.88364425523183.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA