Onintza Enbeita

Aberri Eguna

2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur Aberri Eguna da. Teorian, gaur da amesten dugun herria aldarrikatzeko eguna, bagarela sinisteko eta erakusteko momentua. Praktikan, bere burua abertzaletzat definitzen duen alderdi politiko bakoitzak bere eguna antolatu du, eta horren arabera sakabanatuko da ospatu gura duen jendea. Bakoitza botoa ematen dion alderdiak antolatzen duen Aberri Egunera joango da. Gure Aberriaren Eguna haien artean zerikusirik ez duten aberri egun askok osatzen dute. Ez dakit den arraroa edo tristea, baina hala da. Are gehiago: jende askok ez du Aberri Eguna ospatzeko beharrik ere. Opor garaia da. Azken urteetan konpromiso handia galdu dugu egun honekiko. Nahiago dugu Euskal Herritik ordubete edo bira egon kanpinean, lasai, tripaz gora etzanda, Aberriarena omen den eguna ospatzea baino. Esaten dit lagun ateo batek data txarra jarri zuela egun hau izendatu zuenak, Aste Santu betean. Ez ditut katalanak irudikatzen Diadaz gauza bera esaten. Ez dut uste badenik urriaren 12a data txarra dela esaten duen espainiar espainiarrik; nahiz eta urte batzuetan zubia tokatzen den.

Guk independentzia nahi dugu, baina gure moduan pentsatzen dutenekin bakarrik ospatzen dugu, badaezpada. Hori, ospatzen dugunok. Beste batzuek autokarabana amortizatu behar dute lehenengo, edo aspaldiko partez hartu dituzten opor egun txikiak gozatu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA