Onintza Enbeita

Aldagelak

2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kiroldegiko aldageletan askotariko jendea egoten da. Atzo goizeko bederatzietan jendez lepo zeuden igerilekukoak. Egunero joaten omen den andre talde handi bat bada ni bizi naizen herrian. Gu joaten garenean han daude beti, eta horregatik sinisten diet bestela ere han izaten direla. Ozen ari ziren hizketan atzo ere, besteok han ez bageunde bezala. Gaurko plana egiten ari ziren, baina batek esan zuen ordutegia murriztu dutela gaurko: «Paroa egingo dute», azaldu zien besteei. Besteek hainbat galdera egin zizkieten, eta leihatilakoek azaldutako guztia fin-fin errepikatu zien lagunei: goizean hiru orduz itxiko zuten kiroldegia, eta arratsaldean beste hiru orduz. Halako batean, «orain zer eskatzen dute, bada?», esan zuen batek galtzerdiak jantzi ahala. Ile-lehorgailua eta txankleten hara-honak entzuten ziren, baina erantzunik ez. Leihatilan galdetzeko astia hartu zuenak erantzun egin zion azkenean: «Palestinaren aldeko lanuztea da». Ez zuen zirkin handirik egin besteak: «A, bai, Palestina», esan zuen; «hemendik urruti ez al dago?».

Bistan dago funtzionarioen eskakizunak ez dituela zilegitzen «orain zer eskatzen dute, bada?» horrek, baina hori baino gehiago, neure buruari galdetu nion atzo mila bider ea jendea non bizi den, zer irakurtzen duen, zer ikusten duen. Ze nik ere nahiko nuke Palestina urrun dagoela pentsatu; eta ezin dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.