Haritz Larrageta

Ramon y Cajalen etxea defendatuko dut

2026ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriaren ingerada adierazten duten hainbat mapatan ez da Petilla Aragoi azaltzen. Paradoxikoa da hizkuntza eta herri txikiontzat errespetua eskatzea eta, aldi berean, Petilla ahaztea. Paradoxikoa eta lotsagarria.

Aragoiko eta Iruñeko Alfontso I.a zendu zenean, 1134. urtean, erresuma bietako nobleek haren ondorengotza birpentsatu zuten, bakoitzean errege bana ezarriz. Eta, nolabait, Aragoin geratu ziren Petilla eta bere gaztelua. Mendetxo bat aurrerago, Okzitaniako kanpaina militarrak finantzatzeko diruz larri zebilen Aragoiko Petri II.ak 20.000 urrezko txanpon eskatu zizkion Antso VII.ari eta, zorra kitatu aurretik hil zenez, Nafarroak garantia exekutatu eta Petilla berreskuratu zuen. Inork zalantzan jarri ez duen esklabearen nafartasuna argi dugularik, zentra gaitezen orain balizko etorkizunean.

Petillan, gaur egun, hogeita hamar bat pertsona erroldatuta dauden arren, han neguan direnak ez omen dira dozenara heltzen. Mikrobus bat betez gero erraz konkistatu daitekeen herria da, beraz. Kontuan izan behar dugu Aragoik XIV. mendetik Petilla bereganatzeko saiakera handirik egin ez izanak ez digula ezer bermatzen. Mundua aldatzen ari da eta urte gorabeheratsuak etor litezke. Trankil bizi gara gure burbuilan, baina hemen baino askoz gehiago ari dira inguruan hedatzen beste garai batekoak ziruditen diskurtsoak, eta, ohartzerako, etxeko atarian izango ditugu mamuak, ate joka. Aragoin dagoeneko lekukotu den ultraeskuinaren hedapenari aurre egiteko talaia da Petilla; askatasuna bilatzen ari den aragoiarrarentzako itsasargia.

«Baina ziur Petillan inor ez dela euskaldun sentitzen», esango du ezjakin arduragaberen batek. Gogora ekar dezagun duela hiru urteko espainiar estatuko hauteskunde orokorretan Iruñean ezker abertzaleak botoen % 17,7 erdietsi zituela, eta Petillan % 14,3. UPNk baino boto ziztrin bat gutxiago eta Voxek baino %50 gehiago. Bozkatuena PSN izan zen, bost botorekin.

Injustizia kartografikoa behingoz zuzendu beharra dago eta Petilla mapa guztietan jarri. Nik ez dut oraindik bisitatu, baina egunen batean joan nahi nuke. Eta, inoiz etsaien aurrean defendatu behar badugu, ni ere han izango naiz, atzeko partean edo. Oso atzean.

Plazera izan da zuekin abuztua pasatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA